Aralar Natur Parkeko erabiltzaile guztientzat "zentzuzkoa eta legezkoa den kudeaketa jasangarrirako proposamen eraikitzaile bat" prestatu duela iragarri du Landarlanek. Proposamen hori Gipuzkoako Foru Aldundiari, Enirio-Aralar Mankomunitateari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari bidali die, baita alderdi politikoei ere. Sarean ere zabaldu dute 14 orri dituen txostena.
Landarlanetik honela kokatu dute txostena: "Proposamena ez da soilik ingurumenaren kontserbazioaren mesedetan eginikoa, baizik eta, bertan larratzeko eskubidea duten abeltzainen mesedetan eginikoa ere bada. Zinez sinesten dugu azken urteetan sortu den gatazka sozialari irtenbidea bilatzeko dokumentu egokia dela, honenbestez, Aralarren erabiltzaile guztientzako mesedegarria dela. Lan honetan egiten den proposamen bakoitza legez edo azterketen bidez justifikaturik dago, ez ditu besterik gabe Landarlanek sortu".
Proposamenak:
Aralarko egitura administratiboaren inguruko aldaketa/hobekuntza proposamenak
1. Natur Parkeko Zuzendari artatzaileak Parkearen kudeaketa eta administrazioan bete beharrak betetzea. Jakina da azken aldian Aralarren legez kanpoko zenbait ekintza egin direla (legez kanpoko pistak, ibilgailuak pistetatik kanpo, leizeetako hondakindegiak...), eta Natur Parkearen zuzendari artatzailearen aldetik ez da inolako mugimendurik sumatu.
2. Enirio Aralar Mankomunitatearen Lantaldea birplanteatu, lantalde anitza izan dadin. Aralarren inguruan dauden interes ezberdinak barne hartuko dituena eta legearen barnean dauden erabakiak hartuko dituena. Gaur egungo lantaldea, ia bere osotasunean abeltzainez osaturik dago.
3. Mankomunitatearen organigramaren birplanteamendua: Mankomunitateak Idazkari propioa, Teknikari Kualifikatua eta Basozainen kontratazioak oposaketa bidez.
4. Erakunde kudeatzaileak Larreen Antolamendu Plana (LAP) egin eta bertan ezarritako irizpideak jarraitu ditzala.
Basoen Kudeaketaren inguruko proposamenak
-
Mankomunitateko baso guztia Lareoko arroan dagoenez, kudeaketarako helburu nagusia kalitateko ura biltzea izango da.
-
Ustiaketara bideraturiko basoak horretarako egokiak diren lekuetara mugatzea.
-
Baso eremuentzat epe luzeko plangintza eta estrategiak finkatzea.
-
Hazkunde azkarreko espezieen landaketak murriztuz joan eta bertako baso potentzialari bide eman.
-
Baso kudeaketa planetan naturaren kontserbazioa funtsezko aldagaia izatea.
-
Baso kudeaketan aldaketa klimatikoan oinarritutako aldagaiak txertatzea.
-
Baso egitura eta prozesuen jarraipen sistematikoa egiteko beharrezko ikerketak garatzea.
Larreen kudeaketaren inguruko proposamenak
-
Enirio Aralar Mankomunitateko lurretara dauden sarrera guztiak itxi, eta soilik baimenduek (abeltzain profesionalek, basozainek eta momentuan momentuko baimenduek) ireki ahalko duten sartu-irten sistema bat ezarri: Horrela, aziendaren eta abeltzainen lasaitasuna eta ongizatea hobetzeaz gain, ibilgailuen joan etorria kontrolatu eta gutxituko da eta ondorioz natur inguruneak jasandako inpaktuak ere. Proposamen hau da hain justu prentsaurreko hau Errekabeltzen egitearen zergatia, Aralarrek duen sarrera hau itxi beharko zenetariko bat da.
-
Mankomunitateak eraiki dituen legez kanpoko bi pistak lurrez estali eta bertako landareak birlandatu: Baliabideen antolamendu planaren arabera “Mendi Babesle” bezala izendaturiko lur eremuetan egin dira bi pistak, eta eremu hauetan bideak egitea debekaturik egoteaz gain, higadura arriskua handiko guneak eta baso bilakatu beharreko eremuak dira.
-
“Mendi babesle” eta “babes barruti” diren guneetan bertako landarediari bide eman: Antolamendu planaren arabera, higadura ekiditeko landarediari bide eman behar zaio. Gaur egun, higadura areagotzen duten metodoak (“desbrozeak”) erabiltzen ari dira baso izateko eremuak larre izatera behartuz.
-
Aralarko txabolen berrantolaketa egin. Txabolen berrantolaketa ezinbestekotzat jotzen du Landarlanek, beti ere artzain profesionalen eta gazteenen etorkizuna bermatzeko, horretarako txabolaraino edo ia bertaraino pista duten bordetan, lehentasuna aipaturiko artzain hauek eduki beharko lukete.
-
Aralarko artzainen bizia eta Natur ingurunearen kudeaketa lanak errazteko garraio eta mantenu lanetarako lanpostuen sorrera, gutxienez 4 beharginentzako lanpostuak.
-
Aralarko ganadu kargaren eta larreen kalitatearen azterketa eta ganadu larriaren berehalako jaitsiera azterketan lorturiko balioetan finkatzeko. Gaur egun, eta azken azterketek adierazi duten moduan, Aralarko larreen aprobetxamendua %140an kokaturik dago, hau da, gaur egun dagoen ganadu karga ia erdira jaitsi beharko litzateke Aralarko larreak egoera onean mantendu nahi badira eta ondorioz bertako abeltzainen etorkizuna bermatu nahi bada.
Ingurumenaren zaintzarako proposamenak
1. Urtean Aralarko Leize edo koba baten garbiketa, hondakindegi bezala erabili ez daitezen.
Abeltzaintzari buruzko mahai ingurua
Maiatzaren 15ean, asteazkenean, Beasaingo Igartza Jauregian abeltzaintzari buruzko mahai ingurua antolatu du Landarlan Ingurumen Elkarteak, 19:00etan. Moderatzaile bezala Jokin Aldazabal ariko da, eta parte hartzaileak Josebe Blanco (Pikunietako artzaina), Jon Murgiondo (Etxezuriko abeltzaina), Jakoba Errekondo (ingeniari agronomoa) eta Aitziber Sarobe (biologian doktorea) izango dira. Bertara gonbidatu dituzte erakundeetako ordezkariak, alderdi politikoak, abeltzainak, zientzialariak, ekologistak, mendizaleak, herritarrak... Mahai inguruan abeltzaintzak azken aldian izan duen eboluzioa eta dituen erronkak aztertuko dituzte.