«Eskertzekoa da atletek egiten duten esfortzua»

Imanol Garcia Landa 2019ko mai. 8a, 11:57

Tolosa CF Atletismoa taldeko emakumeak hirugarren eta gizonak seigarren, Euskadiko Kluben Artekoa.

Ez zen erraza iazkoa errepikatzea, hau da, bai emakumezkoek zein gizonezkoek podiumera igotzea. Saiatu ziren, baina larunbatean jokatutako Euskaldiko Kluben Arteko Txapelketan, aire librean, Tolosa CF Atletismoa taldeak hirugarren postua lortu zuen emakumezkoetan eta seigarrena gizonezkoetan. «Pista estalian aurten lehen aldiz lortu genuen bi taldeak podiumean izatea eta gustatuko litzaiguke hori errepikatzea, baina lehiaketak ez du zerikusirik batak bestearekin, aire librean proba gehiago baitaude», esan du Lander Gilek, taldeko entrenatzaileetako batek eta atleta bezala parte hartu zuenak. «Bi taldeei eman behar zaizkie zorionak. Aipagarriena da atletek beraien probak ez direnak egiteko eta taldearentzat puntuak ateratzeko duten jarrera ona. Eskertzekoa da atletek egiten duten esfortzua».

Emakumezkoetan aukera gehiago ikusten zituzten hirugarren postua lortzeko eta eskuratu zuten. «Mutiletan kontziente ginen zailago zela errepikatzea, nesketan maila altuagoa delako momentu honetan. Azkenean seigarren postuarekin geratu ginen. Ez da postu txarra, maila dezente igo delako, eta kontuan hartu behar direlako izan ditugun bajak. Nik uste dut taldeak ondo lehiatu zirela», gaineratu du Gilek.

Emaitza nabarmenena emakumezkoen 4x100 erreleboetan lortu zuten. Proba hori irabazi egin zuten, Euskadiko txapeldunak bihurtuz, eta 49,20 denborarekin klubeko marka hobetu zuten. Maddi Lillo, Ainhoa Gibelalde, Laura Biurrun eta Nora Ituarte izan ziren laukoa osatu zutenak. «Oso ondo egin zuten korri, lekuko aldaketak oso ondo egin zituzten. Esan beharra dago lauetan zaharrenak 22 urte dituela, eta hori ere nabarmentzekoa da. Ikusita talde gaztea dela, garapenak jarraituz gero, klubeko marka jaitsi daiteke», esan du Gilek. «Orokorrean nabarmenduko nuke talde gazteek parte hartu dutela txapelketan. Eta horrek ere balio bat du. Orain arte bezala jarraituz gero, eta nik uste du lana ondo egiten ari garela, emaitza hobeagoak iristeko aukera egon daitezke».

Talde giro ona dutela nabarmendu du Gilek, eta gaineratu du klubetik horri garrantzia ematen zaiola: «Talde bat gara eta talde bezala funtzionatzen badugu emaitzak lortzen dira. Eskertu behar da denen esfortzua. Talde giroa garrantzitsua da. Azkenean garaipenak indibidualki lortzen dira, baina beti dago taldea atzean. Talde bezala funtzionatzen duzunean dena da askoz errazagoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!