Tolosalderako ospitale publikoa eskatu du EH Bilduk

Ataria 2019ko mai. 7a, 19:57

Koalizioak salatu du Tolosaldea dela ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra. Ospitale berri horren ezaugarriak zehazteko, azterketa bat egiteko konpromisoa hartu dute.

Asuncion klinikaren atarian elkartuta, Tolosalderako ospitale publiko berria exijitu du EH Bilduk. Gaur egungo kudeaketa pribatuak osasun arretan nahiz kalitatean eragina duela salatu dute, baita langileen lan baldintzak eskasak direla ere.

Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko Tolosako alkategaiak lehen arretaren garrantzia azpimarratu du: "Lehen arreta indartu behar da, osasun arreta kate osoak funtzionamendu egokia izan dezan". Ospitale berriari dagokionez, Asuncion klinikako langileak sare publikoan barneratzea proposatu du: "Gehiago behar izatekotan, Lan Eskaintza Publikorako probak egindako profesionalekin hornitu beharko litzateke eta gauza bera anbulantziei eta etxeko mediku eta erizainei dagokienez ere".

Amaia Azkue Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak gaineratu du Tolosaldea dela ospitale publikorik ez daukan eskualde bakarra eta, horrez gain, gaixoekin harreman zuzena duten hiru arreta zerbitzu pribatizatuta dituen bakarra. Hain zuzen ere, ospitalizazio eta espezialista kirurgikoen zerbitzua, bizi euste medikalizatua eta oinarrizko bizi eustea ematen dituzten anbulantzien zerbitzua eta etxerako mediku eta erizainen zerbitzuak. "Gainerako eskualdeetako herritarrek bezala zergak ordaintzen ditugun arren, Osasun Sailetik ez dugu kalitate bereko osasun arreta jasotzen, eta gabezia hauek, sarritan, langileen profesionaltasunak estaltzen ditu", azaldu du Azkuek. Tolosaldeko ospitale berriaren nondik norakoak zirriborratzen hasiak daudela ere gaineratu du.

Ospitale horrek hainbat ezaugarri eduki beharko lituzke, Azkuek dioenez. Geriatria zerbitzua zehazteko, esaterako, bilakaera demografikoa eta biztanleriaren zahartzea nolakoa izango den kontuan hartu behar dela dio. Beraz, ospitale publikoa nolakoa izango den zehazteko azterketa bat egin behar dela dio: "Gure osasuna gure erabakia den neurrian, Tolosaldeako udalek herriz herriko beharrak aztertu eta eskualdeko diagnostikoa osatzeko konpromisoa dugu".

 

Juan Karlos Izagirre EH Bilduko ahaldungai nagusiak "osasungintza publikoa, unibertsala, bidezkoa eta euskalduna" eskatu du. Berak dioenez horrek bermatuko du kalitatezko zerbitzua. Lurralde desorekak nahiz osasungintzaren pribatizazioaren alde ematen ari diren pausoek  ere kezkatzen dutela azaldu du. Izagirrek azpimarratu du Asuncionek, ospitale pribatua izanda, ezin duela eskaini ospitale publiko batek eskaini dezakeena, eta gaineratu du kalitatezko zerbitzua emateko ezinbestekoa dela sare publikoan egotea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!