Eskualdeko lau pilotariak, kanpoan

Ataria 2019ko mai. 7a, 09:30

Jon Erasunek Tolosan galdu ondoren, buruz burukoan aritu diren pilotari guztiak txapelketatik kanpo daude.

Iaz Jokin Altuna amezketarrak buruz buruko txapela jantzi eta Jon Erasun zizurkildarra promozio mailan txapeldunorde izan ondoren, aurtengo txapelketan dagoeneko ez da eskualdeko ordezkaririk geratzen ez lehen mailan ezta promoziokoan ere. Atzo Erasunek Darioren aurka galdu zuen Tolosan, 22-5, eta, beraz ezin izango du errepikatu iaz lortutako emaitza.

Final-laurdenetako partidak jokatu dira asteburuan, lehen mailan zein promoziokoan, eta lehian ari ziren lau pilotariek galdu dituzte euren partidak: Altunak, Erik Jaka lizartzarrak, Beñat Urretabizkaia ikaztegietarrak eta Erasunek.

Ostiralean jokatu zen, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Altuna eta Irribarriaren aurkakoa. 22-18 galdu zuen amezketarrak, partida borrokatu eta kalitate handiko batean. Irribarriak erakutsi zuen dohain bereziak dituela buruz burukorako. Altunak azaldu zuenez, «gustura» geratu zen egindako partidarekin: «Hori bai, irabazteko dena ondo egin behar dut, eta bi-hiru tantotan ez dut asmatu, eta gero ez dit aukerarik eman». Irribarriak «aspaldi ez bezala gozatu» duela gaineratu zuen: «Berak horrela agintzen duenean zaila da aurre egitea. Baina kirola horrela da. Orain, deskantsua hartu eta motibazio berrien bila hasiko naiz».

Lehen mailarekin jarraituz, Erik Jakak larunbatean jokatu zuen Ezkurdiaren aurka eta lizartzarrak 22-14 galdu zuen. Lanak eman zizkion Jakak arbizuarrari, batez ere bigarren zatian. Hasierako aurkako aldeari, ordea, ezin izan zion buelta eman eta txapelketari agur esan beharrean geratu zen lizartzarra. Hala eta guztiz ere, beste behin lehen mailako pilotaria dela erakutsi zuen Jakak.

Promozio mailari dagokionez, Urretabizkaiak ostiralean jokatu zuen txapelketako partida Elordiren aurka Urduñan. 22-11 galdu zuen ikaztegietarrak.

Azkena lehian sartzen Erasun izan zen, esan bezala, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Dariok agindu zuen jokoan eta emaitzak berak horrela erakusten du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!