«Trikitia maite duen edonorentzako festa handi bat izango da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 7a, 11:59

Tolosaldeko trikiti mugimendua indarberritzeko, herritar batzuek, egitasmo berri bat sortu dute. Ekainaren 2an, elkar ezagutu asmoz eta festa giro ederrean, bazkaria egingo dute Benta Aldea jatetxean.

Edozein erromeritan elementu berezirik baldin bada, hori trikitia da. Instrumentu horrekiko zaletasuna, geroz eta handiagoa da Tolosaldean. Hori dela eta, elkarte berri bat sortu dute, eta Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdai bertako kideak dira. Eskualdeko zale oro gonbidatzen dituzte beraiekin elkartzera.

Nondik etorri zitzaizuen elkarte bat sortzeko ideia?

Maixa Lizarribar: Hiru hilabete dira, Manexek buruan bueltaka ideia bat zebilkiela esanez deitu zidala. Nik ere antzeko zerbait egiteko asmoa nuen, baina norbaitek lehen urrats hori ematea behar genuen.

Behar bat ikusi zenuten?

M. L.: Behin, trikiti giroa izango duen festa egun bat antolatzeko proposamena bota zen. Tolosaldean, herri askotan irakasten da trikitia, baina ikasleek ez dute elkar ezagutzen. Hortaz, afizio bera duten gaztetxoen arteko harremanak sustatzea da asmoa.

Manex Torrealdai: Lehendik ezagutzen ginen lagun batzuk elkartu ginen, baina ziur gaude eskualdean trikitia jotzen duen jende gehiago dagoela. Ekainean, hortaz, elkartearen aurkezpen moduko bat egingo dugu. Hala ere, oraindik jendea elkartera batzen ari da.

Nola hasi zineten jendearekin kontaktua egiten?

M. L.: Inguruan, trikitia non irakasten zuten begiratzen aritu ginen, eta eskola horietako ateak jo genituen. Orain, bertako irakasleak lantaldeko parte dira.

Zein da elkartearen egoera?

M. T.: Elkarte izaera lortzeko prozesuan gaude. Estatutuekin borrokan ari gara, informazioa lortuz, eta abar. Taldea osatzen dugunon artean, aniztasun handia dugu: irakasleak, txapelketetan aritzen direnak, erromeri talde batean dabiltzanak...

Euskal Herrian ba al dago horrelako elkarterik?

M. T.: Azpeitian, Triki Giro izeneko mugimendua sortu zuten duela bizpahiru urte. Bailaran trikitia jotzen zuten herritarrak elkar ezagutzea nahi zuten. Kalejirak, afari herrikoiak edota erromeria egiten dituzte urtero. Hori ikusita, egitasmo hauek, eskualdean, Euskal Herri mailan baino hobeto funtzionatzen dutela uste dut.

Herri giroko ekimen txikiek, gerora ekintza handiagoak egiteko aukera ematen dute?

M. L.: Gauzak egiteko gogoa dagoenean, ideiak bakarrik ateratzen dira. Ingurura begiratu, eta adibideak aurkitzen hasten zara.

Zein helburu dute trikitiaren bueltako topaketek?

M. L.: Hortik ateratzen duzun etekina izugarria da. Jendea ezagutzeaz gain, elkarrekin batera jotzeko aukera izaten dute. Kalera ateratzen gara, elkarren artean hitz egin, ezagutza partekatu, eta kontaktu berriak egiteko.

M. T.: Orokorrean motibazio falta handia nabaritzen dut. Eskualdean trikitilari asko daude, oso ondo jotzen dutenak, baina gero kalera jotzera ateratzeko lotsa edo nagia izaten dutenak. Ez da erraza, baino urrats bat ematea besterik ez da; egoera berean jende ugari dagoela ikusten duzunean, errazagoa da.

Ekainaren 2an egingo duzue topaketa, bazkari eta guzti.

M. T.: Bai. Aurrez, gainera, kalejira bat egingo dugu.

M. L.: Berez, deialdi irekia izango da. Hala ere, menuak 30 euroko kostua du. Gu motibatzeko abiapuntu bat izango da.

M. T.: Bazkarian izena emateko, tolosaldekotrikitixaelkartea@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzi behar da, maiatzaren 17a baino lehen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!