Duela bederatzi urte sortu zuen TAK-ek trainerua, baina Tolosa izenean atera zen eta gero lau urte eman zituen Getariarekin bateratuta. Iaz, ordea, gaur azaldu duten moduan, etxea teilatutik eraikitzen hasi ziren, eta urte batzuetan gordeta egon zen traineruari hautsa kendu ondoren, lehen aldiz, Tolosaldea izenarekin uretaratu ziren. Bide berri bat ireki zuten, eta emaitza bikainak lortu ondoren, aldaketa bat edo besterekin, baina aurten ere, erronka berdinari ekingo diote.
Amaia Agirre bertsolariak gidatu du gaurko aurkezpena. Ezer baino lehen, Gipuzkoako Ligan eta Espainiako Txapelketan bandera bana eskuratu dituzten jubenil nesken lana goraipatu nahi izan dute. Hori dela eta, beraiek izan dira oholtzara igotzen lehenak, bertaratutakoen txalo artean. "Baina, gaur batelak lotan utzi ditugu eta eskualdeko izatea eta izaera duen trainerua ekarri dugu plazara", adierazi du Agirrek. "Beste behin Tolosako Trianguloa plazara kresal usaina ekarri dugu. Esan genuen epe luzera begirako proiektua zela eta paladaz palada egingo genuela bidean aurrera. Bistakoa da horretan gabiltzala eta honi segida emango dion harrobia badaukagula".
Iaz, bandera bat eskuratu zuen Tolosaldeak ETE ligan. Errenteriako estropadan izan zen. Ligan, bestela, postu bikainak eskuratu zituen, eta gertu izan zituen bandera gehiago ere. Emaitzarik onena, ordea, abuztuaren 29an heldu zen, Donostiako badian. Inoiz ahaztuko ez duten eguna. "Zoro zoragarri batzuen ametsa ez da horren zoroa. Zoragarria bai, ordea! Polita izan zen oso Tolosaldearen izenean arraun egitea, eta, are bereziagoa, Kontxako Estropadan guk ere tokia izatea".
Malen Oiartzabal tolosarra traineruko arraunlarietako bat da, eta iazko oroitzapenak ekarri ditu gogora. "Errekan ondutako arraunlariak gara, eta itsasora jauzia dago. Batez ere, 28 herriek emandako babesarekin geratzen gara; Donostiako arranpa urdinarekin, oilo ipurdia jarri zitzaigun bati baino gehiagori, eta ametsa betetzeko ilusioa eman zigun. Hortaz, eskerrak eman beharrean gara, urtez urte gure burua harritu, eta zuek harritzen jarraitzeko prest gaudelako".
Aiora Sorozabal orexarra, berriz, traineruan aurrera begira doan bakarra da, bera baita patroia. Aurtengo erronkez mintzatu da, ilusioz. "Denboraldi aurrean, lan ona egiten eta ordu asko sartzen ari gara. Horrek udaran positiboki eragitea espero dugu. Esperantza handiak ditugu, eta iazko emaitzak errepikatzea edota hobetzea nahi dugu".
Arraunlarien ondoren, Patxi Frances entrenatzaile berriak hartu du hitza. Orain arte, esperientzia apur bat zuten gizonezkoen prestatzaile gisa aritu izan da donostiarra, eta urtebeteko atsedena hartu ondoren, emakumezko hasiberriekin lanean aritzea egokituko zaio. "Sekulako taldearekin topatu naiz. Diziplina handiko arraunlariak dira, gogo eta ilusio handia dutenak, eta zailtasunik jartzen ez dutenak".
Francesek, hitz ederrak izan ditu iaz traineruaren entrenatzaile izan zen Jose Luis Perez Kotelirentzat. "Gauzak oso ondo egin zituzten, ez baita samurra lehen urtean Kontxako Estropadarako sailkatzea. Aurten, horri jarraipena ematen saiatuko gara. Lanean nola ari diren ikusita, lorpenak garrantzitsuak izan daitezke, eta etorkizunari begira, baikorrak izan behar gara. Lehiakortzat dut nire burua, eta beraz, emaitzak ahalik eta azkarren lortzea nahi dut. Iaz baino bandera gehiago lortzea, eta irailean, berriro Donostiako uretan aritzea dira helburu nagusiak."
Gaurkoan, eskualdea osatzen duten 28 udalerrien izenean, udal ordezkari batzuk hurbildu dira Tolosara, eta arraunlariekin batera argazkia atera dute, baita traineruaren laguntzaile eta babesle nagusiek ere. "Talde honek defendatuko duen eskualdeko proiektu hau ez litzateke bideragarria izango eurak gabe. Onespena eta esker ona merezi dute". Aipatzekoa da, iaz bezala, Tolosaldeako herri guztien izenak idatzita joango direla arraunlarien arraunetan.
Amaitzeko, TAK-ek osatzen duen olatu urdinera batzeko deia zabaldu dute klubetik, "eskualdea amesten jarri eta udan elkar ikusiko dugulakoan".
Hauek dira Tolosaldearen izenean ohore handiz eta gogotsu arraun egingo duten 23 arraunlariak:
- Itsaso Aizpurua Saizar
- Naroa Becerril Iraola
- Ane Egues Kerexeta
- Irati Hernandez Ayerza
- Laiene Izagirre Askarai
- Naroa Leonet Tadeo
- Malen Oyarzabal Arretxe
- Ane Sanchez Goyogana
- Izaskun Sarasola Areizaga
- Nagore Urdanpilleta Izaguirre
- Mireia Vicente Arana
- Eider Zubeldia Albeniz
- Andrea Zumeta Lacunza
- Maider Zumeta Mujika
- Uxue Zuriarrain Roteta
- Nekane Lería Elola
- Arene Portularrunbe Iruretagoiena
- Janire Izagirre Gaztañaga
- Marta Rudel Ayerra
- Irati Lizeaga Agote
- Izaro Arregi Rodriguez
- Laiene Gil Tolosa
- Aiora Sorosabal Maioz (patroia)