Amasa-Villabonak eta Adunak Herriarteko pilota txapelketari helduko diote

Ataria 2019ko maiatzaren 3a

Herriarteko Pilota Txapelketa martxan jarriko da, asteburu honetan, eskuzko modalitatean eta final-hamaseirenetan, eta eskualdeko bi herri ariko dira lehian: Amasa-Villabona eta Aduna.

Urte asko eta gero, Amasa-Villabonak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan parte hartuko du, eskuzko modalitatean. Andoainen aurka jokatuko du kanporaketa, eta joaneko partidak gaur jokatuko dituzte, 19:15ean hasita, Villabonako Bearzana pilotalekuan. Amasa Villabona ordezkatuz, kadeteetan, Eñaut eta Oier Aranburu anaiek jokatuko dute. Jubeniletan, Koldo Jauregik eta Aimar Iraolak jokatuko dute eta nagusi mailan, berriz, Eneko Maizek eta Mikel Otañok.

Adunak Bergararen aurka jokatuko du, eta etxean izango dituzte joaneko partidak, gaur, 20:00etan hasita. Orain lau urte hasi ziren parte hartzen adunarrak, txapelketan. Iaz ez zuten parte hartu eta, beraz, aurten hirugarren aldiz ariko dira Herriartekoan. Kadete mailako taldea Iker Aburuzak, Andoni Olasagastik eta Xabat Minerrek osatzen dute. Jubenil mailakoa, Jurgi Mujikak eta Oier Irazuk. Nagusietan, Aitor Xabala, Jon Irazu eta Yerai Arruti dira taldea osatzen duten pilotariak.

Eskuz beste lau herrik parte hartuko dute, eskualdetik: Altzo, Asteasu, Tolosa eta Bidania-Goiatz. Final-zortzirenetan sartuko dira lehian, eta maiatzaren 19ko eta 26ko asteburuetan jokatuko dituzte partidak, joanekoak eta itzulerakoak, hurrenez hurren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!