Eskualdeko lau txirrindulariak, dominekin Espainiakoan

Ataria 2019ko maiatzaren 2a

Euskal selekzioarekin Tafallan

Pistako txirrindularitzako Espainiako Txapelketak jokatu dira orain berri Tafallan. Bertan eskualdeko lau txirrindularik parte hartu zuten Euskadiko selekzioa ordezkatuz, eta guztiak itzuli ziren dominekin.

Junior mailako Naia Amondarain ibartarrak hiru domina lortu zituen. Horietako bi banakako probetan izan ziren, jazarpenean eta puntuazioan. Hirugarrena taldekako jazarpen proban lortu zuen, eta talde horretan ere parte hartu zuen Arene Etxarri adunarrak. Bigarren postua eskuratu zuten, Madrilgo selekzioaren atzetik. Kadete mailan lortu zuten domina Amaia Astarloa tolosarrak eta Naroa Olano anoetarrak. Taldekako jazarpen proban parte hartu zuten eta bigarren postua lortu zuten, Asturiaseko selekzioaren atzetik.

Naia Amondarain gustura azaldu da lortu zituen emaitzekin. Tolosan jokatutako txirrindularitza proban erori egin zen, eta astebete geldirik egon ondoren parte hartu zuen Tafallan jokatutako txapelketan. Pistako denboraldia bukatu da eta orain errepidekoarekin jarraituko dute txirrindulariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!