Abereei larreak irekitzearekin, festa

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 30a, 19:59

Ohitura bilakatu da Larraitzen maiatzaren lehenarekin batera larre irekiera festa egitearena. Bihar 10:00etatik aurrera, era askotako postuak izango dira euren produktuak saltzeko.

Trikitilari, bertsolari eta dantzariek jarriko duten festa giroan, tartean, abere ugari izango da ikusgai.

Enirio Aralar Mankomunitateak 11:30ean egingo du ekitaldia, eta behin larreak irekitzearekin, urria bitartean, 17.500 ardi, 1000 behi eta 750 bat behor igoko dira larreetara. Haize hotza dabilela momentuz argitu du Jose Antonio Irastorza basozainak, eta lurra motel dagoela oraingoz. Baina, bero pixka bat hastearekin batera piztuko direla lurrak.

FALKONERIA, KOMIZARREN

Amasa-Villabonako Komizar lurretan ere larre irekiera festa egiten dute azken urteetan. Aurten, berrikuntza, falkoneria erakustaldia izango da. Larre irekiera 11:00etan egingo da, eta ondoren hamaiketakoa eskainiko dute bertaratzen direnen artean. Aurretik, 10:00etatik 11:00etara, eta ostean, 11:30etik 12:30era, falkoneria erakustaldia izango da, eta hegaztiekin argazkiak ateratzeko aukera ere eskainiko dute.

Abaltzisketa

10:00. Postuen irekiera.

11:00. Beasaingo Ostadar dantza taldea festa gunean zehar.

11:30. Mendiko larreen irekiera, eta horien kontserbaziori balioa emateko administrazio eta abeltzainen arteko konpromiso ekitaldia. Langako giltzaren esku aldatzea, abeltzain bati omenaldia.

Ondoren. Suziri jaurtitzearekin batera, abereak mendiratuko dituzte.

12:30. Ostadar dantza taldearen emanaldia, eta Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsolariak.

Ondoren. Trikitilariak. Kantaria: Jose Inazio Barberia. Abere erakusketa: behiak, behorrak, ahariak... Esku langintza saioak, artile, saskiak eta harri lantzen, ohiko tresnen erakusketa eta abar. Bertako produktuen salmenta, ardi eta ahuntz gazta, taloa, sagardoa, orein produktuak, baserriko ogia...

17:30. Erromeria: Jexux Mujika eta Aitzol Txapartegirekin.

Amasa-Villabona

10:00-11:00. Falkoneriako erakustaldia egongo da.

11:00. Larre irekiera Komizarren, animaliak larreratuz.

Ondoren. Hamaiketakoa.

11:30-12:30. Erakustaldi bakoitzaren ondoren hegaztiekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!