Ataria Irratia zuzenean Atanon eta Beotibarren egongo da

Ataria 2019ko apirilaren 30a

Jokin Altunak Donostiako Atano III.an jokatuko du ostiralean, 22:00etatik aurrera, Iker Irribarriaren aurka. Gaur eguerdian aukeratu dituzte pilotak.

 

Buruz buruko txapelketako bi jaialdi zuzenean emango ditu Ataria Irratiak. Ostiralean, 22:00etatik aurrera, Donostiako Atano III.a pilotalekutik. Astelehenean, 16:30etik aurrera, Tolosako Beotibartik.

Atano III.a pilotalekuan Altuna III.ak eta Irribarriak jokatuko dute buruz buruko txapelketako final-laurdenetako partida. Jaialdia 22:00etan hasiko da, eta lehen partida promozio txapelketakoa izango da, Ugalderen eta Arangurenen artekoa. Ondoren irtengo dira kantxara Jokin Altuna eta Iker Irribarria. Partida horretarako materiala gaur aukeratu dute, eta bi pilotariak gustura agertu dira lau pilotekin.

Astelehenean buruz buruko txapelketa Tolosako Beotibar pilotalekura etorriko da. Ataria Irratia bertan egongo da. 16:30ean hasiko da jaialdia eta lehen partida Dario eta Erasun zizurkildarraren artekoa izango da. Promozio txapelketako lehiaren ondoren Elezkano II.ak eta Etxeberriak jokatuko dute, lehen mailako txapelketaren final-laurdena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!