Eskualdeko erretirodunek pentsio duinak aldarrikatuko dituzte

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 29a, 20:00

Pentsiodunen manifestazioa izango da larunbatean, eguerdiko 12:00etan, Plaza Zaharretik abiatuta. Bitartean, herritarren babesa jasotzen dihardute.

Hilabeteak daramatzate mezu bera igortzen, erakundeek jaramon egin diezaieten: «Soldata duinik gabe, ez dago pentsio duinik». Etorkizuneko erretirodunengan pentsatzen dute, baina egungo egoera larriaren jabe direnez, kalera ateratzea besterik ez zaie geratzen. Hori dela eta, eztabaida gehiago ez luzatzeko, eskualdeko erretirodun eta pentsiodunek, manifestazioa antolatu dute larunbaterako, eguerdiko 12:00etan hasita, Tolosako alde zaharrean. Goizean, ibilbidearen abiapuntu izango den Plaza Zaharrean egin dute agerraldia.

Tolosaldean problematika honen eragina jasaten ari diren herritarrek, etenik gabeko protestekin jarraituz, eskualdeko herritar eta biztanle guztiak, «emakumezkoak, gizonezkoak, gazteak, langileak, edota erretirodunak», manifestazioan «festa giroan» parte hartzera gonbidatzen dituzte. Baina ez herrian bakarrik. Izan ere, maiatzaren 11n, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo diren manifestazioetara joateko deia ere zabaldu dute.

Horrelako egoeretan gertatu ohi den moduan, eskualdeko pentsiodunek, hainbat helburu dituzte, horiek betetzeko asmoz. Honako hauek dira eskuartean darabizkiten aldarrikapenak: pentsio duinak bermatzeko Pentsioen Sistema Publikoa blindatzea; Europako Gutun Sozialerako konpromisoak betetzeko urrats esanguratsuak ematea; urteroko eros-ahalmena legez eta betirako bermatzea (gutxienez, KPIaren ordaina); 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurokoa izatea; prekarietatea areagotu duten lan erreformak eta 2011 eta 2013ko lan eta pentsio erreformen alde atzerakoiak indargabetzea; jasangarritasun faktorea betiko indargabetzea; 40 urtez kotizatutako erretiro aurreratuei zigorrik ez jartzea; gizonen eta emakumeen arteko generoaren arrazoiengatik pentsio arrakalarekin amaitzeko neurri eraginkorrak ezartzea; eta Pentsioen Plan Pribaturako abantaila fiskalik ez izatea.

Herritarren atxikimendua

Bestalde, orain arte, hainbat norbanako, elkarte eta talderen atxikimendua jaso dutela adierazi dute. Hona hemen, izen horietako batzuk:

  • Kazetariak: Julen eta Antton Telleria, Itzea Urkizu, Rebeka Calvo, Martxelo Otamendi, Eider Olazar, Oihane Mateos, Jokin Aldazabal eta Oihane Perez.
  • Bertsolariak: Amaia Agirre, Anjel Mari Peñagarikano, Oihana Iguaran eta Koldo Zelaia.
  • Idazleak: Garbiñe Ubeda eta Karlos Almorza.
  • Irakasleak: Amando Hernandez eta Miren Mujika.
  • Kirolariak: Naroa Urkola, Aitziber Ibarbia, Ibarrako Soka-Tira taldea, Ainhoa Artolazabal, Gaizka Maiza, Maider Mendizabal, Joxe Gabirondo, Erik Jaka, Mikel Olaetxea, Iñaki Artola, Xabier Orbegozo eta Armando Roca.
  • Sindikatuak: Emakume Baserritarren Elkartea, ELA, LAB, ESK, EHNE, Euskal Herria Sozialista
  • Artistak: Koldobika Jauregi, Idoia Sanchez eta Arantxa Orbegozo.
  • Medikuak: Javi Arana eta Mariluz Rodrigez.
  • Taldeak: Giro Arte Dultzainero Taldea, TOPA, Tolosaldeako Ernai Gaztea, Ibarrako Gazte Asanblada, Ibarrako Samalda Talde Feminista, TNT Talde Feminista, Tolosaldeako Suhiltzaileak, Otsabi, Amarotz eta Larramendi auzo elkarteak eta Tontor kultur elkartea.

Orain artekoekin nahikoa ez, eta jende gehiagoren atxikimendua nahi dutela nabarmendu dute. Interesa dutenek, baina, igandea baino lehen eman behar dute babesa. Gaur adierazi dutenez, gainera, «deialdi berezia luzatzen diegu alderdi politiko guztiei, larunbaterako, adierazpen publiko baten bidez, aldarrikapenei buruzko iritzia eman dezaten». Alde bateko zein besteko hauteskundeen zurrunbiloan sartuta gauden honetan, mezu bat ere izan dute politikarientzat: «Edonork agintzen duela ere, pentsioak defendatzen jarraituko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!