Gipuzkoa Bertsotan 2019

Udazkenean abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapena

Ataria 2019ko apirilaren 27a

Maiatzaren 4tik 25era, 14 saio izango dira Gipuzkoan barrena. Antolaketan hamaika lagun arituko dira.

Gai jartzaile taldean parte hartuko duten 15 lagunen artean daude Iker Iriarte alegiarra, Imanol Artola amezketarra eta Jon Zaldua billabonatarra. Lehenengo biak, sailkapen fasean aurkezle lanetan ariko dira.

Lehen fase honetan parte hartuko duten 84 bertsolariak bi multzotan banatuko dira. Multzo bakoitzeko launa epaile ariko dira eta B multzoan ariko dira, adibidez, Mikel Beloki berastegiarra eta Zigor Leunda billabonatarra. Aurrerago, Felix Irazustabarrena alegiarrak ere hartuko du parte epaile taldean.

Sailkapen fasean, multzo bakoitzean zazpi saio jokatuko dira eta multzo bakoitzean puntuazio altuena duten 17 bertsolariek, guztira 34k, eskuratuko dute irailean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko txartela.

Horiei batuko zaizkie, dagoeneko sailkatuta dauden 14 bertsolari. Tartean, gure eskualdeko hiru bertsolari izango dira: duela lau urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetara iritsi ziren Mikel Artola alegiarra eta Beñat Iguaran amasarra, eta finalean aritu zen Oihana Iguaran, hau ere amasarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!