Pilota eta bertsoa, mundura

Irati Saizar Artola 2019ko api. 26a, 11:58

Bertso Pilotako kideak Ipar Amerikan barrena ibili dira, bertsoa eta pilota zabaltzen: «Esperientzia bikaina izan da».

Duela bi urte egin zuten lehen bidaia, Argentinara, Bertso Pilotako kideek. Aurten, berriro hartu dute itsasoaz beste alderako hegazkina. Kasu honetan, ordea, Ipar Amerikan barrena ibili dira. Aurreko espedizio hartatik, Amasa-Villabonako Oihana Iguaran eta Iñaki Lizasok errepikatu dute esperientzia, eta, horiez gain, Unai Mendizabal bertsolari zizurkildarra, Jon Urbieta eta Xabier Urbieta asteasuarrak eta Ibon Aranalde oriotarrak izan dute aukera, bidaiaz gozatzeko. «Esperientzia bikaina bizitu dugu, eta harrera oso polita egin digute», aitortu du Lizasok. «Guk hara generamana zabaltzea nahi genuen, eta uste dut lortu dugula, eta emaitza izan duela».

San Frantziskon lur hartu zuten apirilaren 16an, eta lehen egunak bertan pasatu zituzten. Bertako Euskal Etxean eskaini zuten lehen Bertso Pilota saioa: «Harrera beroa jaso genuen, pilotalekua ere guk Euskal Herrian ditugunen ia berdina baitzen». Inguru haietan dauden eraikuntza handiek harritu zituen gehien, eta pozarren kontatu dute, oraindik euskara bizirik mantentzen dela.

Saioez gain, turismoa egiteko ere aprobetxatu dituzte egun horiek. Las Vegas eta Arroila Handia bisitatu eta Bakersfielden eskaini zuten hirugarren saioa. «Egun berezia zen. Pazko igandea tokatu zen, eta meza euskaraz entzun genuen belaze batean. Sekulako jendetza gerturatu zen. Bazkalorduan kantuan aritu ginen, eta bertsotan ere aritu ginen». Euskara ulertzen ez zuenarentzat bertso horiek ingelesera itzuli zituztela azaldu du Lizasok, baina saioetan euskara hutsean egin zuten. Azken eta laugarren emanaldia Los Angelesen eskaini zuten ,Chinoko Centro Bascon. Bi bertsolariak izan ezik, besteak iritsi dira, dagoeneko, Euskal Herrira. Mendizabalek eta Iguaranek asteburuan hartuko dute itzulerarako hegaldia.

Argentinarekin alderatuta, euskara gehiago entzun dutela diote, baina gauza batek kezkatu ditu: «Euskaraz dakitenak zahartzen ari dira, 70 urtetik gorakoak dira gehienak, eta belaunaldi berririk ez doa Euskal Herritik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!