Agendan apuntatu dute irailaren 16a

Ataria 2019ko api. 26a, 19:59

2015eko urtarrileko irudia, Minde atxilotu berritan egindako elkarretaratzea, Ibarran

47 pertsona daude auzipetuta, «ETAren espetxe frontea» osatzea egotzita; tartean, eskualdeko bi lagun: Ion Mintegiaga eta Jesus Mari Aldunberri

Badu data, dagoeneko, beste makroepaiketa batek: irailaren 16a. «ETAren espetxe frontea» osatzea leporatuta, 47 euskal herritar epaitzekoak dira Espainiako Auzitegi Nazionalean; tartean daude Ion Mintegiaga Minde ibartarra eta Jesus Mari Aldunberri elduaindarra. Fiskalak 15 urteko espetxealdia eskatu du ibartarrarentzat, eta 13 urte eta erdikoa elduaindarrarentzat. Orokorrean, 8 eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu; 601 urte denera. Eta, bete ostean, beste lau eta zortzi urte artean zaintzapean. Horrekin batera, 117.600 euro isunetan. Epaiketak, gutxienez, hiru bat hilabete iraungo duela aurreikusi dute auzipetuek.

Auzipetzeak egin eta hiru urtera etorri zaie epaiketaren abisua; eta atxiloketak izan zirenetik, bost eta sei urtera. Auzipetuek ohar batean azaldu dutenez, «estatuaren estolderietan sortutako auzibidea» da 11/2013 sumarioa, «astakeria juridiko eta soziala». Urteotan guztiotan sinatzera joan behar izan dute hamabostean behin, eta debekatua izan dute Espainiar estatutik irtetea. «Egoera honek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta gure ingurune hurbilarenak».

Egozten zaizkienak beren «printzipio etiko eta politikoei» lotutako lanak direla nabarmendu dute auzipetuek: «Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea».

Mundu osoan «inboluzioa eta eskubideen urraketa itzela» gertatzen ari dela azaldu dute, eta horren adibide direla euskal presoen egungo egoera, eta Altsasun eta Katalunian gertatzen ari dena.

«Epaiketaren atarian gauden honetan, aurreratu nahi dugu ez garela geldirik egongo. Epaiketa honen bidegabekeria salatuko dugu, behar den lekuan eta behar den guztietan». Bidea herritarrekin batera egin nahi dutela argi dute, «herritarrak garelako egoera aldatu eta justiziarako bidea egiteko bermerik eraginkorrena».

2013an hasitakoa

2013ko irailean Herrira-ren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria, 11/2013 sumarioak. Hurrengo operazioa preso eta iheslarien aldeko urtarrileroko manifestazioaren bueltan iritsi zen, 2014ko urtarrilean; bitartekari taldeko zortzi pertsonaren aurka egin zuten eta, hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, azkenik, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten.

Eloy Velasco epaileak egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, «ETAren espetxe frontea» osatzen dute auzipetuek. «Ondo zekiten ETArekiko egiturazko mendekotasuna zutela» dio epaileak

Aldunberri eta Mintegiaga espetxean egonak dira

2013ko irailaren 30ean, 18 pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak; tartean zen Jesus Mari Aldunberri. Madrilgo Soto del Realgo espetxera eraman zuten, eta urriaren 4an atera zen bertatik, 20.000 euroko bermea ordainduta.

Ion Mintegiaga, berriz, Herrira-ko Hernaniko egoitza nagusian zegoen, 2014an, hura miatzen zuten bitartean. Ez zuten atxilotu, baina urriaren 11n jaso zuen auzipetua zegoenaren jakinarazpena. Azaroaren 5ean Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik igaro eta gero, aske geratu zen, bermerik gabe, epaiketaren zain. 2015eko urtarrilaren 12an atxilotu, eta hiru egun beranduago espetxeratu zuten. Aranjuezko espetxean egon zen 13 hilabetez. 2016ko otsailaren 4an, 20.000 euroko bermea ordaindu eta gero, aske geratu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!