21. Korrika - 2019

2562 esker

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano, 21. Korrikako Tolosaldeko arduraduna 2019ko api. 26a, 09:58

Korrika igaro berritan, Korrikako Tolosaldeko arduradunak eskerrak eman nahi izan ditu.

21. Korrika Gasteizen itsasoratu ondoren, eskerrak emateko ordua da.

Berriz ere, agerian geratu da Tolosaldeak euskararekiko duen konpromisoa; ikusi besterik ez baitago Korrikak eragiten duen zirrara eta pasioa haur, gazte, heldu zein helduagoengan. Beste behin, argi geratu da gure eskualdeak euskaraz hazi, hezi eta bizi nahi duela.

Hizkuntza boterea dela diote askok; Maialen Lujanbiok, aldiz, hizkuntza ahulguztiduna dugula. Paradoxa dirudien arren, biek dute arrazoi; izan ere, 21. Korrikak erakutsi du gure hizkuntza eta euskaldunok botere ahalguztidunaren jabe garela.

Nork agintzen du hemen eta hor? dio Fermin Muguruzak abesti batean. Tira, erantzuna begi-bistakoa izan da.  

Etiketen herrian, elkar ezin ikusien herrian, gure hizkuntzak elkartzeko tresna izan beharko luke; funtsean, berdin duelako txistu, triki edo trapak; norabide berean egin beharko genuke tipi eta tapa, bigarren mailako eztabaidek  edo alderdikeriek lehentasunak lausotzen utzi gabe.

Bestalde, 2562 kilometro egin ditu 21. Korrikak apirilaren 4an Garestik abiatu zenetik. Ezbairik gabe, asko dira, bai; baina, tamalez, ez dira aski. Horregatik, ezin dugu ahantzi AEK-k antolaturiko ekimen erraldoi hau zergatik eta zertarako egiten den; Korrikaren olatu apartsua lehorreratu ostean, AEK-k zein AEKideok, errealitate gordinari aurre egin, eta marearen aurka igeri egin behar baitugu isilpean, gau eta egun.

Komeni baina batzuek entzun nahi ez dutena esaten hasi baino lehen, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet Tolosaldeko elkarte, eragile, zein erakundeen izenean jardun duzuen guztioi; bereziki, Galtzaundi Euskara Taldeari, hasieratik elkarlanerako erakutsitako eskuzabaltasun eta prestutasunagatik; eta, nola ez, Gipuzkoako Korrika koordinatzaile Xabier Artolari, bere pazientzia mugagabeagatik. Bidenabar, ezin ditut ahaztu Edurne Ayuso (20. Korrikako Tolosaldeko arduraduna), Andoaingo AEK euskaltegiko lankideak, Gipuzkoako eta beste herrialdeetako ordezkariak, bisaiarik gabeko gainerako AEKide guztiak eta Korrikaren aldeko ekarpena egin duzuen norbanako oro.

Gogoan izan: ez dugu urre bila abiatu beharrik, benetako altxorra esku artean izanda.

Ordainezina da egin duzuena! Bi mila bostehun eta hirurogeita bi esker!

 

Euskarari eskainitako poema

Zaharra bezain ederra zara.

Zugatik ikasten dut egunero zerbait berria.

Zu gabe ez nintzateke naizena izango,

mundua ulertzen irakatsi didazulako.

 

Askok isilarazi nahi zaituzte.

Askok gutxiesten zaituzte;

baina horrek egiten zaitu indartsu.

Askok uste dute ez duzula ezertarako balio.

Askok nahi zintuzkete hilik.

 

Nahiz eta beti ez zaitudan behar bezala tratatzen,

ama bezalakoa zara: bakarra eta nirea.

 

Zaude ziur; ez inork, ez inoiz; sekula ezingo du hori aldatu.

 

Urteko 365 egunak merezi dituzu.

Jakin ezazu: mila aldiz hil beharko nuke nik

zuri itzultzeko

zuk eman didazun guztia.

 

Esan dezaket ozenago, baina ez, argiago:

Euskara maite dut nik. Eta euskarak maite nau ni.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!