'Ataria Irratia'k zuzenean emango du Jaka eta Artolaren arteko partida

Ataria 2019ko api. 25a, 13:32

Bihar, ostirala, 19:30ean hasiko da zuzeneko emanaldia, Tolosako Beotibar pilotalekutik. Atzo aukeratu zituzten pilotak.

Erik Jaka edo Iñaki Artola, bietako bat buruz buruko txapelketaren final-laurdenetan egongo da. Ostiralean elkarren aurka jokatuko dute, Tolosako Beotibarren, 19:30ean hasiko den jaialdian. Aurrez, atzo, partida horretarako pilotak aukeratu zituzten. Lizartzarra eta alegiarra gustura geratu ziren materialarekin. Final-zortzirenak gainditzen dituenak, Joseba Ezkurdia izango du zain, D multzoan.

Asteburuan gertutik jarraitu beharreko beste partida, A multzoari dagokiona izango da; Victorrek eta Irribarriak jokatuko dutena. Izan ere, lehia hori irabazten duen pilotariak Jokin Altunaren aurka jokatuko du final-laurdenetan, maiatzaren 3an, Donostiako Atano pilotalekuan. Victorren eta Irribarriaren artekoa igandean jokatuko da, 17:00etatik aurrera, Eibarko Astelena pilotalekuan.

BEOTIBARREN ESANDAKOAK

Tolosako jaialdia binakako partida batekin hasiko da bihar. Bertan, Arteaga II-Imazek eta Alberdi-Mariezkurrena II.ak neurtuko dituzte indarrak. Ondoren jokatuko dute, Jakak eta Artolak, txapelketako partida. Atzoko pilota aukeraketan esandakoaren arabera, biek dute aurrera egiteko esperantza.

Pilotak aukeratzen eta prentsaren aurrean hitz egiten lehena gorriz jokatuko duen Erik Jaka izan zen: «Txapelketako pilotekin jokatzeko aukera gutxitan izaten dut, eta oso onak iruditu zaizkit. Agian bat edo beste ez zait horrenbeste gustatu, baina, bai berak eta bai nik, aukeratutakoak onak direla esango nuke. Niri ez zaizkit irteera askokoak gustatzen, eta eskuan ondo sartzen direnak aukeratu ditut».

Lizartzarra bere jokoa egiten saiatuko da, aurkariaren arriskuaz jakitun: «Zuzenean jokatzen duenean gehien ematen dion pilotarien artean dago. Deseroso joka dezan saiatuko beharko dut».

Azken denbora luzean, Erik Jaka maila oso onean aritu da jokatzen binaka. Orain, buruz burukoan, maila hori erakutsi nahi du: «Aukeran, nahiago nuen binakako txapelketa jokatzea, baina txapelketa guztiak gustatzen zaizkit. Hau prestatzeko denbora eduki dut, eta ondo iritsiko naizela uste dut; baina kale edo baleko partida da, eta ostiralean erakutsi behar da. Ea maila ona ematen dudan. Gaztetan oso ondo moldatzen nintzen modalitate honetan. Profesionaletan, iazko txapelketara arte ez dut eman mailarik onena, baina joan den urtean pauso bat gora egin nuela uste dut, ea aurten jarraipena ematen diogun».

Iñaki Artolak, bere aldetik, pilotak aitzakiarik gabekoak direla esan zuen: «Inoiz baino pilota normalagoak zeudela iruditu zait. Aukeratu ditugun lau piloten artean alde handiegirik ez dagoela uste dut. Bazeuden motel xamarrak ziren pilota batzuk, baina, ez berak eta ez nik, ez ditugu hartu. Geratu direnak oso jokatzeko pilotak dira, ez gehiegi eta ez gutxiegi».

Artolarentzat txapelketako bigarren partida izango da, final-hamaseirenetan Arteaga II.a gainditu ondoren. «Aurreneko partidan beti izaten duzu kezka puntu bat. Zeure burua nola dagoen ez duzu ziur jakiten. Gainera, horrenbeste entrenatu ondoren, nahi hori izaten duzu, aurrenekoa pasatzekoa. Egia esan, orain lasaiago nago», onartu zuen alegiarrak.

Bigarren partida hau zaila izango dela dio Iñaki Artolak: «Denok ikusi dugu Erik ematen ari den maila, azken partida hauetan. Harrigarri ondo jokatzen ari dela esango nuke. Buruz burukora ere joko hori eramango du, eta lana gogotik egin beharko dugu irabazi nahi baldin badugu».

Lehen partidatik bigarrengora zer aldatu beharko lukeen galdetuta, tantoa amaitzen gehiago saiatu beharko duela esan zuen Iñaki Artolak: «Arteagaren aurka inspirazio handirik gabe ibili nintzen, tantoa bukatzerakoan. Partida joan zen bezala joan zelako atera nuen, baina, gaur egun, horrela jokatuz ez dituzu partidak ateratzen. Lehenago edo beranduago bukatzen saiatu beharko dut; arrisku gehiago hartu beharko dut».

Azkenik, biharko partidara eskuetatik ondo iritsiko dela esan zuen alegiarrak: «Lehen partidan kolpe txar batzuk izan nituen, baita kezka pixka bat ere, baina ondo errekuperatu naiz eta ondo iritsiko naiz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!