Isildu ez daitezen

Irati Urdalleta 2019ko api. 24a, 13:00

'Egin'ek utzitako zorra dela eta, 3 milioi euro ordaindu behar dizkio, 'Gara'k, Gizarte Segurantzari. Horretarako, harpidedunak lortzeko kanpaina egiten ari dira.

Eginen hutsunea betetzeko helburuarekin, duela hogei urte, Gara egunkaria sortu zen. Eginek 4,7 milioi euroko zorra zeukan, ordea, 1998an Auzitegi Nazionalak itxi zuenean, eta, Gara jaio orduko, hari egotzi zion Baltasar Garzon epaileak zor hori.
Orain, egunkariak akordio bat erdietsi du Gizarte Segurantzarekin eta, horren arabera, guztira 3 milioi eurotik gora ordaindu beharko dituzte, sei hilean behin 500.000 euroko ordainketa eginez. Jada lehenengo ordainketa egin zuten, akordioa lortutako momentuan. Guztira, langileen urteko soldata baino gehiago ordaindu beharko dute. «Espoliazioa, lapurreta eta prentsa askatasunaren aurkako erasoa» dela azaldu dute. Arazo horrek proiektu oso bati eragiten dio: Gara egunkariari, Naiz agerkari digital eta irratiari... Gainera, 200 langile baino gehiagoren lanpostua ere jokoan dago.
Lurdes Etxeberria, Eider Olazar eta Brixi Arrue dira langile horietako hiru. Beraiek diotenez,  Gararen proiektuak, zailtasunak zailtasun, garapen bat eduki du ordutik, eta horretan jarraitu nahi dute, uste dutelako herri honek «ezinbestekoa» duela komunikabide indartsuak izatea eta, beraiei dagokienean, kazetaritza independente eta profesionalean oinarritzen den hedabide indartsu bat izatea. Beraz, uste dute Euskal Herriak behar duela beraiena bezalako proiektu bat. «Zor hori erabat injustua da, eta lapurreta bat, baina ordaindu egin behar dugu. Horrela, proiektua garatzen jarraituko dugu eta hori da gure erronka».


Harpidetza kanpaina abian
Horretarako, harpidetza kanpaina bat abiatu dute. Momentuz 2.000 harpidedunetik gora lortu dituzte eta, beraien helburua, ekainerako 10.000ra iristea izango da. Horrez gain, hitzaldiak, ekitaldiak eta mahai inguruak antolatzen ere ari dira, herritarrei informazioa helarazteko. Esaterako, Tolosan, apirilaren 3an mahai inguru bat antolatu zuten, Mariano Ferrer Egineko lehen zuzendariarekin eta Garbiñe Biurrun epailearekin. Gainera, Ferrerren azken agerraldi publikoa ere izan zen. Hurrengo hitzordua, berriz, ekainaren 9an izango da, Donostiako Belodromoan. Bertan, Euskal Herriko hainbat musikarik saioa eskainiko dute, eguerditik iluntzera.
Aspalditik datorren arazoa da,  1998an Auzitegi Nazionalak Egin itxi zuenetik, hain zuzen ere. Handik hamaika urtera, Auzitegi Gorenak onartu zuen itxiera hori erabat legez kanpokoa izan zela.
«Historiak erakusten duen bezala, beste behin ere, irtenbidea herritarrek eman beharko diote, Gara sortu zenean bezala». Herri finantzaketa kanpaina bat egin zuten orduan ere, eta, nahiz eta, 1998ko uztailean itxi, 1999ko urtarrilean kioskoetan zeuden berriro. Orduan akzionistak izan ziren, eta orain harpidedunak izatea proposatzen dute. Lortu nahi dituzten harpidedun horiek zorrari buelta emateko eta proiektuak egunerokotasuneko martxa eraman dezan izango dira.
Kanpaina horrekin laguntzeko, boluntario taldeak sortzen ari dira herrietan, eta nazioartetik ere eskaini diete laguntza. Gaineratu dute, harpidedun egiteko modu bat baino gehiago daudela, eta herritar bakoitzaren nahi eta erabilerara egokitzen direla.
Zorra gainetik kentzea dute orain helburu, baina, azpimarratu dute, ezin dela ahaztu Gara hamabost urtean egon dela ordainketa etenduran, eta ez dela egoera erraza izan. «Egoera latza izan da. Izan ere, mugatu egin gaitu edozein pausu ematerako garaian», diote langileek. Administratzaile judizial bat eduki dute gainean, eta edozein mugimendu egiteko bere baimena behar  izaten zuten. «Horrek suposatu digu, inongo diru laguntzarik eskatzeko aukerarik ez edukitzea. Azken finean, dena kontrolpean geneukan, eta eguneroko jarduera geldiarazten zigun», azaldu dute.
Adierazi dute, egoera «larri» horretan aurrera jarraitu ahal izateko, Gizarte Segurantzarekin akordio batera iristea beste aukerarik ez zegoela. «Beste aukera komunikabidea ixtea zen, eta bertan behera geratzea proiektu komunikatibo osoa», diote langileek. Proiektuak aurrera jarraitzeko ardura, taldeak berak eta herritarrek dutela diote: «Ezin da onartu XXI. mendean horrelako zerbait gertatzea, ez bertako langile bezala bakarrik, ezta herritar bezala ere». Gaineratu dute, 2019an arrazoi horiengatik komunikabide bat itxi behar izatea iraganera bueltatzea dela.


Ekonomikotik harago
Langileek argi dute hau ez dela arazo ekonomiko bat, «politikoa» baizik, «erabaki politiko baten ondorioa» delako: «Azken finean, estutzea eta estutzea da eta aterabiderik ez daukan egoera batera eramatea», azaldu dute langileek..
Etxeberriak, Olazarrek eta Arruek uste dute, Gara eta Naiz bezalako hedabideak edukitzea beharrezkoa dela irakurle, entzule eta ikusle kritikoak edukitzeko. «Gure kulturari ere ekarpena egiten dio eta komunikabideetan aniztasuna izatea ere  ezinbestekoa da. Lortuko dugu, eta horretan saiatuko gara langile eta herritar bezala».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!