Herriartekoan eskuz eta paletaz eskualdeko zazpi herri

Ataria 2019ko api. 23a, 15:09

Tolosaldeko zazpi herrik hartuko dute parte Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan; maiatzaren 5ean jokatuko dira lehen partidak, esku pilota modalitatean.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa aurkeztu dute. Tolosaldeko zazpi herrik parte hartuko dute aurtengo edizioan, zortzi talderekin. Izan ere, Tolosak bi talde osatu ditu: bata eskuz eta bestea gomazko paletaz. Beste herriak ondorengoak dira: Aduna, Altzo, Amasa-Villabona, Asteasu eta Bidania-Goiatz eskuzko txapelketan ariko dira eta Anoeta gomazko paletaz. Palan eta zesta puntan ez da eskualdeko ordezkaririk egongo.


Jokoan sartuko diren lehenak esku pilotariak izango dira. Eurentzat txapelketa maiatzaren 5an hasiko da, final-hamaseirenetako partidekin. Itzulerako partidak, aldiz, hilaren 12an izango dira. Lehen kanporaketa horretan ez dira herri guztiak egongo. Iazko txapelketa kontuan hartuta, herri gehienak final-zortzirenetan sartuko dira txapelketan, hau da, maiatzaren 19an. Altzo, Asteasu, Tolosa eta Bidania-Goiatzen kasua izango da hori. Azken biek elkarren aurka jokatuko dute final-zortzirenetakoa. Altzok Oñatiren aurka neurtuko ditu indarrak eta Asteasuren aurkaria lehen asteburuan erabakiko da, Zestoa eta Aretxabaletaren arteko kanporaketan.


Amasa-Villabonak eta Adunak final-zortzirenetan egoteko maiatzaren 5ean eta 12an jokatu beharko dute. Billabonatarren aurkaria Andoain izango da eta adunarrena Bergara. Irabaziz gero, Azkoitia eta Hernani izango dituzte zain hurrenez hurren. Bi herri hauek lehen jardunaldia etxean jokatuko dute.


Guztira, beraz, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, eskuzko modalitatean, 19 herrik hartuko dute parte.


Anoeta eta tolosa
Gomazko paletan 16 herrik eman dute izena. Eskualdekoak Anoeta eta Tolosa izango dira. Txapelketa maiatzaren 12an hasiko da eta herri guztiek parte hartuko dute final-zortzirenetako kanporaketan. Zozketaren ondoren, Anoetari Azpeitiaren aurka jokatzea tokatu zaio lehen kanporaketa hori. Lehen partida Anoetan jokatuko da eta itzulerakoa, maiatzaren 19an, Azpeitian.


Tolosarrek bigarren jardunaldia jokatuko dute etxean. Aurrenekoa, aldiz, Elgoibarren; bertako taldearen aurka ariko baitira final-zortzirenetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!