Iñaki Artolak eta Erik Jakak bihar aukeratuko dute materiala

Ataria 2019ko api. 23a, 15:05

Buruz buruko esku pilota txapelketaren final-zortzirenetako partida Tolosako Beotibarren jokatuko dute eskualdeko bi ordezkariek, ostiralean, 19:30etik aurrera. 

Buruz buruko txapelketaren lehen jardunaldia jokatu da asteburu luze honetan, lehen mailako pilotarien artean. Eskualdeko ordezkari bakarra zegoen, Iñaki Artola, eta 22-11ko emaitzarekin lortu zuen garaipena Arteaga II.aren aurka. Final-zortzirenetan dago, beraz, alegiarra. Hurrengo partidako aurkaria eskualdeko beste pilotari bat izango du Artolak: Erik Jaka lizartzarra.


Artolaren eta Jakaren artekoa Beotibarren jokatuko da ostiral honetan, 19:30ean hasiko den jaialdiaren barruan. Tolosako lehen partidan Arteaga II-Imazek Alberdi-Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute. Txapelketakoa ondoren hasiko da. Irabazleak final-laurdenetarako txartela lortuko du, eta bertan, Ezkurdiaren aurka jokatu beharko du. Partida hori Iruñako Labriten antolatu dute, maiatzaren 4an.


Ostiraleko partidari begira, Artola eta Jaka Tolosako Beotibarren egongo dira asteazkenean, pilota aukeraketan. 13:30ean hasiko da material bereizketa.


Buruz burukoan eskualdeko lau pilotari zeuden. Jon Ander Peña tolosarrak aurre kanporaketa jokatu zuen Agirreren aurka. Lesioa izan zuen, ordea, Peña II.ak, eta partida ezin izan zuen amaitu. Laugarren pilotaria txapelduna da: Jokin Altuna. Amezketarra final-laurdenetan sartuko da txapelketan. Victor edo Irribarria izango da Altuna III.aren aurkaria, maiatzaren 3an, Donostian.


Bigarren mailakoan, bi
Bigarren mailako buruz buruko txapelketan eskualdeko bi ordezkarik hartuko dute parte. Bat iazko finalista izango da, Jon Erasun. Arantza ateratzen saiatuko da zizurkildarra. Darioren aurka jokatuko du maiatzaren 5ean. Bigarren ordezkaria Beñat Urretabizkaia izango da. Ikaztegietarraren aurkaria Elordi izango da, Urduñan, maiatzaren 3an jokatuko den partidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!