TAK-ek lau domina lortu ditu Euskadiko Batel Txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 16a, 09:00

Asteburuan, zilarrezko eta brontzezko bina domina lortu dituzte eskualdeko arraunlariek, Legution. Beste bi talde ere aritu dira lehian, emaitza onak lortuz.

Gipuzkoako Batel Ligan nahiz Gipuzkoako Batel Txapelketan lortutako emaitza positiboen olatu berean iraun dute, asteburu honetan ere, Tolosaldeko Arraun Klubeko arraunlariek. Pasaiako estropadan, lehiatu ziren sei batelak sartu ziren finalean, eta horregatik, guztiek hartu dute parte, asteburuan Legution jokatu den Euskadiko Txapelketan. Bertan, TAK-eko lau taldek lortu zuten finalean aritzeko txartela.

Jubenil neskek eta kadete mutilek lortu zituzten emaitzarik onenak, zilarrezko dominekin itzuli baitziren etxera. Neskak, Hibaikaren atzetik eta Orioren aurretik sailkatu ziren. Aipatzekoa da, sailkatze estropadan, lehen postua lortu zutela. Mutiletan, berriz, Zumaiaren atzetik (bi segundotara) eta Isuntzaren aurretik sailkatu ziren. Infantilak, bestalde, hirugarren izan ziren. Neskak, Koxtaperen eta Zumaiaren atzetik, eta mutilak, Isuntzaren eta Zumaiaren atzetik. Kadete neskak eta jubenil mutilak, seigarren eta hamargarren sailkatu ziren sailkapen estropadetan, eta ez zuten finalera sailkatzea lortu. Kadeteak, bigarren izan ziren igandeko kontsolazio estropadan, Getariaren atzetik.

Ondorioz, finalerako sailkatu ziren taldeak, Espainiako Batel Txapelketan ariko dira, Galizian, apirilaren 28an. Agian, plazak libre geratuz gero, beste talderen batek ere lortu dezake aukera hori. Bitartean, beti bezain lehiakor izateko entrenatzen jarraitzea besterik ez zaie geratzen.

Argazkiak: TAK

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!