[IRAKURRIENAK] Estrategia berritzailea eta inklusiboa

Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko konpromiso adierazpena gizarteratzeko ekitaldia egin dute Alegian; euskara eskualdeko hizkuntza nagusi izateko, gobernantza eredu erreferentziazkoa eraiki nahi dute.

Urrats sendoak egin behar dira euskararen etorkizuna bermatzeko, eta euskara eskualdeko hizkuntza nagusia izatea helburu duen gobernantza eredu berritzaile eta erreferentziazkoa eraikitzeko. Norabide horretan, Tolosaldeko Euskararen Mahaia sortu duten erakundeek adierazpen bat egin dute Alegiako udaletxean egindako ekitaldian, eta hainbat konpromiso berretsi dituzte, gizartearen aurrean.

Horrenbestez, euskararen etorkizuna bermatzeko jarduerak sustatzeko, garatzeko edo babesteko erantzukizuna dutela aitortu dute erakundeok, «legez ezarria eta, batez ere, gure desioz onartua». Tolosaldeko Euskararen Mahaia euskalgintza instituzionala eta sozialaren bilgunea izango da. Bertan batu dira Tolosaldeko 20 udal Abaltzisketa, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkil (datorren asteetan egingo diren bilkuretan tratatuko dute Adunan, Belauntzan, Berrobin, Bidania-Goiatzen, Hernialden eta Ibarran); Tolosaldea Garatzen garapen agentzia; eskualdeko 10 hezkuntza zentro Herrikide kristau eskola, Laskorain ikastola, Orixe institutua, Tolosaldea Lanbide Heziketa institutua, Samaniego herri eskola, Anoetako ikastola, Irurako ikastola, Uzturpe ikastola, Aralar institutua eta San Millan eskola txikia; Andoaingo AEK eta Tolosako Aitzol udal euskaltegia, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Manuel Larramendi Bazkuna, Galtzaundi Euskara Taldea, Harituz Bertsozale Elkargunea, 28 Kanala, Aiurri eta TOLOSALDEKO ATARIA.

Bere lur-eremu osoan komunikazio eta hizkuntza nagusia izan dadin, «berdintasun eta aniztasun balioen oinarrietatik», euskara indarberritu eta bere erabilera normalizatzea izango du misio, Tolosaldeko Euskararen Mahaiak. Eragile instituzional, sozial eta kulturalen elkargune eta erabakigunea antolatzea izango du helburu estrategiko nagusia, gobernantza eredu berri bat oinarri hartuta, eskualde mailako hizkuntza politika definitzeko, normalizazio erreala lortzeko beharrezko diren baliabideak adostu eta abian jartzeko, eta eragileen arteko elkarlana bermatzeko. Horretarako, mahaiak bizikidetza eremu zabalean inklusio bidea egiteko diskurtsoa eta metodoa landuko ditu, garapen sozio-ekonomikoarekin uztartuko da, eta bizitza sozio kulturala euskaraz izan dadin ahalbidetuko du.

Adierazpenarekin bat egin duten erakundeek euren esperientzia eta baliabide teknikoak egitasmoaren zerbitzura jartzeko konpromisoa hartu dute, hala badagokie, «mahaiaren baitan adostutako ekimen zehatzak ekonomikoki sostengatuz».

Elkarlanaren argazkia

Hartutako konpromisoak gizarteratzeko Alegian egindako agerraldian, egitasmo horren zimenduak josteko aurretik egin den lana azpimarratu dute bultzatzaileek. Tolosaldeko Euskararen Mahaia sustatzeko, lantalde bat egon da martxan, 2018an, eta bertan elkartu dira, euskalgintza instituzionalaren eta sozialaren sentsibilitateak eta lan ereduak. Tolosako, Alegiako, Abaltzisketako eta Asteasuko udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, Galtzaundi Euskara Taldeak, Larramendi Kultur Bazkunak, Uemak eta eskualdeko euskara teknikariek hartu dute parte, zenbait aditurekin batera. Gobernantza eredu berritzaile eta erreferentziazkoa eraikitzeko, sakondu beharreko kontzeptuak aipatu dituzte adierazpenean: «Euskalgintza instituzionalaren eta sozialaren arteko elkarlana; eskualde ikuspegia; estrategia eta helburu komunak; berdintasuna eta zeharkakotasuna; eta eraginkortasuna eta lidertza partekatua». Talde sustatzailean parte hartu duten Idoia Olano Anoeta eta Irurako euskara teknikariak eta Manuel Larramendi Bazkunako kide Joxin Azkuek irakurri dute adierazpena.

Tolosaldea Euskal Herriko eskualde euskaldunenetakoa izateak, hizkuntzen indarberritze eta normalizazioan erreferentzia izatea dakarrela aipatu dute adierazpenean, eta horrek «ausardiaz, koherentziaz eta eraginkortasunez» jokatzea eskatzen duela.

Alegiako aurkezpen ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko hizkuntza berdintasun zuzendaria; Amaia Azkue Berastegiko alkate eta Uemako zuzendaritzako kideak; Xabier Bengoetxea Galtzaundi Euskara Taldeko kideak; eta Lorea Agirre Jakin-eko zuzendari eta euskara eta feminismo kontuetan adituak.

"Indar handia ematen diogu elkarlanari, administrazio eta eragileen arteko elkarlanak irabazi gehiago ematen ditu".
Garbiñe Mendizabal, hizkuntza berdintasun zuzendaria

 

"Eskualdeko ikuspegi integral batetik, plangintza honek modu eraginkorragoan eragiteko aukera ematen digu".
Amaia Azkue, Uemako zuzendaritzako kidea

 

"Arduraz hartzen dugun erronka da, ez baita aurrez inoiz egin. Jartzen dugunaren araberako emaitza izango du".
Xabier Bengoetxea, Galtzaundi Euskara Taldeko kidea.

 

"Euskararen normalizazioak igaro behar du, halabeharrez, gizarte berdinzalego eta bizigarriago bat egitetik".
Lorea Agirre, Jakin-eko zuzendaria

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!