Aurreko espedizio hartatik, Amasa-Villabonako Oihana Iguaran eta Iñaki Lizaso dira oraingo honetan itsasoz bestaldera joango direnak.
Xabier Urbieta, 26 urteko asteasuarra eta Behar Zanarekin entrenatzen duena. Pilotari ezaguna da, afizionatu mailan urteak goi mailan dabilena. Irabazi daitekeen ia dena irabazia du, eta egun Garfe pilota enpresan jokatzen du.
Ibon Aranalde, 35 urte, Oriokoa eta Behar Zana taldearekin entrenatzen duena. Pilotari beteranoa, fina eta oso segurua da.
Hauekin batera, aipaturiko Behar Zana taldeko Iñaki Lizaso izango da, aurten, berriz ere, 35 urterekin joko maila onean dena, eta trinketean txapela atera berri duena Urbietarekin.
Bertsotan berriz, aipaturiko Oihana Iguaran amasarra izango da. Bertsolari guztiz ezaguna, goi mailan ezarria dagoena, eta azken urteetan saio on eta asko ematen ari dena.
Azkenik, Beñat Gaztelumendiren tokian Unai Mendizabal zizurkildarra joango da. Azken urteetan gazte mailako sari banaketa askotan txapela irabazi duena. Zer esana ematen ari den eta emango duen bertsolaria.
Seikote honek San Frantziskon hasiko du ibilaldia. Apirilaren 16an, bertako Euskal Etxean, Bertso PIlota saioa eskainiko dute, eta ondoren, berriz, afaria eta bertso saioa izango da. Bertso Pilotaren etorrera dela eta, pozarren daudela aitortu dute bertako antolatzaileek.
Ondoren, Las Vegas bisitatuko dute eta bertako Lagun Onak Euskal Etxea. Bertan, euskal kantuen eta bertsoen zain egongo dira guztiak.
Las Vegas bisitatu eta gero Bakersfielden izango dute 3. emanaldia. Pilotan ez ezik, bertsotan eta kantuan ariko dira bertan. Iñaki Lizaso Bihozkadako musika taldeko kideak, gitarra izango du eskuragarri eta kantaldia eskainiko du. Honekin batera euskal kantak abestuko dituzte eta Iguaran eta Mendizabalek bertso saioa eskainiko dute bertako Euskal Etxean.
Azken eta laugarren emanaldia Los Angelesen, Chinon eskainiko dute. Bertso Pilota saioa izango da bertako Centro Bascon.
Beraz eta hasiera batetan, gehiagorik ez bada izaten behintzat, lau emanaldi eskainiko dituzte guztira abentura berri honetan.
Argentinan bertsoak gaztelerara itzuli ziren bezala, oraingoan ingelesera itzuliko dira. Erronka polita, eta pauso bat gehiago euskal kultura diasporan zabaltzeko bidean.