'Arria V.a' finalera, Zabalak etxean ezin aurrera egin

Ataria 2019ko apirilaren 8a

Leaburun Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren jardunaldia jokatu zen atzo. Ibai Zabalak amore eman behar izan zuen Arria VI.aren aurka. 

Asteburuan herri kiroletan hiru hitzordu nagusi izan dira. Goenatxo II.ari omenaldia, alde batetik, eta bestetik, bi lehia. Azken hauetako bat Leaburun jokatu zen igandean. Urrezko aizkolariak aritu ziren banaka, kanporaketan. 19 urtez azpikoetan, Unai Zabala txaramarrari galtzea tokatu zitzaion Arria VI.aren aurka. 

Bestetik, Basque Sports-ek antolatzen duen 5 Kirol lehiaketan, Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.ak finalerako txartela lortu zuen, Eizmendi harri-jasotzailea lagun zuela. Mikel Larrañaga eta Peñagarikano zituzten aurkariak. Bikote bakoitzak egin beharreko lana, berriz, ondorengoa zen.

  • 100 jasoaldi, 100 kiloko koparekin. HARRIJASOTZAILEAK
  • 45 ontzako 12 enbor. AIZKOLARIAK
  • 50 kiloko txingekin 12 plaza. TXANDA LIBREAN
  • 150 jasoaldi, 18 kiloko ingudearekin. TXANDA LIBREAN
  • 45 ontzako enborrari 10 mozketa trontzarekin. BIAK BATERA

Mikel Larrañaga eta Peña bikain hasi ziren. Lehen lau ariketen ondoren aurretik ziren. Trontzara abantailarekin iritsi ziren, eta besteak hasterako, bi mozketa eginak zituzten. Hor, ordea, Peña bete egin zen, eta lanak amaitu ezinik geratu zen ordura arte aurretik zebilen bikotea. Amaieran, Arria V.ak eta Eizmendik 44 minutu eta 37 segundotan amaitu zituzten 5 Kirolak. Bikote galtzaileak azken bi mozketak ez zituen egin. Garaipen horri esker finalean egongo dira Arria V-Eizmendi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!