Saiazko herritarren bizitzak errazten

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 7a, 05:59

Albizturrek, Bidania-Goiatzek, Beizamak eta Errezilek osatzen duten Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 25 urte bete ditu. Herritar guztien bizi kalitatea hobetzen egin duten lana gogorarazteko, apirilaren 12an ospatu egingo dute urtemuga, Bidaniako Iriarte Jauregia Hotelean.

Hogeita bost urte erraz esaten dira, baina bidea luzea da. Atzera egin, eta 1992. urtean hasi zuten bidea. Albizturko, Beizamako, Bidania-Goiazko eta Errezilgo 1.600 herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea helburu duen Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea sortu zuten.

Ordura arte zegoen eredua aztertu eta, lau udalerrien artean, gizarte laguntzailearen lanpostu bat ateratzea erabaki zuten. «Duela 25 urteko politikariek, ikusiko zuten, gizarte politikak herriz herri aurrera eramatea zaila zela. Eta, mankomunitatea osatuta, errazago ikusiko zuten», azaldu du Elena Rikondok. Bera da 25 urte hauetan lau herrietan lanean aritu den gizarte langilea. Gizarte zerbitzuen inguruko informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematen du, herrietako pertsonekin, taldeekin eta komunitatearekin batera elkarlanean. Duela 25 urteko udal hautetsiek eta langileek egindako lanari esker, Saiaz Mankomunitatea sortu zuten 1993ko udazkenean eta, 1994ko martxoan, gizarte langilea kontratatuta, martxan jarri zuten mankomunitatea.

Gaur egungo Saiaz mankomunitateko lehendakaria Agurtzane Zelaia da, Bidania-Goiazko zinegotzia: «Gaur egun, ikusten ditut mankomunitaterik gabeko herriak, eta ez daukate zerikusirik guk hemen egiten dugun lanarekin», dio.

Helburu nagusia «araudian eta programetan bat egitea» da: «Indarrak batzea litzateke eta, adibidez, 2004an Bidania-Goiatzen eta Errezilen eguneko zentroak sortu baziren ere, beste herriak ere parte izan ziren. Gaur egun ere horrela da, inguruko herrietako adineko eta ezinduak etortzen dira gure zentroetara», argitu du Rikondok. «Bakarka lan egiteko, garbi eduki behar dugu oso-oso herri txikiak direla», nabarmendu du, eta gaineratu: «Denborarekin ikusi dugu, eta Agurtzanek esan duen moduan, oso zaila da bakarka lan egitea».

Nahiz eta lau herrien artean kilometro batzuk izan tarteko, eta hori antolatzeak lan handia eman, Zelaiak garbi du: «Guretzat apustu handia da eguneko zentroak mantentzea, eta horrek bizi kalitatea asko hobetzen du».

Zailtasunez betetako lehen urteak

Mankomunitatea sortu, eta Elena Rikondok hartu zuen lanean hasteko ardura. Atzera begira jarriz ez zela batere erraza izan dio, eta jarraitu du: «Gizarte zerbitzuak ez ziren batere ezagunak, eta ez bakarrik herri hauetan; orokorrean Gipuzkoan, eta baita beste herrialdeetan ere». Argitu du, jendeak ez zekiela ondo, zein zen beraien funtzioa edo lana. «Jendeak beldurra zeukan. Ez zuten nahi, beraien etxeko arazo edo kontuak guk jakiterik. Kulturalki, urtetan mantendu izan da, 'arazoak gure etxe barruan utzi, eta aurrera egin behar dugu familia bezala' ideia, beraz, hor profesional bat sartzea zaila egiten zitzaien». Bere lana ezagutzera emateko etxez etxe ibili zen Rikondo, bere lanaren gaineko informazioa emanez: «Batzuetan ez nuen lortu etxeetara sartzea ere, beste batzuetan, txakurrak hantxe eduki nituen inguruan,... Ez zen erraza izan, eta sortu egin behar zen. Zerotik hasi eta ulertarazi zeintzuk ginen». Gogoan du 'zertara?' galdera: «Ez ginen medikuak, ez ginen irakasleak, ez ginen albaitariak,... Orduan, zertara zatoz hona?». Aldi berean, «gizarte zerbitzuak ez ziren batere erosoak alkate eta zinegotzientzat» ere: «Gauza arraroekin inguratzen nintzen».

Hamar bat urte behar izan zituen, Elena Rikondo gizarte languntzaileak, lau herrietako herritarrengana iristeko: «Gaur egun jendeak gizarte zerbitzuak ulertzen ditu. Eta, lehengoan, herritar batek esaten zidan, ez dutela hartu instituzio handi baten moduan. Jendea asko etortzen da, eta ateak oso irekiak ditugu. Asko zabaldu da, eta ez da pobreen zerbitzua. Eta ez da hemengo herrien kontua bakarrik. Orokorki, gizarte zerbitzuak gero eta gehiago ikusten dira eta, gure bizitzako uneren batean, edozein pertsonak behar izango duen zerbitzu moduan ikusten ditu jendeak».

Gogora dakar Rikondok, lehen, gizarte zerbitzuetara joate hutsa arazoarekin lotzen zela. «Arazoa izan daiteke, baina izan daiteke informazioa, aholkularitza,... eta nik uste dut horretara iritsi garela. Eta horrek ireki egin ditu ateak. Lasaitu egin da jendea eta, beraien etxeetara joaten garenean, edota hona etortzen direnean, aldaketa handi bat gertatu da» nabarmendu du.

Agurtzane Zelaiak mankomunitateko zerbitzuen aspaldiko oroitzapenak ditu: «Lehena pintura ikastaroa izango zen. Lanean erreta nenbilen, bi arratsalde libre nituen, eta izena eman nuen. Gero, amonarekin, etxez etxeko laguntza ere ezagutu dut». 1994an hasi zen lanean Rikondo, eta urtebete beranduago egitasmoak antolatzen hasi ziren. «Ez emakumeei bereziki zuzenduta; kontua da, gizonezkoak ez zirela etortzen», gaineratu du. «Eskulanak, gimnasia, yoga, hitzaldiak... Eta lan komunitario hori herritarrengana iristeko, oso era egokia izan zen eta, era berean, herritarrak beraien artean elkartzeko gune on bat».

Aipatzekoa da, beti belaunaldi oso ezberdinen artekoa izan dela lanketa. I. Berdintasun Planeko ebaluazioa egin berria dute, eta nabarmendu dute, zein garrantzitsuak diren horrelako guneak, eta mantendu egin behar direla: «Hor jendea elkartzen da, hitz egiten du, harremana mantentzen du. Neguan ere ilusio bat dago, eta gauza xumeak dira, baina lan komunitario horrek, egia esan, garrantzi handia dauka», azaldu du Rikondok. Eta ez da kasualitatea izan: «Esaterako, Agurtzane hor zebilen pintatzen, eta beste asko. Gaur egun, gure zinegotziak dira, edota zaintzaile enpresa sortu dutenak,... Hor badago ibilbide bat emakumeen jabetzean», azpimarratu du. «Niretzat, hor bada hasiera bat». Zelaiak ere nabarmendu du: «Egia da, gaur egun, emakumeok herri hauetako leku garrantzitsuetan sartuta gaudela, eta oso parte hartzaileak garela eta, esango nuke, gizonezkoak baino gehiago».

Pertsonetan oinarritutako lan eredua

«Intuizioz hasi ginen lanean, eguneko zentroarekin eta etxez etxeko laguntzarekin, batik bat, baina ezer idatzi eta landu gabe», hasi da hizketan Rikondo: «Matia fundazioarekin elkartzean, forma ematen hasi ginen».

Pertsonei garrantzia ematearekin, kontuan hartzen dute pertsona bakoitzaren historia, nondik datorren, zer duen gustuko eta zer ez. Eta erabiltzen duten zerbitzu horrekin etxez etxeko laguntzan edo eguneko zentroan lotura bat egiten saiatu dira: «Bertsogintza gustuko badu, esaterako, bada saiatuko gara bertsogintzarekin lotutako zerbait egiten, eta berari protagonismoa ematen», zehaztu du, lan ildoetako bat azalduz.

Bi eguneko zentro dituzte, eta beste ildoetako bat zentroak etxeak bezala moldatzea izan da. Etxe giroa sortzea izan dute helburu, eta paisaiekin edo baserritarrez margotu zituzten paretak: «Adinekoei asko gustatu zitzaien, eta nolabait instituzio itxura kendu genuen». Zelaiak dio etxe giroa dutela: «Beraien etxean daude eta, gerturatzen bazara, esertzeko esaten dizute, edo kafea eskaintzen dizute». Bi eguneko zentroetan, momentu honetan, 11 pertsona biltzen dira.

Adinekoei begira lan asko egin du Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, baina emakumeak ere lehen lerroan izan ditu, behar duten garrantzia emanaz. Era berean, herri txikiak izanik, diru laguntzak behar izaten dituzte proiektu eta egitasmoak aurrera ateratzeko. Kasu horretan, Emakunderen diru laguntzak baliatu zituzten, diagnostiko bat egiteko: «Ikusten genituen egoera horiei hitza jarri nahi genien, eta hor atera zen emakumeak oso etxe inguruan, barruan sartuta zeudela; lan zama handia zuten, bai baserriko lanetan, eta baita zaintzan ere; eta oso eskasa zen beren parte hartze soziala eta politikoa. Era berean, maskulinitate eredu oso-oso markatuak zeuden; batere laguntzen ez duen dispertsioa...». Diagnostiko hori 2008. urtean egin zuten eta, ondoren, 2011n jarri zuten martxan lehen plana, zehaztuz, zer egin nahi zuten mankomunitatean, urte batzuetan egoerari buelta emateko.

2011-2018 Lehenengo Berdintasun Planaren Ebaluazioaren emaitzak jasota, dagoeneko sumatu dituzte aldaketak, esaterako, parte hartze politikoan. «Nik ere ikusten dut, eta egia da, herri bakoitza mundu bat dela. Hala ere, orain emakumeak oso parte hartzaileak dira. Atzean zeuden horiek, hau da, taloak egiten zeuden horiek, orain lehen lerroan daude. Emakume asko dauzkagu, eta ez dut uste kasualitatea denik, eta egin, egin behar dugu jabetze prozesu bat, eta jada emaitzak ikusi ditugu». Emagin elkartekoekin egin dute ebaluazio lana, eta «beraiek ere hori ikusi dute, eta jaso dute».

«Mugimendu handia dago, gogoa dago eta emakume askok ikusi dute gai direla gauza askotarako. Ez dela ikasketa maila handi bat behar, baizik eta ausardia eta gogoa» azpimarratu du Rikondok. Eta Zelaiak gaineratu du, «mugimendu askotan eta erabakitzeko guneetan», emakumeak daudela: «Gizonezkoak baino gehiago. Indartsu gaude».

Urtetan, eskola mailan, ume, guraso eta irakasleekin Hezkidetza proiektuan lan handia egin dute. Era berean, gazteria ez da gizarte zerbitzuen barruan egon eta, «zaila den arren», 18-30 urte artekoekin lan egin nahi dute, eta dinamizatu: «Nahiz eta jakin, Azpeitiko edo Tolosako emakume taldeetan parte hartzen dutela, hemen ere hori indartu nahi dugu. Eta, jabetze prozesua indartzeaz gain, belaunaldi ezberdinak elkartu nahi ditugu, eta, nola ez, maskulinitate eredua ere landu nahi dugu», azaldu du gizarte langileak.

Guraso batzuen bidez maskulinitatea lantzeko aukera izan dezaketela azaldu dute eta, mankomunitatearen abantailak baliatuz, beste eskolei ere jorratzeko aukera proposatuko diete.

Hogeita bost urtean bizipen ugari izan dituzte eta, urte horietan guztietan, gizartea erabat aldatu da: «Digitalizazio munduan gaude, globalizazioan, zorionez familia eredu ezberdinak iritsi dira, migrazioaren gaia ere bertan dago, eta hainbat lurraldetako jendea hemen kokatzen ari da. Krisialdiak ere gogor jo zuen hemengo enpresa batzuetan, eta gizonezkoek ere erabat aldatu behar izan zuten beren lan egoera. Honenbestez, familia egoerak erabat aldatu ziren, gatazkak sortuz» laburtu du ibilbidea. «Baina, emakume askok, formazioa jaso, eta aurrera egin zuten, etxeetako egiturak guztiz aldatuz». Oraindik ere betiko tradizioaren parte handi bat hor dagoela onartu dute, baina, globalizazioaren ondorioz, beste gizarte mota hori oraindik badela azaleratu dute.

«Horri ere ateak zabaldu behar dizkiogu, eta oso garrantzitsuak dira eskolak, horretan laguntzeko. Albizturrek, Bidania-Goiatzek eta Errezilek eskola edukitzeak herriei bizia ematen die eta, esaterako, integraziorako eskolarekin egiten dugu elkarlana», diote. Aldaketa onerako gertatu delakoan daude, eta herriari irekitzen laguntzen diotela uste dute. Batzuen itxitasunean, irekitasuna ere ikusten dute: «Asko eta asko beren lurraldeetan egoerak oso zaila delako etorri dira eta, aniztasuna esaten dugunean, gai izan behar dugu egunerokoan beraiengana gerturatzeko. Lau herrien artean, migratzaile gehienak Bidanian daude», azaldu du Rikondok. Eta Zelaiak gaineratu du, familia eredu anitzak ere asko daudela.

Gizarte zerbitzuen alorreko erronka handienetakoak dependentzia eta hirugarren adina direla azpimarratu dute, eta ez dela bertako kontua soilik, baita Europa mailakoa ere. «Erronka handia dugu. Hemen jendea urte asko eta asko bizi da. Helburua, jendea egoitzetara ahalik eta beranduen joatea izango litzateke, eta ahal bada etxeetan hiltzea. Erronka gizarte mailan eta osasungintza mailan dugu», dio Rikondok. Mediku eta erizainekin batera elkarlana bultzatzen ari dira.

Beste erronka, emakumeen jabetzean dutela diote: «Bultzatu egin behar ditugu daukatena ateratzera eta, oraindik ere, etxe inguruan daude, eta ez dira ausartzen zenbait pauso ematera». Agurtzane Zelaiaren ustetan, zentzu horretan, oraindik lan asko dago egiteko: «Guk talde txiki bat sortu dugu, edo horretan gabiltza. Ea orain nola hasten garen emakume taldean».

Diru laguntzen eske ibili behar dute. Lau herriak txikiak dira, eta beti gutxi da. «Zergatik? Bada, gure erronkak gero eta handiagoak direlako. Eta guk gehiago lortzen saiatu behar dugu, herritar gehiagorengana iristeko», azpimarratu du Rikondok. Beste batzuekin alderatuz gero, ordea, laguntza handiak dituzte.

Tolosaldean hiru mankomunitate daude, baina, orokorrean, ez daude Saiazen moduko mankomunitate asko. Hainbatentzat, eredu dira. Bide onean doazela bistakoa da, erraza ez izan arren, emaitza onak lortzen ari baitira. «Elena beti prest dago lanerako, eta diru laguntzak lortzeko. Guk beti aurrera egin dugu», argitu du lehendakariak.

Ospatu beharra

Hasieran, Elena Rikondok ez zuen garbi 25 urteak ospatzearena, baina, ondo pentsatuta, garrantzitsua dela iruditzen zaie, ibilbide guztiari errepasoa eginez ospatzea.

Hasteko, inguruan artista jende dezente dutela kontuan hartuta, bideo labur bat prestatu dute. Apirilaren 12an, Bidania-Goiazko Iriarte Jauregia Hotelean elkartuko dira, 11:00etan. Egindako bideo hori ikusi ostean, bertaratzen diren guztiekin kafe bat hartuko dute. Erakusketa bat ere antolatuko dute argazki bidez, eta ikusgai egongo da. Gero, erakusketa herriz herri mugituko dute, lau herrietako bizilagunek ikus dezaten. «Jendetza ikusten da. Urte hauetan guztietan zenbat jende pasatu den, eta zenbat jendek parte hartu duen egitasmoetan».

Mankomunitatea sortu zutenetatik hasi dira gonbidapenak bidaltzen. «Batzuk jada gure artean ez badaude ere, urte hauetan guztietan izan diren zinegotzi eta alkateak gonbidatu ditugu». Baita hainbat programatan parte hartzen duten mediku, erizain eta irakasleak, eta urtez urte gurekin dauden adinekoak ere: «Azkenean, jendeak parte hartu duelako izan da posible proiektu hau. Guk jenderik gabe ezingo genuke aurrera egin», nabarmendu du Rikondok. «Uste dut momentu ona dela, pixka bat gelditu, eta ikusteko zer egin dugun. Zeren gauza asko egin ditugu, eta ahaztu egiten ditugu», gaineratu du Zelaiak.

Baina Saiaz Mankomunitatearen lanak ez du etenik. Eta garbi dute, biek ala biek, gutxienez, oraingo ildoari eutsi egin behar diotela, eta lanean jarraitu behar dutela, martxan dituzten proiektuak aurrera ateratzeko.

«Lan ildo nagusiak edukitzea eta honetan sinesten duten eta aurrekontutik zati handi bat bideratuko duten politikariak izatea garrantzitsua da», dio gizarte langileak. «Gizarte politikak merezi duela sinestea da gakoa, eta gure lana jendea hobeto bizitzeko egiten da. Jendeari bizitza erraztea da». Lau herri txikietan, biztanleak baldintza duinetan bizitzeko egiten dute lan.

Bukatzeko, talde lana azpimarratu nahi izan du Rikondok, gogora ekarriz, ez duela bakarrik lan egiten. Idazkariak, administrariak, eta ordezkari politikoak ere alboan ditu. Eta «beraiek ikusten badute, errazagoa eta azkarragoa da lan egitea». Rikondok, gazteak ere herriari begira lan egiteko gogoz sentitzen ditu. «Leku ederrean bizi gara, eta hori mantendu nahi dugu, eta horretarako lan egiteko prest gaude», amaitu du Zelaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!