Kirolari talentudunei bultzada

Imanol Garcia Landa 2019ko api. 5a, 15:58
Eukene Larrarte eta Naia Amondarian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizuneko kirolari izendatu zituen 250 kirolari gazte, iaz egindako deialdian; horietatik hogei, kirolari talentudun moduan bereizi ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kirolean nabarmentzen diren gazteei laguntzeko deialdia egiten du urtero. Etorkizuneko 250 kirolari izendatu zituen iazko deialdian, eta talentudun kirolari izendapena eman diete horietatik hogeiri, orain arteko lorpenengatik. Naia Amondarain (Ibarra, 2001) Murias-Limousin taldeko txirrindularia da horietako bat: “Niretzat aitortza garrantzitsua da foru aldundiak talentudun kirolari izendatzea”, azaldu du Amondarainek berak.

Izendapena jasotzeko, iazko lorpenak hartu dituzte kontuan, besteak beste. Pistan, Madison proban, Espainiako txapeldun izan zen Amondarain, Izarne Maiozekin batera; horrez gain, bigarren egin zuen banakako jazarpen proban, eta baita puntuazioan ere. Munduko Txapelketan parte hartu zuen gero: 10. postua lortu zuen omniumean, eta 13. postuak scratchean eta puntuazio proban. Errepidean, berriz, Europako Txapelketan parte hartu zuen.

Eukene Larrartek (Tolosa, 1998), Gipuzkoa Ogi Berri taldeko txirrindulariak, 2017ko deialdian jaso zuen talentudun kirolari izendapena. “Dirua ematen dizute batetik, eta niri oso lagungarria egin zait diru hori, unibertsitatea ordaintzeko, adibidez”, azaldu du Larrartek berak. Bestalde, hainbat zerbitzu jaso ditu urtebeteko tartean, eta, gaur egun ere, programa horretatik kanpo, baina jasotzen jarraitzen du: “Fisioterapeuta, psikologoa, nutrizionista… Oso lagungarriak dira denak”. Izan ere, aldundiaren laguntza du oraindik ere tolosarrak: “Taldeari laguntzen dio horrek, eta Kirolgirekin lotuta ere jarraitzen dut; hortik ere jasotzen dut laguntza”.

Dirua eta hainbat zerbitzu

Horrelako bultzadak “oso lagungarriak” direla onartu dute bi kirolari gazteek. “Kontuan hartu behar da gastua daukala bizikletaren mantentzeak ere”, azaldu du Larrartek. Bestalde, gaineratu dute ikasketak eta kirola uztartzea dela zailena errendimendu handirako bidean. “Elite mailara pasatzean izaten da bereziki zaila. Unibertsitate garaia izaten da, eta ordu asko igaro behar izaten ditugu ikasten eta kirola egiten”.

Amondarainek jaso du, dagoeneko, talentudun izendapenaren diru laguntza. “Baina garrantzitsuak dira gainerako zerbitzuak ere. Oraingoz, azterketa biomediko bat egitea eskaini didate niri, baina, taldearekin urte hasieran egin nuenez, ez dut egin berriz ere”, zehaztu du ibartarrak.

Denboraldi honetan ere emaitza esanguratsuak lortzen ari dira bi kirolariak. Pistan, nazioartean, hamar onenen artean ibili da Larrarte, eta “pozik” dago lorpen horrekin. Espainiako txapeldun izan da omniumean, elite mailan, eta Espainiako Kopa ere irabazi du. Errepideari dagokionez, berriz, 23 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartzea da denboraldi honetako helburua. Amondarainek ere Espainiako Kopa irabazi berri du pistan, gazte mailan, Euskadirekin, eta urrea du azken proban, madisonean, Garazi Estevezekin. Errepideko denboraldiari dagokionez, Europako Txapelketan parte hartzea du helburu hark ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 90eko hamarkadatik du abian Etorkizuneko Kirolariak programa. Gutxieneko meritu batzuk egin behar dira programan parte hartzeko, eta beste irizpide orokor batzuen arabera izendatzen dituzte talentudunak. “Proba batzuk egiten dituzte horretarako, federazioaren txostena jasotzen dute gero, eta horren arabera izendatzen dituzte talentudun kirolariak”, azaldu du Ion Treku aldundiko kirol teknikariak.

Etorkizuneko kirolariei eta talentudunei ematen dizkieten zerbitzuen artean daude unibertsitatera sartzeko ziurtagiria, eta unibertsitateetan goi mailako kirolarientzat gordetzen duten ehuneko jakin bat. “Bestalde, federazioaren txosten teknikoa ere jasotzen dute”, azaldu du Trekuk. “Topaketa bat ere egiten dute asteburu batean, elkar ezagutu eta komunitatea sortzeko”.

Horrez gain, beka bat ematen diote kirolari talentudun bakoitzari, 2.000 eurokoa, gutxi gorabehera, eta baita bestelako zerbitzu batzuk ere: nutrizio arloko laguntza, kirol psikologoa, kirol plangintza egiteko laguntza, eta Jaurlaritzak duen Hobekuntza Teknikorako Zentroan jarraipen biomedikoa egiteko aukera.

Gipuzkoa, “osasuntsu”

14 urtetik 18ra bitarteko kirolariei zuzenduta dago egitasmoa, eta Espainiako Txapelketan norbere mailan edo norbere adinekoen artean gutxienez hiru onenen artean sartzea da baldintza. Iaz etorkizuneko 250 kirolari izateak Gipuzkoa kirolean “osasuntsu” dagoela esan nahi du, Trekuren ustez. 24 kirol ordezkatzen dituzte guztira; emakumezkoak dira kirolarien %46, eta gizonezkoak %54. Talentudunen artean, berriz, hamar kirol daude ordezkatuta, eta hogei kirolarietatik hiru bakarrik dira emakumezkoak. “Hala suertatu da aurten, baina ia-ia erdi eta erdi ziren 2017ko izendapenetan”.

Egitasmoaren helburua ere azaldu du aldundiko kirol teknikariak: “Gipuzkoan goi mailara irits daitezkeen kirolariak detektatzea, eskola kirolean daudenetik 18 urte bete arte jarraipena egitea, eta, ahal dugun heinean, etorkizunean goi mailara irits daitezen laguntzea, zerbitzuak eskainiz eta aholkuak emanez”. Aurki argitaratuko dute 2019ko deialdia.

KIROLARIEN ZERRENDA

Hauek dira talentudun gisa bereizi dituzten hogei kirolariak:

Iker Amatriain Arregi. Zarautz (surfa).

Xabier Amonarriz Irastorza. Larraul (halterofilia).

Naia Amondarain Gaztañaga. Ibarra (txirrindularitza, errepidea-pista).

Koxme Burutaran Olaizola. Donostia (arrauna).

Ibai Camarero Barrasa. Hondarribia (arrauna).

Iñaki Diaz Melero. Tolosa (txirrindularitza, pista).

Unai Etxepare Virto. Hondarribia (arrauna).

Endika Garcia Cepa. Errenteria (arku tiroa).

Xabier Irigarai Ferreira. Hondarribia (arrauna).

Ekain Jimenez Elizondo. Oiartzun (txirrindularitza, pista).

Amets Karrera Salsamendi. Urnieta (judoa).

Jon Kepa Kortajarena Sanchez. Zizurkil (halterofilia).

Mikel Linazisoro Molina. Bergara (eskalada).

Telmo Otegi Petrirena. Donostia (arrauna).

Iker Oiarzabal Albas. Donostia (patinajea).

Asier Pozo Notario. Lasarte-Oria (txirrindularitza, errepidea-pista).

Jaime Romero Villanueva. Astigarraga (txirrindularitza, errepidea-pista).

Nora Sarriegi Galdos. Donostia (futbola).

Ander Uranga Arando. Anoeta (atletismoa).

Mikel Iñaki Urruzuno Odriozola. Donostia (arrauna).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!