Larrarte eta Amondarain, Espainiako Kopako txapeldun

Imanol Garcia Landa 2019ko api. 4a, 12:08

Eukene Larrarte tolosarrak Open mailan lortu du, eta Naia Amondarain ibartarrak juniorretan.

Pistako txirrindularitzan Espainiako Kopa eskuratu dute, Eukene Larrarte tolosarrak eta Naia Amondarain ibartarrak, Open mailan eta junior mailan, hurrenez hurren, aurreko asteburuan Valentzian hirugarren jardunaldia jokatu eta gero. Horrez gain, Amondarainek Madisoneko Espainiako Txapelketa irabazi zuen Garazi Estevezekin batera.

Larrarte nagusitasunez gailendu zen Espainiako Kopan, eta bera izan zen aurtengo protagonistetako bat. Koparen hiru jardunaldietan irabazi zuen: Mallorcan, Galapagarren eta Valentzian. Probei dagokienez, puntuazioan, Tempon eta kanporaketan erraz gailendu zen tolosarra. Guztira 48 puntu lortu zituen Larrartek, eta bere atzetik sailkatu ziren Mireia Orengo eta Isabel Ferreres, 23 eta 21 punturekin hurrenez hurren.

Amondarainek eta Estevezek erraz irabazi zuten Madisonean, 45 punturekin, itzuli bat aurreratu eta bost esprintetatik lautan gailendu ostean. Zilarra Marina Garau eta Maria Rosello balearrentzat izan zen, 22 punturekin, eta hirugarren postua Arene Etxarri adunarrak eta Ekhiñe Rivasek lortu zuten, 18 punturekin.

Kopari dagokionez, Madison probaz gain, tempo eta kanporaketa probak hartzen ziren kontuan. Hain justu, Amondarainen eta Estevezen arteko lehia interesgarria izan zen. Ibartarrak kopa eskuratu zuen, baina Valentziako jardunaldian jokatutako Tempo eta kanporaketa probetan Estevez izan zen irabazlea. Honek bigarren postua lortu zuen kopan, hiru jardunaldiak kontuan hartu ondoren osatu den sailkapenean. Hirugarren postua Marina Garauk eskuratu zuen.

Eskualdeko beste hainbat txirrindularik ere parte hartu zuten, Valentzian jokatutako Espainiako Kopako jardunaldian. Open mailan Amaia Imaz tolosarra izan zen eta kadete mailan Naroa Olano hernialdearra eta Amaia Astarloa tolosarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!