[BABESTUTAKO EDUKIA] "Fraisoron matrikulatu nintzen oraindik naizen kalekume hau pixkanaka baserritartzeko"

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 4a, 08:58

Nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenean erdi mailako zikloaren bigarren mailako ikaslea da Julen Basterra Garmendia, Fraisoro Nekazaritza Eskolan. Egun, Sasiaingo Baratzan ari da formakuntza dualean.

Zergatik aukeratu zenuen lanbide heziketa ikasketak egitea?
Nire inguruko gelakide gehienen bidea jarraituz unibertsitatera joan nintzen Batxilergoa egin ostean. Euskal Herriko Unibertsitatean Filosofia ikasi nuen lau urtez eta bide aberasgarri hori amaierara iritsi zenean zer egin ez nekiela geratu nintzen, mundua zabalegia iruditzen zitzaidan, aukera gehiegi zeuden. Orduan, Filosofiarekin zer egin? galdera madarikatuari erantzuteko, alegia, hortik dirua ateratzeko, irakaskuntza masterra egiten hasi nintzen. Hasieratik ideiak ez ninduen asko konbentzitu eta osasun arazo batzuk tarteko ez nuen urtea amaitu, masterra erdizka geratu zelarik.
Gauzak honela, aurreko udaran baserri batean boluntario aritzeko ideiari (hau ere bertan behera geratu zen) tira egitea erabaki nuen eta nekazal mundura gerturatzeko bulkadari jarraitu nion. Familian eta lagunartean landatarrik ez nuela kontuan izanda eta nire ezagutzak oso urriak zirela kontziente nintzenez, nekazaritza eta abeltzaintza ziklo bat egin behar nuela erabaki nuen. Hortaz, Fraisoro Eskolan matrikulatu nintzen oraindik naizen kalekume hau pixkanaka baserritartzeko.


Eta zer moduz DUAL prestakuntzan?
DUAL prestakuntzaren azken txanpan nago. Hasieran, udaran,  hiru hilabetez, astelehenetik ostiralera, egon nintzen lanean. Nire tutoreak hasi eta berehala zer moduz nengoen galdetu zidanean, denak min ematen zidala erantzun behar izan nion, baina hirugarren hilabeterako erritmoa hartu nion lanari eta psikologikoki oso pozik nengoen. Udara oso ona izan zen. Klasera itzultzeak eta lanera gutxiago joateak erritmoa hautsi zidan, alegia, dualaren bigarren etapan sartzeak zailtasun batzuk ekarri zizkidan. Ez nengoen ez guztiz han ez guztiz hemen, nahiz eta nire ardurak arazorik gabe betetzeko gai izan. Mentalki ezin zentratzearen sentsazioa izan dut, interesatzen ez zitzaizkidan gaiak tokatu zaizkidalako aurtengo
eskoletan eta lanean ekarpen gehiago egiteko aukerarik gabe ibili naizelako. Baina esan behar dut giza alderdiaren aldetik uneoro egon naizela babestuta, laguntza eskaini didate eta nahiko malguak izan dira, bai enpresan eta baita eskolan ere. Formakuntza on bat izan dut, azalekoa eta hasierakoa bada ere, gerora horren gainean zerbait sendoagoa eraiki ahal izatekoa. Gainera, enpresan azalpen guztiak eskaini dizkidate eta lan asko elkarrekin egin ditugu.  


Ikasitakoak balio izan dizu, beraz. Gehiago ikasteko aukera izan al duzu?
Lehen lantokiak baserri bat zer den ikasteko balio izan dit. Gauza asko ari naiz ikasten, baina, mundu honetan beti ezjakina izango naizela sentitzen dut eta horrek berriro hasteko ilusioa pizten dit.


Zer esango zenuke lanbide heziketari buruz?
Estigmatizatua dagoela. Gizarteak porrot akademikoarekin, nagikeriarekin, lan gogorrekin eta atsekabearekin lotu du, gutxietsi egin du, eta badira honen atzean egia batzuk. Uste dut mentalitate hori aldatzen ari dela, batez ere, unibertsitateak lan mundurako jauzian izaten ari den gabezia dela medio. Lanbide heziketa unibertsitatearekin alderatuz lana bilatzeko alternatiba eraginkorragoa izaten ari denez aurreko mito eta usteak gainditzen ari direla uste dut. Dena den, unibertsitatearen esparrua aldarrikatu behar dela uste dut, agian, ez bide profesionala azpimarratuz, baizik eta ezagutzaren alorrean egiten duen ekarpen handia goretsiz. Bestalde, betiko lanbideak galtzen ari direla iruditzen zait eta uste dut alor horretan lanbide heziketak asko duela egiteko eta eskaintzeko. Lanbide heziketak artisauak eta ogibide berri baten bila dabiltzan gazteak konektatzeko aukera emateko hasi beharko litzateke lanean, balio handiko ogibideak berreskuratzeko.


Gustura al zaude egindako aukerarekin eta lortu duzunarekin?
Oso gustura nago egindako aukerarekin eta lortzen ari naizenarekin. Aukeratu dudan bidea gustatzen zait egunero gauza desberdinak ematen dizkidalako eta esperientzia anitz eta aberasgarriak bizitzeko aukera eskaintzen didalako. Momentuz eta hurrengo etaparako datarik ipini gabe, Sasiaingo Baratzan lanean jarraituko dut, zentzu asko duen lan batean ari naizela iruditzen zaidalako eta bertan nire alea gehitzeko gogo handia dudalako. Lan honi esker uste baino denbora gutxiagoan nire burua nekazari bezala ikustea lortu dut eta hori sekulako urratsa izan da niretzat, autoafirmazio bat. Ezjakina den nekazaria izango naiz beti, baina nekazaria bederen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!