Zortzi herri, Loatzoko musikari gazteen testigu

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 3a, 11:58

Loatzo Musika Eskolak urtero egiten duen moduan musika tresnen audizioak egingo ditu datozen egunetan. Hala ere, hasiak dituzte saioak, eta Anoetan gitarra eta Alegian trikitia izan dira entzun dituzten instrumentuak.

Ikasle ugarik ikasten du Loatzon, eta ikasitako hori senitartekoen eta herritarren aurrean eskaintzen dute oholtza gainera igota. Anoeta, Alegia, Aduna, Amasa-Villabona, Altzo, Ibarra, Irura eta Zizurkil herrietan banatuko dira ikasleen audizioak, instrumentuen arabera. Gaur esaterako, bi saio izango dira, Alegian eta Adunan. Perkusioa izango da Alegiako kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Ordu berean, baina Adunako udal aretoan, saxofoia izango da entzungo den instrumentua.

Ostiralean, 18:30etik aurrera, Villabonako musika eskolan, eskusoinuaren audizioak izango dira, eta Zizurkilen, Atxulondon, perkusio saioa eskainiko dute.

Asteari bukaera emateko, igandean, 12:00etan, Irurako musika eskolan, piano jotzaileak izango dira protagonista.

Astelehena indartsu hasiko dute Loatzo musika eskolako ikasleek. Altzon, 18:30ean, tronpeta, tronboia, eta bonbardinoaren saioak eskainiko dituzte, Batzarremuñon. Eta ordubete beranduago, 19:30ean, Alegiako kultur etxean, saxofoi audizioa izango da.

Asteartean, hilak 9, 18:30ean flautaren audizioa izango da Altzoko Batzarremuñon. Asteazkenean, 18:30ean, klarinetearen txanda izango da. Kasu honetan, Alegiako kultur etxeko oholtza izango da musikarien eszenatokia. Ostegunean, 18:30ean, hiru herritan izango dira saioak: Ibarrako kultur etxean, gitarra; Zizurkilgo beheko elizan, txistua; eta Altzoko eskola azpian, pianoa.

Eta musika tresnen audizioekin bukatzeko, hilaren 12an, 18:30ean bi audizio izango dira, biak ala biak, 18:30ean hasita. Adunako plazako kioskoan dultzaina, eta Villabonako musika eskolan, kantua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!