[BABESTUTAKO EDUKIA] "Denborarekin ikusi dut aukeraketa ona egin nuela"

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 3a, 08:59

Cristina Sanchezek erdi mailako bi ziklo egin ditu Inmakuladan, erizaintza laguntzailearena eta farmazia teknikariarena.

Zergatik aukeratu zenuen lanbide heziketa ikasketak egitea? Zer ikasi duzu?
DBH egiten hari nintzela banekien ez nuela batxilergoa egin nahi eta lanean hasi nahi nuela. Gurasoekin hitz egin nuen horren inguruan eta errespetatu egin zuten nire desioa. Hasieran, erizain teknikaria ikasi nuen Inmakulada Lanbide Ikastolan eta praktikak egin ondoren ikasteko gogo gehiagorekin, farmazia teknikaria ikasi nuen zentro berean.


Gustura zaude egindako aukerarekin eta lortu duzunarekin?
Ezin dut gezurrik esan, hasieran zalantzak nituen hartutako bideari buruz, baina denborarekin ikusi dut aukeraketa ona egin nuela. Gehien gustatzen zaidana ikasi nuen eta oso gustura nago. Harro nagoela esan dezaket, nahiz eta orain nagoen bezala egotea lortzea kosta zaidan.


Zer esango zenuke lanbide heziketari buruz? Zer esango zenioke lanbide heziketa egitea pentsatzen ari den gazte horri?
Ate asko irekitzen dizkizula eta norberarekiko ikuspegia eta esperientzia irekitzeko balio duela. Gazte horri esango nioke aurrera jarraitzeko inolako beldurrik gabe; denok dugu beldurra, baina gure ametsak egia bihurtzeko beharrezkoa da. Aipatuko nioke ere lanbide heziketa egiteak, pertsona eta langile bezala haztea ekartzen duela.


Eta zer moduz praktikak? Nola izan da hasiera eta laguntzarik izan al duzu?
Kexarik ez dut praktiken inguruan. Farmazia teknikaria ikasten nengoela, lehenengo urtean Matia Fundaziora joan ginen bisitan eta liluraturik geratu nintzen hura ikustean. Asko gustatu zitzaidan eta egun horretan bertan jakin nuen leku horretara joan nahi nuela praktikak egitera. Hasieran, denok bezala, urduri joan nintzen, baina atetik sartu orduko nigan konfiantza hartu nuen. Egia esan beraiek ere hala sentiarazi zidaten; lehen egunetik familiako bat gehiago izango banintz bezala tratatu ninduten. Laguntza asko izan nuen 3 hilabeteetan eta oraindik laguntzen didate. Gogoratzen dut lehen egunean aipatu zidatena: Dudarik baduzu, galdetu beldurrik gabe esaten zidaten egunero, eta horrek eragin positiboa izan du.


Zer moduz zure lehen lantokian? Ikasitakoak balio izan al dizu eta zer gehiago ikasi duzu?
Oso gustura nago, nahiz eta oraindik ez sinetsi lanean nagoenik. Irreala ematen du eta urte bat egitera noa. Egia esan praktikak bukatu eta berehala hasi nintzen leku berean lanean eta aukera ona da hori. Edozein lanbide heziketa ikasita ere, lanean gehiago ikasteko aukera izaten duzu. Praktiketara oinarri batekin zoaz, baina beti dago zerbait berria ikasteko. Ikasitakoak balio izan dit, baina lanak ere ikasten lagundu dit. Askotan ikusten dut nolako feedback-a dagoen lanean eta hori oso ona da. Egia da ere batzuetan ez duzula gustuko egin beharreko hori, baina hori horrela izan behar du; jakin behar dugu dena ez dela beti ongi egongo eta gaizki egitea ez dela txarra, hobetzen laguntzen baitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!