Ligako bandera Tolosaldera

Ataria 2019ko apirilaren 2a

Joan den asteburuan bukatu da Gipuzkoako Batel Liga. Tolosaldeako Arraun Klubak garaipena lortu du jubenil nesken mailan.

Urte berriarekin batera hasi zen Gipuzkoako Batel Liga, urtarrilean. Guztira 12 jardunaldi jokatzea aurreikusten ziren, nahiz eta, horietako bi bertan behera gelditu eguraldi iragarpenak medio.

10 jardunaldi jokatuta, Tolosaldeko jubenil neskek bandera lortu dute. Jubenil neskek liga erregularra egin dute, estropada guztietan lehen eta bigarren postuan sailkatuz. Horrela, jokatutako estropada erdiak baino gehiago irabazi dituzte; Gipuzkoako Batel Ligako bandera eskualdera ekarriz.

Gainontzeko kategorietan ere emaitza onak lortu dituzte Tolosaldeko arraunlariek. Infantil eta kadete nesketan podiumera igotzea lortu zuten. Hirugarren egin zuten TAKeko ontziek maila horietan eta kadete mutiletan laugarren sailkatu ziren.

Liga eta gero, txapelketa

Behin Gipuzkoako Batel Liga bukatuta, txapelketa jokatuko da. Asteburu honetan izango da. Apirilaren 6an sailkapen estropadak jokatuko dira eta 7a txapelketa eguna izango da. Bi estropadak Pasai San Pedron jokatuko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!