Ez dira pasako!

Erabiltzailearen aurpegia Manu Odriozola, Ezker Iraultzailea 2019ko api. 2a, 19:59

Apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskundeek 78ko erregimenak duen erabateko ezegonkortasunaren eta gizartean dagoen polarizazio politiko handia islatuko dute. Garai berri honen adierazpen benetan esanguratsuak ikusten ari gara: Katalunian masa mugimenduak autodeterminazioaren eta errepublikaren alde ireki duen egoera leherkorra eta aurrera egiten duen mobilizazio soziala, burokrazia sindikalak eta sozialdemokraziak hori desaktibatzeko egiten dituzten ahaleginak desafiatuz.

Fenomeno horiek, ordea, ez dira kasualitatez sortzen. Kapitalismo espainiarra jasaten ari den krisi larria eta eragiten ari den hondamendi soziala ditu iturburu, baita Euskal Herrian ere. Datuak izugarriak dira: aurten sinaturiko kontratuen %90 behin-behinekoak dira eta 9 milioik 800 euro baino gutxiago kobratzen du. Langabeziak 3,4 milioi pertsonari eragiten die eta biztanleriaren %26,6 12,4 milioi pertsona pobrezia egoeran bizi da. Hego Euskal Herrian bizi den egoera ez da hain ezberdina, gehiengo sindikalak salatu duenez.

Hauteskunde aurreratuek jada handia den polarizazio politikoak gora egitea ekarriko dute. Ezinegon eta asaldatze politikoa baretzeko saiakerek porrot egin dute eta atzean utziak ziruditen mamuak berriro azaleratu dira, PP, C's eta Vox-en hizkeran, moduan eta programan. Sozialdemokraziaren propaganda irrigarriak, «zuzenbide estatu demokratikoan» bizi garela eta abar esanez, ezin du estali diktaduratik datorren estatu aparatuaren izaera erreakzionarioa eta eskuinaren ADN frankista.

Andaluziako hauteskundeetan Vox-en emaitzen ondoren, EAJk bere burua politikoki zuritzeko eta «zentro aurrerakoiko» alderdi gisa saltzeko aprobetxatu du, espainiar eskuina baino aurrerakoiagoa den aukera moduan. Baina, EAJ-k inoiz ez du arazorik izan PP-rekin itunak egiteko. Gainera, bere txiringito bihurtu dituen euskal instituzioetatik funtsean eskuineko politika ekonomiko eta sozial berberak babesten eta aplikatzen ditu: murrizketa sozialak eta errepresioa langile klasearen aurka, leialki ordezkatzen duen burgesiaren poltsikoak ederki betetzeko.

EAJ-k autonomiaren defentsaren buruan kokatu nahi du bere burua, hau da, Espainiako konstituzioaren eta 78ko erregimenaren defentsan. 2017ko urriaren 1ean Kataluniako herria erabakitzeko eskubidearen alde borroka eredugarri bat ematen ari zen bitartean, Urkullu lehendakariak, berak epaitegien aurrean deklaratu zuen bezala, ahal zuen guztia egin zuen Rajoyrekin aliaturik herri katalanaren altxamendu miresgarriarekin amaitzeko.

Ezker Iraultzailetik gure indar guztiekin lagunduko dugu PP, C's eta Vox-en bloke erreakzionarioari garaitzeko Euskal Herrian. Baina EAJ-k eta PSE-k ezartzen dituzten austeritate eta murrizketa politika kapitalisten aurka ere egingo dugu, gainera aurrekoei bidea irekitzen baitie. Horregatik EHBildu-k eta Elkarrekin Podemos-ek oposizio gogorra planteatu behar dute, kaleko mobilizazioa aurrera eramanez, borrokan dauden sektoreak batuz eta programa apaltzeari eta eskuinarekin itunak egiteari uko eginez.

Baina bozkatzea ez da nahikoa. Eskuina hautetsontzietan garaitzeko eta langileen, gazteriaren eta krisi kapitalistaren ondorio gogorrak jasan ditugun guztion interesak defendatzeko, ezinbestekoa da kaleetan mobilizazio masiboarekin jarraitzea eta borrokarako ezkerra eraikitzea, langile mugimenduan eta klaseko sindikatuetan sustrai handiak ezarriz, baita ikastetxe eta mugimendu sozialetan ere. Askapen nazionaleko borrokak paper erabakigarria izango du klase arteko borrokan. Horregatik beharrezkoa da ezkerrak, nazio zapalduetan zein estatu mailan, autodeterminazio eskubidea defendatzea modu kontsekuente batean eta hori sozialismoaren aldeko borroka iraultzailearekin elkartzea, gazteriaren eta langile klasearen indarrean oinarrituz eta burgesia espainiar, zein katalan eta euskaldunaren aurka eginez.

Hori da Ezker Iraultzailetik defendatzen dugun alternatiba: kapitalismoarekin hausteko programa, bankuen eta monopolio handien nazionalizazioaren alde, autodeterminazio eskubidearen alde eta errepublika sozialistaren alde. Ez dago denbora galtzeko!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!