Hiru Urrezko Kalabaza banatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 30a, 18:21

XII. Ahoz Aho jaialdiari gaur eman diote amaiera, eta Zuloaga Txikin Leire Diaz de Gereñuk, Juan Kruz Igerabidek eta Alabazan ipuin kontalari taldeak jaso dituzte Urrezko Kalabaza sariak.

Intujaik antolatzen du Ahoz Aho Jaialdia, eta May Gorostiagak eskerrak eman dizkie ahozkotasunaren bueltan dabiltzan iratxo guztiei, eta nahiz eta gutxi izan, tribua mantentzearen garrantziaz aritu da. Joxe Mari Karrere ere amaiera festan izan da, eta sariak banatzen lagundu du.

Lehen Urrezko Kalabaza bazkaldu aurretik eman behar izan dute. Leire Diaz de Gereñurentzat izan da, kanpotik begiratuta, ahozkotasunaren inguruan egin duen tesiagatik. Bigarren Urrezko Saria, Juan Kruz Igerabide adunarrarentzat izan da, eta bere lanari errekonozimendua egin nahi izan diote, "beti hor egon delako".

Igerabidek hitza hartzean, "oso gustura nago, eta pozgarria da" esan du. "Lehen oroitzapena Juan Mari Lekuona eta Joxe Mari Satrustegirena etorri zait. Nik haiekin ikasi nuen pixka bat teorizatzen, eta oraindik horretan ari naiz...". Eta ama ekarri du gogora: "Lehen ipuinak kontatu zizkidan. Ipuinak kontatuz lasaitzen ninduen, eta gogoan dut oraindik zein zapore sentitzen nuen ahoan ipuinekin. Horren bila ibili naiz, eta tarteka lortzen dut. Maitasuna egiten duzunean sentitzen duzunaren antzeko da. Hori dut gogoan, eta gutxitan berritu zait literaturan. Tarteka bai. Horregatik, haiei eskaini nahi nieke sari hau", adierazi du.

Ipuintxo bat kontatu du, eta "inori ez utzi kentzen ahoan daramazun flauta ezti hori" esanez amaitu du.

Atzetik, ezustekoa izan den hirugarren saria banatu dute. Kontalariek ere sarituak izatea merezi dutela adierazi du Karrerek, eta urteak lanean daramatzaten lagunak saritu dituzte. Bizkaia aldera joan da eta Alabazan ipuin kontalari taldearentzat izan da. Ez zutela inondik inora espero adierazi dute, eta pozik eta gustura jaso dute saria, eskerrak emanez.

Jarraian, Oihana Iguaran eta Haritz Mujika bertsolarien txanda izan da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!