Azkarrago, gorago, urrutiago

Imanol Garcia Landa 2019ko mar. 31a, 06:59

Laster ehun urte beteko ditu Tolosa CF Atletismo klubak, Berazubi estadioarekin batera sortu zenak. Bertako arduradunek argi dute harrobia lantzea dela garrantzitsuena, txikitatik atletismoa egiteko aukera eskaintzea. Gero, lanketa horrek bere emaitzak ekarriko ditu, atleta gaztetxo horiek senior mailara iristen direnean.

Gaur egun duen indarra ez du aurretik izan Tolosa CF Atletismo taldeak. Azken lau edo bost urteetan ehunetik gora fitxa egin dituzte, eta Gipuzkoako taldeetatik gehien dituen bigarrena da, Bidasoaren atzetik. Aurten 115 atleta federatu inguru daude eta, eskola kirolaren barruan, hau da, LH 3 mailatik hasi eta DBH 2 mailara bitarte, beste 165 parte hartzaile. Federatuekin bost entrenatzaile aritzen dira: Peio Etxabe, Ivan Gallego, Lander Gil, Josu Gomez eta Sandra Lopez.

Fitxa kopurua igotzen joan da, orain hamabost urte inguru, Atletismo Eskola sortu zutenetik. «Oso urte ona izan zen 1992ko kintakoa. Talde indartsu bat sortu zuten eta mantendu egin dira klubean», esan du Gallegok: «Orain horietako batzuk entrenatzaileak dira». Horietako bat da Sandra Lopez: «Ni Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan nengoela sartu nintzen, eta garai hartan Nagore Iraola izan nuen entrenatzaile. Gero jarraitu egin dugu, eta egun entrenatzaileak gara».

Azken garai horretako inflexio puntua izan zen, eskola martxan jartzea. Orduan 40 fitxa inguru zituzten eta, gero, eskolan parte hartzen zutenek adinean gora egin ahala, federatzen joan ziren, gaur egun duten federatuen kopurura iritsi arte. «Aukera suertatu zen, eskola kirolaren barruan atletismoan aritzeko», esan du eskola martxan jarri zuen Gallegok. «Lehen ez zegoen aukera hori. Aurretik Ero Etxeko krosean edo eskolarteko olinpiar jokoetan nabarmentzen zirenei esaten zitzaien, ea atletismo taldean sartu nahi zuten». Orain egitura bat dago eskola kirolean, adin tarte bakoitzak bere taldea du, eta bere entrenatzaile-begiralea. «Entrenatzaile horiek beren prestakuntza dute, eta horrek eragiten du kalitatezko kirola egin ahal izatea, gaztetxoak gustura egotea eta atletismoa egiten jarraitzeko gogoa izatea. Eta, bide batez, harrobia sendotzea», nabarmendu du Gallegok.

Atleta bezala ibilbide guztia egin dute, orain entrenatzaile diren Lopezek, Gomezek eta Gilek. «Orain dugun egituraren oinarria dira», esan du Gallegok. «Adin jakin batean galdetu genien, ea begirale izan nahi zuten, eta gustatzen zitzaienez, taldeak sortzen joan ginen. Eta eskolartekoan entrenatzaile izandakoak, orain federatuen entrenatzaile bihurtu dira. Horrela, adin jakin bat duten atletei proposatzen diegu, eskola kirolakoen entrenatzaile izatea». Egitura gero eta handiagoa egiten ari dela gaineratu du Gallegok, eta taldearen oinarria harrobia dela: «Beste talde batzuek, Espainiako ligetan lehiatzeko fitxatzen dituzte atletak. Gure kasuan harrobian ditugun atletekin taldeak ateratzen ditugu».

Gomezek azaldu duenez, «klubaren filosofia da atleta bakoitza ahal den ondoen zaintzea, heldua denean ahal duen errendimendu onena izateko». Horrek, Gomezen esanetan, zeharka ekartzen du «atleta gehiago izatea eta talde bezala askoz hobeto funtzionatzea: «Saiatzen zara kluben arteko txapelketetan talde ona ateratzen. Baina helburu nagusiena da, atleta zaintzea, prestatzea, eta errendimendu onena ateratzea».

Klubaren asmoa da, arloz arloko antolaketan sakontzea. Etxabe jaurtiketen arloaz arduratzen da; Gomez, Lopez eta Gallego lasterketekin zerikusia duten probez ,eta jauziekin harremana duten zenbaitez, eta Gil aurten hasi da jauzien eremuaz arduratzen. «Onena izango litzateke, arlo bakoitzean entrenatzaile bat baino gehiago izatea», esan du Etxabek: «Baina hori ez da inongo klubetan gertatzen. Saiatzen gara bakoitza, batez ere, arlo batez arduratzen, baina gero atletek ere eskatzen dute gauza ezberdinak probatzea, eta saiatzen gara denetik zerbait egin dezaten». Gallegok gaineratu duenez, «pixkana egitura fintzen ari gara».

Hainbat maila daude entrenatzaile bezala prestatzeko, eta begirale moduan aritu nahi dutenei, pixkana maila horiek gainditzea eskatzen diete: «Entrenatzailea zenbat eta prestatuago eta gusturago egon, orduan eta hobeto transmitituko die hori atletei», esan du Gomezek. «Azkenean, piramide bat bezalakoa da. Benjaminetan ondo entrenatu badituzu, gero alebinetako begiraleak gauza gehiago erakutsiko dizkie, eta horrela, jarraian, guregana iritsi arte. Ordurako badute oinarri guztia, eta gure lana fintzen joatea izaten da».

Berazubi estadioa

Tolosan atletismoak garrantzi handia izan du eta du, gaur egun, eta, bide horretan, Berazubi estadioak berebiziko pisua du. Estadioarekin batera hasi zen, Tolosa CF Atletismo arloaren ibilera. 1923. urtean izan zen hori. Historia luzea du, beraz, klubak, eta aurki lehen mendeurrena beteko du. Atleta nabarmenena zein izan den galdetuta, Roberto Cabrejas aipatu dute gaur egungo arduradunek. 2,26 metroko marka egin zuen gorako jauzian, eta Espainiako marka izan zen, denbora batez. Olinpiar Jokoetan ere parte hartu zuen, eta bere kirol bizitza guztia Tolosa CF-n egin zuela nabarmendu dute.

Estadioa herriaren erdian dagoela azpimarratu du Gomezek, eta horrek asko errazten duela haurrak entrenatzera bertaratzea: «Gero, beste faktore bat izan zen, udalak obrak egin izana; egun, estadioan gertatzen dena ikusteko aukera dago. Erakusleiho moduko bat da, jende asko pasatzen baita alde batetik eta bestetik, eta ikusten dute zer egiten dugun eta zenbat jende dagoen bertan». Lopezek gaineratu duenez, «garrantzitsua da haurrek ikustea, atletismoa egiten ari garela Berazubin».

Horren harira, Etxabek azaldu du, oztopo bat izan zela, Berazubin nola aritzen ziren ez ikustea: «Ematen du atletismoa duela hiru urtez geroztik praktikatzen dela hemen, baina atletismoa aspaldidanik dago. Lehen hormekin inguratuta zegoen, bi ate zeuden, baina sartu egin behar zen, atletismoa praktikatzen genuela ikusteko. Gaur egun harridura azaldu izan didate niri, klubean zenbat jende gauden ikusita. Baina hori ez da oraingo kontua; azken hamar-hamabost urtean kopuru altuekin ibili gara».

Eskualde guztiko atletak elkartzen dira Berazubin, eta hori ere nabarmendu dute entrenatzaileek. Eskola kirolaren aukera izateak ere erakartzen ditu inguruko herrietatik, kirolari gazteak. Bestalde, Gilek dioenez, ahoz ahokoak asko eragiten du atletismoarekiko interesa pizteko: «Lagunak direla, anai-arrebak,... Inguruan dituzunak etortzen badira, errazagoa izaten da interesa piztea».

Horrez gain, atletismoa zabaltzeko, komunikabideetan agertzea ere garrantzitsua dela gaineratu du Gallegok: «Denboraldi batean ez bada ezer agertzen, badirudi ez zarela ari ezertan. Gero, egunkarietan azalduz gero, ze ondo ari garen esaten digute. Azkenean, lan bera egiten dugu, baina, komunikabideetan agertzen bazara, horrek ere jende gehiago erakartzen du». Bide horretatik, urtero emaitza onak izaten dituztela gaineratu du Lopezek. Bestalde, bitxia izaten da Olinpiar Jokoek sortzen duten erakargarritasuna, horiek jokatzen diren urteko irailean, haur gehiagok ematen baitute izena.

Gipuzkoan Atletico San Sebastian eta Real Sociedad dira erreferentziazko klubak, emakumezkoetan eta gizonezkoetan, hurrenez hurren, baina hor aldaketak izaten ari direla diote Tolosa CF-tik. Etxabek dioenez, hemen oso ondo zaintzen dituzte, eta atletek ez dute pentsatzen Donostiara joatea: «Hemen etxean daude, gustura daude, beren taldearekin jarraitzen dute, beraz, ez daukate beharrik horrelako klubetara joateko». Zentzu horretan, Etxabek gaineratu du atletismoa ezin dela futbola bezalako kirolekin alderatu: «Kirol indibiduala da atletismoa, eta tarteka zenbait probatan beste kide batzuekin lehiatzen zara. Gainera, fitxa izan dezakezu beste talde edo klub batekin, baina hemen entrenatu».

«Talde horiek dira fitxaketak egiten dituztenak, eta nahi izaten dute ligan ahal den gorenean geratu—, esan du Gallegok: «Jende ona nahi izaten dute proba bakoitzean eta, horretarako, batetik eta bestetik fitxatzen dute. Gurea harrobia lantzeko filosofia da eta, inongo dudarik gabe, esan dezaket, gure harrobia dela Euskadiko onena». Atletico San Sebastianeko atleten zerrenda ikustean, adibidez, Donostiakoak gutxi direla dio Gallegok: “Bat Eibarkoa, bestea Tolosakoa, hura Bilbokoa,… Azkenean, funtzionatzeko moduan klub ezberdinak gara». Tolosa CF-ko zenbait atletak parte hartu izan dute, zenbait lehiaketetan, Atletico San Sebastian taldearekin, beraien artean duten hitzarmen bat dela eta. Izan ere, Espainiako kluben arteko ligan ez du parte hartzen Tolosa CF-k, eta atletek proba horietan parte hartzeko aukera talde horrekin izaten dute.

Kirol indibiduala izan arren, entrenamenduak taldean egiteak bere garrantzia duela diote entrenatzaileek. «Atletek beraiek taldeko kirol bezala hartzen dute atletismoa», esan du Lopezek. Gomezek gaineratu duenez, batzuetan, atletek zenbait entrenamendu espezifiko banaka egin behar dituztela: «Baina beroketak eta hainbat ariketa batera egiten dituzte». Sortzen den giroa ere nabarmendu du Gallegok: «Daukagun espazioarekin, azkenean, batera egoten gara, eta horrek ere giroa berezia izatea ahalbidetzen du». Bestalde, nabarmendu dute, lehen harmailak zeuden lekuan pista estali bat jartzeak, entrenamenduetarako asko laguntzen duela.

Pista estalian emaitza nabarmenak

Hainbat mailatan izaten dira txapelketak, atletismoan: 16 urte azpikoak, 18 urte azpikoak, 20 urte azpikoak, 23 urte azpikoak, absolutua eta master txapelketak, azken horiek, 35 urtetik aurrera. Pista estaliko denboraldia bukatu berri dute, eta oso gustura daude lortutako emaitzekin. Kluben arteko Euskadiko Txapelketan, absolutu mailan, bai emakumezkoetan eta bai gizonezkoetan, hirugarren egin du Tolosa CF-k, eta hori lehenengo aldiz gertatu dela nabarmendu dute. «Guretzako, talde bezala, garrantzitsua da», esan du Gilek: «Lortutakoa harrobitik ateratako atletekin izan da. Lehen postuetan fitxaketen bitartez osatutako taldeak izan dira, eta horregatik ematen diogu garrantzi handia, emaitza horiei».

Bestalde, Tolosa CF-ko atletak maila guztietan Espainiako Txapelketara joan direla nabarmendu dute. Azken urteetan maila asko igo dela diote: «Lehen errazagoa zen gutxieneko marka lortzea. Urtetik urtera igo egin da, baina txapelketa guztietara atleta asko eraman ditugu. Horrek esan nahi du, gure atleten maila ere igo egin dela», zehaztu du Etxabek. Kluben arteko Espainiako sailkapenean, Tolosa CF-ren aurretik dauden guztiak “fitxaketak egiten dituzten klubak dira, aurrekontu handia dutenak, beraz, gauzak ondo egiten ari garela esan nahi du horrek», gaineratu dute entrenatzaileek.

Atletek lortutako emaitzei begiratuz, Ander Urangak orain arte daraman denboraldia nabarmentzekoa da. 20 urte azpikoetan Espainiako txapelduna izatea lortu du, 200 metroetan, kontuan izanik, maila horretan lehen urtea duela. Aurreko urtean, 18 urte azpikoetan Espainiako txapelduna izan zen, bai pista estalian eta baita aire librekoan ere. Bere aldetik, Eunate Martinez de Rituertok hirugarren postua lortu du, gorako jauzian, Espainiako Txapelketan, 23 urtez azpiko mailan. Krosari dagokionez, Paula Del Pozok denboraldi bikaina egin du, jubenil mailan, Euskadiko Txapelketan eta Zornotzako eta Donostiako krosetan garaile izanik.

Aire libreko denboraldia hasiko da aurki eta, horri begira, Tolosa CF-n antzeko helburuak dituzte. «Azken finean, egunerokoan egiten duzuna gero lehiaketetan islatzen da», esan du Gomezek. «Egunerokoan, egon haurrekin, giro ona izan, xehetasunak findu, eta hori dena egiten baduzu, Espainiako txapelketetan emaitzak izango dituzu». Etxabek gaineratu du: «Entrenatuz gero, zure emaitzak hobetzen zoaz. Gero, beste kontu bat da, ze aurkari dituzun lehiaketetan. Baina, garbi dago, entrenatuz gero, pista estalian lortutakoa hobetuko dela aire librean».

Atleta bakoitzak bere markak hobetzea da helburua, norbanako emaitzei begiratuz gero. Taldeka, aire libreko Euskadiko Txapelketan, ahal den emaitza onena lortzea izango da. Aurten, maiatzaren 4ean dute absolutu mailako txapelketa. Iaz hirugarren egin zuten emakumezkoetan, eta laugarren gizonezkoetan, eta aurten bi hirugarren postu lortzea lorpen handia izango litzatekeela diote. «Orain hiru urte lortu genuen, eta berriro lortzea polita izango litzateke», esan du Gilek. «Badakigu zaila dela errepikatzea, baina saiatu egin beharko dugu».

Atleta gaztetxoenei begiratuz, kadete mailan ere izaten dira Euskadiko Txapelketak, eta azken hiru urteetan irabazi egin dituzte, Tolosa CF-koek, nesketan zein mutiletan: «Proposatu izan da txapelketa kentzea, klub askok zailtasunak dituztelako taldea osatzeko», esan du Gallegok. «Lehen guri gertatzen zitzaiguna, orain beste talde batzuei gertatzen zaie», gaineratu du Lopezek. «Aurrekontu handia duten horiek ez dute, normalean, talderik ateratzen kadeteetan, eta ezta 20 urte azpikoen taldeko lehiaketan ere, ez dutelako inor. Gero, fitxaketen bitartez osatzen dute, absolutu mailako taldea», azaldu du Gallegok

Indarguneak eta ahulguneak

«Atletismoaren indargunea da, oinarrizko kirola izatea», esan du Gomezek: «Diziplina bakoitzak ezaugarri fisiko bat indartu eta lantzen du, eta horregatik ikusten dugu garrantzitsu, haurrek atletismoa probatzea eta egitea, beren kirol prestakuntzarako. Senior mailan edozein kirol egin nahi baduzu, koordinazio, abiadura, indar eta erresistentzia oinarriak behar dituzu, eta atletismoan aritzeak lagunduko dizu gaitasun horiek garatzen». Lopezek gaineratu duenez, «hemen inguruan edozein kiroletan ona izatera iritsi diren gehienak, atletismotik pasatu direla uste dut». Hain justu, taldekako kiroletan atletismoan lantzen dena hartzen ari direla diote. «Ikusten dute onuragarriak eta beharrezkoak direla, beraien errendimendurako, betidanik atletismoan egin direnak», zehaztu du Gallegok. Horren haritik, beste kirol askotan diharduten prestatzaile fisiko asko atletismoaren mundutik pasatutakoak direla nabarmendu dute.

Ahulgune moduan, atletismoari komunikabideetan orri eta minutu asko falta zaizkiola diote. «Horrek ekarriko luke babesleak etortzea», esan du Etxabek. Hobetu nahi duten beste puntu bat mutilen parte hartzea igotzea da. «Mutil gutxiago etortzen dira atletismoa egitera», esan du Gallegok: «Taldekako kirolak aukeratzen dituzte, eta agian komunikabideetan kirol horiek duten presentziarengatik izan daiteke». Ildo horretatik, Etxabek azaldu du atletismoan erreferenteak falta direla: «Futbolean hainbat ezagutzen ditugu, baina atletismoan nabarmentzen direnei ez zaie komunikabideetan hainbesteko lekurik ematen».

Lopezek atletismoaren barruan dagoen aniztasuna azpimarratu du: «Batzuk pentsatzen dute, atletismoa Behobia-Donostia lasterketa dela. Diziplina edota proba asko ditu, eta pertzepzio hori ere aldatu behar da jendearen artean». Hogei diziplina dituen kirola dela gaineratu du Gallegok: «Hori ere onura du, ezaugarri ezberdinak dituzten haurrek beren lekua izan baitezakete atletismoan. Horretarako etorri egin behar da, eta probatu, ikusteko, zein diziplina garatu dezakezun ondoen».

Entrenatzaile bezala duten ardura ere nabarmendu du Gomezek: «Ez gara egoten astean bost egun entrenamenduak gidatzen, eta kito. Guri interesatzen zaigu atleta horren errendimendu onena ateratzea eta, beraz, aholkuak ematen dizkiogu atseden hartzeko, elikatzeko, arlo psikologikoa lantzen dugu,… Ez dugu kirol prestakuntza bakarrik ematen, nolabait, heziketa osoago bat ere ematen dugu. Kirol askotan entrenamenduak bakarrik hartzen dira kontuan, baina guk alor guztiak hartzen ditugu kontuan».

Aurrera begira, klub bezala «gero eta kalitate handiagoa» ematea dute helburu eta, horrez gain, ahal duten diziplina gehienetara iristea. «Helburua da, prestakuntza osoa ematen jarraitzea, txikitatik, eta ahal den senior talde onena izatea», diote Tolosa CF Atletismoko arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!