Bihotzari eragiten dioten buruko gaitzak

Buru Bihotzez, alzheimerra edo antzeko dementziak dituzten gaixoen eta haien senitarteko, lagun eta zaintzaileen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin, Tolosaldean eratu berri den elkartea da.

Oraingoz, Tolosaldeko hamabost bat familiak osatzen dute Buru Bihotzez elkartea, baina “hazteko prozesuan” daude, Mertxe Orte elkarteko kideak aipatu duenez. Tolosaldean 400 familiak baino gehiagok dute buruko gaitzen bat duen pertsonaren bat etxean. “Gaixo dauden gure senideentzat baliabide eske ate joka hastean, indar handiagoa egingo dugu denok elkar hartuta joanez gero”.

Gaur egun Buru Bihotzez elkartean batzen diren kideetako batzuk Afagi Gipuzkoako alzheimerdunen elkarteko bazkide ziren aurretik, eta beste askok elkarte horrek Tolosan antolatutako egitasmoetan ezagutu zuten elkar. Ortek azaldu duenez, eskualdeko familiak orduan hasi ziren elkarrekin biltzen: “Gaixoentzat eta familiako kideentzat baliabide zuzenagoak lortzea da gure helburuetako bat. Hor egin genuen talka Afagi elkartearekin. Ez da egon haserrerik, baina ikusi genuen Gipuzkoa osorako elkartea egitura handiegia zela gure beharrei erantzuteko. Horregatik erabaki genuen gertuagokoa izango zen elkarte txikiago bat sortzea”.

Baliabide gehiago eskatzen dute Buru Bihotzez elkarteko kideek, uste baitute gaur egun ez dela eskaintzen dementziak dituzten gaixoentzako zerbitzu espezifikorik. Bere bizipenen berri eman du Maribel Nuñezek: “Oso gauza zehatzak behar ditu buruko gaitz bat duen gaixoak, eta, esate baterako, haientzat ia ezinezkoak dira eguneko zentroetan egiten dituzten ohiko ekintzak. Galdu egiten dute interesa, eta frustratu egiten dira askotan”. Gaixo bakoitzarentzat unean uneko premiaren araberako “arreta pertsonalizatu eta zehatza” eskatzen dute Buru Bihotzez elkarteko kideek.

“Ahalik eta baliabide gehien lortzeko presioa egingo dugu”, azaldu du Izaskun Jauregik, elkarteko beste kideetako batek. Oraingoz, harreman zuzena dute Tolosako anbulatorioko gizarte laguntzailearekin, eta elkartera bildu dira erretiroa hartutako zenbait mediku eta psikologo. “Etorkizunean gaixoekin ere egin nahi dugu lan, gaitza dutenentzat estimulazio kognitiboko tailerrak antolatuz”, gaineratu du Jauregik. Gizartean sumatzen duten “estigmatizazioari” aurre egiteko lan egin nahi dute elkartean, “buruko gaitzak ikusaraziz”.

Autolaguntza taldea

Gizartea gai horren inguruan kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko informazioa hedatzea da elkartearen helburua, eta Tolosaldeko osasun etxeetan eta gizarte zerbitzuetan informazio orriak banatzen ari dira horretarako. Zabalik dituzte harremanetarako bideak ere: 943-00 68 79 telefono zenbakia —08:00etatik 15:00etara egoten da martxan— eta burubihotzez@gmail.com helbide elektronikoa.

Eurak, nagusiki, autolaguntza talde moduan antolatu direla azaldu du Jauregik: “Orientazio falta ikaragarria sentitzen da gaitza etxera iristen denean. Laguntzak nola eskatu, judizialki paperak nola bete, zaindari profesionalak kontratatzerakoan zer bideri jarraitu… Aholkularitza hori ematen saiatzen gara gu, edo, behintzat, leihatilara joateko bidea errazten diogu elkarri”.

Baina, batez ere, babes emozionala eskaintzen dute elkartean. “Oso korapilatsua da gaixotasuna”, aipatu du Ortek. “Gaixoarekin duzun harremanaren arabera, aldatu egiten da onarpena. Gure kasuan, gaixoaren alabak gara, eta errazago barneratu dugu egoera. Baina gaitza duten gaixoen bikotekideei gehiago kostatzen zaie errealitatea onartzea. Gogorra da elkarbizitza, tentsio betean igarotzen baititugu eguneko 24 orduak”, azaldu du Ortek. Nuñezen ustez, hain zuzen, “gaixotasuna onartzea” da gakoa: “Tenple handia behar da horrelako pertsonekin tratua izateko. Zenbat eta goizago onartu egoera, orduan eta hobeto moldatuko zara. Behin lasaitasun hori duzunean, hobeto lagundu ahal izango diozu gaixoari. Zirrikituak edo norberaren estrategiak bilatzen dira egoera hobeto barneratzeko”.

Emakume adina gizon daude Buru Bihotzez elkartean, baina Ortek, Nuñezek eta Jauregik onartu dute zaintza lanak, oraindik ere, emakumeek egiten dituztela neurri handi batean. “Ez da guk gaitasun handiagoa dugulako”, hasi du azalpena Jauregik. “Ikasi egiten da egoerei aurre egiten, horretarako ahalegina egin eta gogoa edukiz gero, betiere”. Bere modura, aitaz “disfrutatzeko” beta ere izan duela azaldu du Nuñezek: “Asko ikasi dut. Gaixo egon den artean, hobeto ezagutu ahal izan dut aita, eta goxotasun handia izan dut harekin. Gaixo egon izan ez balitz, ez nituen bizi izango une horiek”.

Buru Bihotzez elkarteak hitzaldiak, mahai inguruak eta batzarrak antolatzeko asmoa du hurrengo hilabeteetan.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!