[BABESTUTAKO EDUKIA] Aniztasunaren jaia ospatuko dute, bihar, Errenteriako Koldo Mitxelena eskolan

Ataria 2019ko mar. 29a, 09:49

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurretiko jardunaldien baitan, aniztasunaren jaia ospatuko dute, bihar, larunbata, Errenteriako Koldo Mitxelena eskolako patioan. Koldokide guraso elkarteak antolatu du festa, Oarsoaldeko ikastetxeekin elkarlanean.

Laugarren ediziora iritsi da, jada, aniztasuna aldarrikatzea helburu duen jarduera hau, 2016ean egin baitzuten aurreneko jaia. Tailerrak, janari dastatzea eta ipuin kontalaria izan ziren orduan. Hurrengo urtean, 2017an, irina ardatz zuten tailerrak egin zituzten; hala, taloak eta Marokoko plater tipikoak egiten ikasi zuten ikasleek. Horiez gain, ikastetxeko gurasoek prestatutako janaria dastatzeko aukera izan zuten, Nikaragua, Venezuela, Peru, Ukraina, Maroko, Alemania eta Euskal Herrikoa, hain zuzen ere.
Joan den urtean, hirugarrenez ospatu zuten jaia. Irene Sotelo ipuin kontalaria, tailerrak, eskolako familiek egindako buru handien erakusketa eta munduko hainbat txokotako pintxo dastatzea izan ziren. Henna tailerrean eskuak marrazki ederrez apaintzeko aukera izan zuten txikienek, eta kultur aniztasunaren lorategia ere osatu zuten, nork bere lorea sortuta. Kultur aniztasuneko bost maskarak aurkeztu zizkieten bertaratutako udal ordezkariei, eta, jaialdia amaitzeko, munduko hainbat herrialdetako jakiak dastatu ahal izan zituzten, eskolako patioan bildutakoek.
Aurtengo Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren leloak –Makina bat taupada– elkartasuna, bizikidetza eta inklusioa aldarrikatu nahi ditu. Kultura desberdinei balioa ematea eta elkar ezagutzea abiapuntu ezin hobeak dira.
Egungo gizartea anitza da, eta aniztasun hori gure eskola eta institutuetan islatzen da. Desberdinen artean heztea gure seme-alabei eskain diezaiekegun altxorrik preziatuenetako bat da, etorkizunean oso baliagarriak izango zaizkien gaitasunak ikasiko baitituzte.

EGITARAUA
10:30-11:30. Ipuin kontalaria.
11:30-13:00. Tailerrak: txotxongiloak, panpinak, eskulanak, Afrikako jantzien erakusketa, taloak eta abar.
Tailerrek iraun bitartean, trikitilariek jaia girotuko dute.
13:00-13:30. Txalaparta.
13:30-15:00. Hainbat herrialdetako jakien dastaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!