[BABESTUTAKO EDUKIA] "Bi urteko FPBaren bitartez nire burua trebatu ahal izan nuen lan egiteko"

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 29a, 11:27

Yahya Zouiga marokoarra 17 urte zituela heldu zen Peñascalera, egun 20 urte ditu.

Zergatik erabaki zenuen Elementu Metalikoen Fabrikazioko Oinarrizko Profesionala, Soldadura-Galdaragintza ikastea?


Umea nintzela muntaketa eta soldatzearekin zerikusia duen guztiak arreta deitzen zidan eta zenbait ezagunek komentatu zidaten Peñascaleko FPBa ezin hobea izango zela niretzat. Klase teorikoez gain, bertan duten tailerrean, lan erreal baten fabrikazio prozesuaren funtzionamendua hasieratik ezagutzeko eta ikasteko aukera duzu.


Nolakoa izan zen zure prozesua ikasketen 2 urte horietan?


Klase teorikoak eta praktikoak tartekatu genituen eta estalitako elektrodoak, MIG-MAG eta TIG ikusteko aukera izan genuen. Bukatzerakoan aukera bat baino gehiago izan nituen: erdi mailako gradua egitea, formakuntza jarraitzea edo, nik erabaki nuen bezala, lan munduan sartzea. Izan ere, bigarren ikasturtean enpresa batean praktiketako modulua gauzatzen da. Nik, Mendaur karrozerian egin nituen praktikak, eta zorionez primeran moldatu ginen, nire lana ere gustuko dudalako. Praktikak bukatu nituenean kontratatu nahi izan ninduten baina oztopo bat zegoen: ez nuen hiru urteko errotzea betetzen. Immigrazio legeak denbora tarte hori exijitzen digu, hau da, hiru urteko errolda etengabea izatea enpresariak lan eskaintza bat egin ahal izateko, eta lan eskaintza horrek, gainera, urtebetekoa izan behar du. Hiruon artean (Peñascal, Mendaur eta ni) errotzea osatzeko falta ziren hilabete horiek nolabait betetzeko irtenbide bat bilatzen hasi ginen, Mendaurrek ni kontratatzeko denbora tarte hori itxaroteko prest baitzegon. Beraz, hilabete horiek faltan, Peñascalera bueltatu nintzen eta programa ezberdinetan trebatzen jarraitu nuen errotzea bete arte. Eta azkenean Mendaurrek kontratatu ahal izan ninduen.


Uste duzu zure erabakiarekin asmatu egin zenuela?


Zalantzarik gabe, bai. 2 urteko FPBaren bitartez nire burua trebatu ahal izan nuen lan egiteko. Jada urtebete eta hiru hilabete egin ditut Mendaurren lanean eta kontratu mugagabea egin didate. Formakuntza hau gomendatzen dut, zalantzarik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!