«Piano hutseko saioa izan arren, ez da emanaldi huts bat izango"

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 29a, 12:00

Iñar Sastre irurarrak 20:30ean aurkeztuko du, gaur, Tolosako Topic-en, bere azken lana: 'Illusions: Piano Improvisations'. Musika garaikideko eta jazz estiloko doinuak uztartuz, munduarekiko bere iritziak elkarbanatuko ditu, kontzertu berezi batean.

Musikenen eta Pariseko Kontserbatorio Nazionalean piano ikasketak egitea, gutxi batzuek izaten duten aukera da. Iñar Sastre (Irura, 1986) piano jotzailea zorteduna izan da, alderdi horri dagokionez. Egun Gasteizko Kontserbatorioan aritzen da irakasle eta, tarteka, kolaborazio bat edo beste egiteko denbora hartzen du.

Geratu gabe zabiltza...

Bai. Ez daukat talderik, eta nire kasa aritzen naiz, kolaborazioak eginez. Hemendik gutxira, Joseba Tapiarekin eskainiko ditut kontzertuak, baita Oskarbi taldearekin ere. Laster, Esku harriak, Oteizaren harian proiektuan ere kolaboratuko dut.

Lehendik hiru disko argitaratu dituzu bakarka, eta bat ganberan.

Jolasak izeneko lehen diskoan, euskal doinu tradizionalak hartu nituen abiapuntu, XX. mendeko hainbat estetikarekin uztartuz. Bigarrena aitonaren poemekin egindako Sastreartean izan zen. Dialogues, improvisations of Beethoven izenekoan, berriz, konposatzaile alemaniarraren musika izan nuen ardatz.

Orain, 'Illusions: Piano Improvisations' izenekoa argitaratu duzu. Zergatik izen hori?

Alor klasikoari dagokionez, musika sortzeko modu propioa dudala esango nuke. Niretzako, inprobisatzea zerbait naturala da. Askotan, badakit zer esango dudan, baina ez nola egingo dudan. Badakit zein doinu joko dudan, zein giro sortuko dudan, baina horretarako erabiliko ditudan notak zeintzuk diren, unean bertan erabakitzen dut. Hortik abiatuta etorri zen izena. Nik, hasieran, Illusions soilik jarri nahi nuen, baina disketxeak erabaki zuen aldatzea, diskoko musika, idatzi gabeko zerbait dela ulertarazteko.

Ilusiotik abiatuta, munduarekiko zure sentipenak elkarbanatzen dituzu. Zeintzuk dira zure irudimen propioan dauden bizipenak?

Mota askotako ilusioak izan daitezke. Diskoko lehen eta azken kantuak jazz estilokoak dira. Jazz-a, musika klasikoarekin batera, beti izan dut oso presente, eta beste estilo batzuk, nire ustez, ez dira egokiak piano bakarrarekin jotzeko. Gainera, bi kantu horiek, nire modura jorratzen ditut. Disko honetan ere badira hiru mugimendu, dantza entsegu batean ikusitakoaren gainean botatako inprobisazio libreak. Azkenik, sentimendu pertsonaletatik abiatutako konposizio propioak, eta hainbat dokumentaletarako egindako musika ere sartu dut.

Kantuak konposizio propioak dira. Hori berezia izango da, ezta?

Nik, zerbait naturala bezala hartzen dut, beti egin izan dudalako; agian, ez dut behar bezala baloratzen. Orain euskaraz ari naizen bezala, gauza bera gertatzen zait musikarekin. Aritu izan naizen proiektuetan, sorkuntzari ez zaio toki handirik eskaini izan, eta interpretazioari, berriz, bai.

XX. mendeko zinema esperimentala duzu ardatz, ordubeteko saioan. Hiru film laburren irudiak ere proiektatuko dira.

Mugimenduak nola eszenifikatu erabakitzen denbora asko igaro nuen. Inprobisazioa ilusioen munduari keinu egiten dioten hiru film laburrekin lotzea pentsatu nuen. Horien irudien gainean, ikusten dudanaren arabera joko dut. Oso zaila da hori, baina lehendik egin ditut horrelakoak eta, batzuetan, filmak harrapatu, eta ni hor nagoela ahazten zaiela esaten didate. Azkenean, hori da gure helburua: jotzen ari zara, emozioak manipulatuz, baina gero desagertu egiten zara, eta musika isiltzean ohartzen da ikuslea.

Kontzertu birobila izango da, betiere, ilusioaren bueltan, ezta?

Hori da ardatza. Beti behar da guztia lotzen duen hari bat. Baina, ostiraleko kontzertuan, bestelako bi kantu ere joko ditut, nire ibilbidean oso presente egongo direnak. Hain justu, musika tradizionalari buruz, laster aurkeztuko den proiektuko bi doinu dira.

Ohikoak ez diren errekurtsoak ere erabiltzen dituzu. Pianoa jotzeko modua eraberritzen ari zara?

Ez nuke esango teknika berririk sortzen ari naizenik, baina bai nire ahotsera eramaten ari naizela. Azkenean, hori du inprobisazioaren elementuak batzeak eta nire egiteak. Egiten dudana beti da desberdina, eta aurrez inork egin gabea. Musika tradizionala jotzerakoan, adibidez, sokak, plastilina zatiak eta txanponak erabiliko ditut. Esperimentazio horiekin, pianoa manipulatu, eta nire espaziora eramango dut. Hala ere, zintzotasunetik aritu nahi dut, publikoarekin konexioa bilatu ahal izateko.

Instrumentu bakarreko kontzertua izango da?

Bai. Piano hutseko emanaldia izango da, baina ez da emanaldi huts bat izango. Egia da, ez gaudela planteamendu honetara ohituak, izan ere, askotan, beste instrumentu batez lagunduta egoten da. Horregatik, ez dut ukatzen arriskatua ez denik. Baina, pianoaz aparte, hainbat elementu egongo dira, betiere, ilusioarekin jolasten.

Inprobisazioak leku gehiago izaten du diziplina ugari nahastean?

Hala iruditzen zait niri eta, momentuz, horrela oso eroso sentitzen naiz, beste inon baino lasaiago. Piano ikasketetan, gehienetan, errepertorio klasikoa lantzen da, baina nik argi nuen neure burua ez nuela horretara bideratu nahi. Diziplinen jokamolde horretan jarraitzea gustatuko litzaidake. Bizi garen mundu itxi honetan, asko eskertzen da perspektibak irekitzea.

Diskoa aurkezteko kontzertu gehiago eskaintzeko asmorik bai?

Printzipioz ez, apur bat gogaituta nagoelako, proiektu askotan murgilduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!