Alpino Uzturrekoen emaitza bikainak

Ataria 2019ko mar. 27a, 18:00

Imanol Rojo, asteburu honetan Espainiako txapelketan.

Espainiako Txapelketan 11 domina lortu dituzte Alpino Uzturre elkarteko eskiatzaileek, denboraldiari amaiera emanez.

Asteburu honetan, Aragoiko Candanchun, Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketak egin dira. Ostiralean klasiko estiloko probak izan ziren, larunbatean estilo librean aritu ziren eta igandean erreleboak izan zituzten. Alpino Uzturre Elkartetik 11 ordezkari izan dira, Euskadiko ordezkaritzatik erdiak baino gehiago. «Maila oso altuan lehiatu dira, emaitza bikainak lortuz», azaldu dute elkartetik.

Imanol Rojok bi probetan urrezko dominak lortu ditu eta erreleboan hirugarren postua, maila absolutuan onena dela erakutsiz. Mikel Plazas 20 urtez azpiko kategorian 2 zilarrezko domina lortu ditu eta brontzezkoa errelebotan, Rojo eta Maialen Lopez irundarrarekin hirukoa eginez. 18 urtez azpiko mailan Ainara Lakuntzak eta Irene Amantegik parte hartu dute.

«16 urtez azpiko mailan zazpi neska borrokalari ditugu taldean», esan dute Alpino Uzturretik. Alaia Juaristik denboraldi bukaera ezin hobea izan du, estilo librean edo skatingean urrea lortuz, zilarra klasikoan eta zilarra ere erreleboetan. Olaia Plazasek zilarra skatingean eta brontzea klasikoan lortu ditu. Berenize Lavinek laugarren egin du bi norbanako probetan. Naroa Amantegi, Laia Arakama, Irati Azpilgain eta Uxue Garin izan dira txapelketetan parte hartu zuten beste eskiatzaileak. Espainiako Txapelketa horiekin bukatu da neguko denboraldia.

Mikel Plazas, Espainiako Txapelketan asteburu honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!