Del Pozo eta Regillaga txapeldun, Altsasuko duatloian

Ataria 2019ko martxoaren 27a

Regillaga, Landa, Matxain, Capa, Mujika eta Del Pozo, Altsasun.

Paula Del Pozo alegiarra eta Aitor Regillaga tolosarra izan dira esprint distantzian jokatu den IX. Altsasuko Duatloiaren irabazleak. Hasteko 5 kilometro egin zituzten korrika, 22 kilometro bizikletan eta bukatzeko beste 2,5 kilometro korrika.

Regillagak Amandarri TT taldea ordezkatuz parte hartu zuen, eta gizonezkoen proban Tolosaldea TT taldeko lau kirolarik parte hartu zuten. Asier Mujikak bosgarren amaitu zuen, Aitor Landak 28., Andoni Matxainek 29. eta Asier Capak 42.

Regillagak bizikletan oinarritu zuen bere garaipena, korrikako lehen zatian segundo batzuk atzetik bukatu baitzuen. Azkeneko zatian korrika azkarrago egin zuen tolosarrak eta bigarrenari helmugan 28 segundo atera zizkion.

Saltoki Diquesi Trikideak taldeko Del Pozok, berriz, korrika egin beharreko bi zatiak baliatu zituen txapela janzteko. Lehen zatian lortutako segundoak bigarren egin zuen Uxua Idiazabalek kendu zizkion bizikletan. Azken zatira bateratuta iritsi ziren, baina hor abantaila handia atera zion alegiarrak, azkenean 52 segundoko tartearekin irabazi baitzuen duatloia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!