«Zokoratuta dagoen jendearen bozgorailua izan nahi dugu»

Irati Urdalleta 2019ko mar. 21a, 19:59

'Itzalpe' hedabidea sortu dute Tolosaldean, gazte mugimenduetan ikusi duten behar batetik abiatuta. Langile klasearen defentsa egiten duten eragileei buruzko informazioa zabaldu nahi dute.

Tolosaldean sortu den proiektu komunikatibo berria da itzalpe.eus. Sortzaileek diotenaren arabera, gaur egungo gizarteko maila baxuenaren, hau da, langile klasearen bozgorailu papera betetzen du. Bertako kideak dira Iraia Sanchez eta Egoitz Garmendia.

Nola definituko zenukete Itzalpe proiektu komunikatiboa?

Iraia Sanchez: Gutxi-gorabehera Tolosaldeko eremua hartzen du, eta bere helburua desjabetuen komunikabide izatea da. Gainera, eskualdeko eragile desberdinen bozgorailu izan nahi dugu. Horretarako, hainbat lan-lerro dauzkagu: alde batetik, burgesiak langile klasea nola zapaltzen duen erakustea eta, horrekin lotuta, langileok zein mekanismoren bidez zapaltzen gaituzten azaleratzea. Horiek garatze bidean doaz. Bestalde, bigarren lan-lerroa transbertsala edo zeharkakoa izango da.

Nondik eta nola etorri zen plataforma sortzeko ideia?

Egoitz Garmendia: Gazte mugimenduan ikusten genuen behar bat zegoela, egiten genituen gauzak zabaltzeko. Alde batetik, behar hori ikusten zuten eragileekin kontaktuan jarri ginen eta, beste ald batetik, komunikazioan interesa edo esperientzia duen jendea elkartu ginen. Bildu eta, ikusi genuen, komunikabideak zein oinarriak behar zituen. Pixkana garatutako proiektua da.

Zein dago 'Itzalpe'ren atzean?

I.S. Hainbat lan taldetan biltzen gara. Kudeaketa lan taldean zer argitaratuko den edo lan banaketa zein izango den erabakitzen da. Horrez gain, erredakzio eta multimedia lan taldea daude. Asanblada orokorra ere badaukagu, eta hor hamabost kide inguru gara.

E.G. Tolosaldekoak gara guztiak. Gure helburua izan da, ahalik eta herri gehienetako jendea biltzea. Horrela, ordezkaritzak dauzkagu herri ertainetan. Bertako jendeak ezagutzen du ondoen herriko errealitatea, eta informatzeko egokiena da.

'Itzalpe' izenak berak erakusten du nolakoa den edukia.

E.G. Gure leloak dio desjabetuen bozgorailua dela. Egun, komunikabide erraldoiak daude, interes propio batzuen arabera mugitzen direnak. Gero, komunikabide txikiagoak daude, baina, diruarengatik edo beste arrazoi edo lotura batzuengatik, ezin dituzte langile klasearen interesak guztiz bermatu. Guk zokoratuta dagoen jendearen bozgorailua izan nahi dugu.

TOLOSALDEKO ATARIA bezalako tokiko komunikabide bat non sartuko litzateke?

E.G. TOLOSALDEKO ATARIA edo Euskal Herrian dauden ATARIA bezalako beste hainbat proiektu ez dira konparagarriak, beste hedabide edo egunkari handiagoekin. Hala ere, ikusten genuen, lotura ekonomiko edo diru laguntzengatik, ATARIA bezalako komunikabideek, guk ez bezala ulertzen dutela komunikatzeko modua. Azkenean, gizarte honetan dauden klase desberdinen interesen aldeko informazioa banatzen du ATARIAk. Esaterako, udalen informazioa ematen du, baina guri ere egiten digu elkarrizketa. Itzalpek, berriz, bereziki langile klasearen inguruko informazioa zabaltzeko tresna izan behar du.

Desjabetuei buruz hitz egiterakoan, zeri buruz ari zarete?

I.S. Langile klaseari egiten dio erreferentzia. Hau da, ekoizpen baliabideak ez dauzkan jendeari, beraz, gizartearen gehiengoari. Guk horien interesak zabaldu nahiko genituzke.

Hasieran gazte desjabetuei buruz informatzea pentsatu arren, zabaldu egin duzue.

E.G. Gazte mugimenduetatik datozen eragileekin daukagu lotura gehien, eta horiengana iristen gara gehienbat. Hala ere, langile klasearen defentsa egiten duten eragileak eta, orokorrean, langilea den eta klase baxuenetan bizi den jendearen egoerak azaleratuko ditu. Horretan sakonduko dugu, indarra hartu eta baliabideak areagotu ahala.

Beste eskualdeetan ikusi duzue horrelako proiekturik?

I.S. Aipagarria da Azpeitia aldean dagoen Kontulepo. Nazionalki, berriz, duela gutxi sortu da Gedar langile kazeta.

E.G. Eskualdeko herritar izanda, garrantzitsua iruditzen zaigu bertako informazioa ematea.

Zuen lana egiteko prestakuntza beharrezkoa da.

I.S. Lan talde formatuena multimedia da. Bestela, baten bat ari da kazetaritza ikasten, baina ez daukagu hainbesteko formaziorik. Gure akatsetatik ikasten ari gara.

Zer topa daiteke itzalpe.eus webgunean sartuta?

E.G. Erdigunea itzalpe.eus da. Bertan Tolosaldeko hainbat eragileren (asanbladak, Tolosako gazte mugimendua,...) informazio berria, iritzi artikuluak eta multimedia daude, eta formakuntza atal bat ere egongo da laster. Gainera, sare sozialak ere badauzkagu.

Nolako harrera izan duzue?

I.S. Iritsi garen eragileetan oso ondo hartu dute, eta zabaltzeko edukiak ere bidaltzen dizkigute. Jende zehatz bat lotuta daukagu artikuluak igotzeko, baina, horiez gain, badaude artikuluetan iruzkinak idazten dituztenak edo eztabaidak sortzen dituztenak ere.

Eragile gehiagorengana zabaldu eta informatzen segi nahi duzue.

E.G. Askotan, gazte eta langile mugimenduetan egiten dena ez da zabaltzen, ez gara ezagutzen, eta ez dugu elkarren berri izaten. Horren plaza ere izan nahi dugu. Ez daukagu presarik, proiektua berria baita. Zabaltzen eta lan-ildoak garatzen joan nahi dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!