2019ko martxoaren 8a baloratzeko garaian lehen aipamena elkarri zoriontzea izan da. Aiztondon noiz ikusi dira orduan bezain besteko ehunka pertsona mobilizatzen? 2018an jende ugari bildu ginen arren, aurtengoan zifrek gora egin dute. Gainera, zifrez gain, hau da alor kuantitatiboaz gain, kualitatiboa ere aipatzeko badugu zeren gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugu.
Euskal Herriko Mugimendu Feministatik antolaketa deszentralizatua lehenetsi da eta Euskal Herri mailan egon den saretzea izugarria izan da. Hori, Aiztondo mailan ere ikusgai izan dugu. Auzo, herri eta talde bakoitzak bere errealitatea du eta indarrak bildu zein aliatuz, elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara.
Urrats handia eman dugu baina urrun gaude gure helburutik, hau da, emakumeok* dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Aiztondon zein beste hainbat txokotan dugun familia eredua logika patriarkaletan eraikitzen da, zaintza lana feminizatuz eta pribatizatuz, eta bereziki emakume* arrazializatu zein migranteon esplotazioan oinarrituta.
Horregatik, bizitzak erdigunean jarriko dituen paktu sozial berri bat eskatu dugu ozen. Gure lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izan nahi dugu, lana eta aberastasuna modu justuan birbanatu behar dira, aske izan nahi dugu… eta tinko gaudela azpimarratu da Euskal Herriko Mugimendu Feministatik; ez gaituzuela geldituko ez Aiztondon ezta Euskal Herriko beste inon ere!!!
Amaitzeko, Aiztondoko mugimenduko emakumeok* zoriontzera iritsi garen bezala, mobilizazioetan parte hartu duzuen eta egunerokotasunean gurekin egoteko aukerarik izan ez arren norbere erara ekarpenak egin dituzuen emakume* orori zoriondu nahi zaituztegu.