M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

Martxoaren 8aren balorazio positiboa egin du Tolosaldeko Asanblada Feministak

Irati Urdalleta 2019ko mar. 20a, 15:59

Emakumeen Nazioarteko Eguna "arrakastatsua eta kolosala" izan dela diote eta argi geratu dela feminismoak duen indarra eta gizarteak duen feminismoaren beharra.

Eskualdeko herri guztietako emakumeek planto egin eta martxoaren 8an “mundua geratu” zela dio Tolosaldeko Asanblada Feministak. Goizean goizetik hasi zen jai giroko aldarrikapena. Herriz herri kotxe-katea osatu eta bat eginda hartu zituzten Tolosako kaleak, eta guztira, 3.500 emakume bildu ziren eguerdiko manifestazioan. Iluntzean, nork bere herrian, berriro bete zituzten kaleak eta plazak.

Gizonei “sukaldeko lana” egiteagatik ere eman dizkiete eskerrak. Tolosako Oargin, esaterako, gizonek kudeatutako zaintza gune bat izan zen, eta 22 umetik gora elkartu ziren. Emakumeek lantegian nahiz etxean bete gabe utzi zituzten lanak hainbat gizonek isilpean eta lehen lerrora hurreratu gabe bete zituztela ere azpimarratu dute.

 

Ez da egun bateko kontua

 

Hala ere, guzti honek ezin duela egun batera mugatu diote eta martxoaren 8an egindako aldarrikapen guztiak agenda politikoan sartzeko eskatu dute. Politika feministak exijitzeaz gain, Tolosaldeko Asanblada Feministak lanketa propio bat egingo duela ere adierazi du, beraien jarduna martxoaren 8tik harago egituratu, urte osora estrategikoki zabaldu eta politikoki eragiteko.

Martxoaren 8ak “biharamun gozoa” utzi duela diote, "batuago, indartuago eta irmoago" daudelako ordutik. "Kaleak hartzen, sistemari arrakalak eragiten eta bizitza erdigunera ekartzen" jarraituko dutela iragarri dute eta nahi duen oro Tolosaldeko Asanblada Feministan parte hartzera gonbidatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!