«Esperientzia polit bat baino gehiago da, markatu egiten zaitu»

Iñigo Terradillos 2019ko mar. 20a, 19:59

Udan 10-12 urteko haur sahararrak bi hilabetez etxean hartzeko Oporrak Bakean programan izena emateko aukera zabalik dago; apirila erdialdera arte egin daiteke.

Orain bi familia ditut. Horixe da aurtengo Oporrak Bakean ekimenaren leloa. Bat Saharan eta bestea, Euskal Herrian. Hala sentitzen dute ekimen honetan parte hartzen duten haur sahararrek. Udako bi hilabetetan Algerian kokatutako errefuxiatuen kanpalekuetako baldintza gogorrak utzi, eta Euskal Herrian familia euskaldunetan igarotzeko aukera dute. Herri Sahararra lagundu eta beste kultura batekin bizitzeko aukera ematen duen egitasmoa da, 10-12 urte bitarteko gaztetxoek hartzen dute parte, eta ahalik eta gehienek aukera hori izan dezaten harrera familiak behar dira. Apirila erdialdera arte eman daiteke Oporrak Bakean programan izena, Tolosaldea Sahararekin elkartarekin edota udaletako gizarte zerbitzuekin harremanetan jarrita. Lander Etxeberria billabonatarrak eta Eukene Bravo anoetarrak pasa den urtean hartu zuten lehen aldiz parte harrera familia moduan. «Oso esperientzia baikorra» izan zen, eta horregatik, errepikatu egingo dute aurten.

Nolako esperientzia izan zen?

Eukene Bravo. Ona. Lehendabiziko egunetan, agian, zail xamarra, hizkuntzaren aldetik zailtasunak izan genituelako. Husseinek lehendabiziko urtea zuen errefuxiatuen kanpalekuetatik irteten zena, eta oso hitz gutxi zekizkien gazteleraz, «hambre» edota «sed» bezalakoak soilik. Beraz, hasieran, komunikatzeko zailtasun horiek izaten dituzu, baina, gero oso ondo.

Lander Etxeberria. Sidi Mohamed etorri zen gure etxera pasa den urtean. Guretzat lehen urtea izan zen horrelako esperientzia batean, eta berarentzat ere lehen aldia kanpalekuetatik ateratzen zena. Esperientzia polita baino gehiago izan zen. Markatu egiten zaitu. Ez da soilik ume bat ekartzen duzula, hori baino gehiago da. Harreman bat da herri batekin, kultura ezberdin batekin. Harremana egiten duzu familia oso batekin, ez soilik haurrarekin. Itsasoz beste aldean, beste kontinente batean dagoen familia oso batekin. Eta, bide batez, herri batekin, eta asko markatzen zaitu beraien egoerak eta beraien izateko moduak. Ukitu egiten zaitu.

Eta, aurten errepikatu egingo duzue, ezta?

E. B. Bai. Oso gustura egon ginen berarekin, eta beraren eta beraien izaerak asko irakatsi digu. Esaterako, euren eskuzabaltasunak. Beraiena dena ez da beraiena, denona baizik. Hori da sentitzen dutena, eta horrek etxean asko markatu gintuen.

Nolatan animatu zineten ekimen honetan parte hartzera?

L. E. Gure kasuan oso berehalakoa izan zen. Saharako herriaz zerbait bagenekien etxean. Baita haurrak udan etortzen zirela, baina, uste genuen aterpetxera soilik etortzen zirela eta ez familietara. Pasa den urteko Aste Santuaren ostean interneten begiratzen ari nintzela irakurri nuen Euskal Herriko familiak behar zirela udan haur saharrak hartzeko. Aipatzen zen baita ere, geroz eta gehiago kostatzen zela harrera familiek ekimen honetan parte hartzea. Animatu egin ginen. Elkartasunagatik, laguntzegatik, alegia, eta baita elkartasun politikoagatik ere. Saharar herria eta euren egoera ezagutzen genuelako.

E. B. Udan saharar haurrak ikusten nituen hondartzan edo beste lekuetan, eta amari aspalditik esana nion ea gu zergatik ez ginen animatzen parte hartzera. Lana eta beste arrazoiak tarteko, ezin izan genuen parte hartu pasa den urtera arte. Programa honetan parte hartuz laguntzeko beharra sentitzen nuen.

L. E. Gu hiru gara etxean. Emaztea eta biok eta hamahiru urteko semea. Erabakia hiruren artean hartu genuen, garrantzitsua iruditzen baizitzaigun ikustea Oierrek nola hartzen zuen ideia. Hasieratik animatu zen. Interneten irakurri nuenaren berri eman nien. Izena emateko azken eguna zen, eta afalorduan, ordu eta erdiko tartean erabaki genuen aurrera egitea.

E. B. Guk denbora pixka bat gehiago eman genuen pentsatzen eta erabakitzen. Nik eraman nuen ideia etxera, eta lehendabizi amarekin hitz egin nuen, eta ondoren amak bere bikotekidearekin hitz egin zuen. Azkenean denen arteko erabakia izan behar du, denek hartu behar baikenuen parte. Gogoa bagenuen, zalantza batzuk agian ere bai, baina, azkenean baietz erabaki genuen.

Harrera familiek ze ezaugarri izan behar dituzte Oporrak Bakean programan parte hartzeko?

L. E. Familia eredu edo mota desberdinetakoak izan daitezke. Gurea bezalakoa, banakoak, adinean sartuagoak daudenak, gazteagoak... Azkenean borondate kontu bat da.

Udan bi hilabeteko konpromisoa hartu behar da. Erraza al da?

E. B. Nik uste dut baietz. Denbora eskaini behar zaio, baina, erraztasunak daude. Esaterako, astean bi egunetan Tolosaldeko saharar haur guztiei zuzendutako ekimenak antolatzen dituzte. Gainera, gure haurrarekin, Husseinekin oso ondo moldatu ginen. Anoetan antolatutako ekimenetan ere parte hartu zuen hango haurrekin. Beraz, oso ondo moldatu ginen.

L. E. Sidi oso mutiko bizia da, eta gure semearekin, adibidez, oso ondo moldatu zen. Egoera berrira moldatzeko diren lehen hamar egun horiek kenduta, esan daiteke, nahiko xamurra egin zitzaigula. Bi hilabete igarota, euskaraz egiten ikasi du, eta gaur egun euskaraz komunikatzen gara berarekin. Oso azkar ikasten dute.

Oporrak Bakean ekimenari esker, udako tenperatura altuak ekiditen dituzte, elikaduran dituzten hutsuneak bete eta osasun arazoak bideratu ditzakete.

E. B. Bai. Lehen hamabost egunetan medikuaren eta dentistaren azterketak izaten dituzte. Behar izaten badute tratamenduak jasotzen dituzte. Elikadurari dagokionez ere garrantzitsua da bi hilabeteko egonaldiak ekartzen dien onura.

Haurrari ematen dizkion onurak nabarmenak dira, eta harrera familiari zer ematen dio horrelako ekimen batean parte hartzeak?

L. E. Guretzat familia moduan asebetetze handia ematen du horrelako elkartasun ekimen batean parte hartzeak. Baina, egitasmoaren helburu nagusia eta gurea ere errepikatu behar ez izatea da. Hau da, urtero horrelakorik egin beharrik ez izatea. Horrek esan nahiko bailuke gatazka konpondu eta euren lurretara itzuli direla. Beraiek ere espero zuten azkar konponduko zela, promesa batekin atera baitziren gatazka armatutik: autodeterminazio eskubidea gauzatu ahal izango zutela. Nazioarteak eta Nazio Batuen Erakundeak egin zien promesa hori. 43 urte igaro dira eta oraindik ez da burutu. Ahaztuak daudela esan daiteke. Politika eta mundu hau horrela da. Interesen arabera hainbat gatazka azaleratzen dira eta beste batzuk ezkutuan mantentzen dira. Eta hori, ziurrenik Saharan mundu honetan dagoen giza eskubideen zapalketa handienetakoa ematen ari denean Marokoren aldetik. Ahanzturan dagoen gatazka da, baina, konpondu bitartean hor egongo gara. Euskaldunok badugu, gainera, elkartasunerako joera. Gu oso ukituta utzi gaitu Sidiren egonaldiak eta sahararren egoerak, eta horren ondorioz, errefuxiatuen kanpalekuetan ere izan naiz.

Nola izan zen kanpalekuetako egonaldia?

L. E. Bakarrik joan nintzen abenduan eta aurten familiako hiru kideak joateko asmoa dugu. Dakhla izenekoan dago Sidiren familia eta hara joan nintzen ni. Segituan bertako sentiarazi ninduten, eta oso esperientzia polita izan zen. Oso jende bizia da leku hil batean, basamortu gordinean. Alaitasun handia dute, eta oso gutxirekin bizi dira. Hango bizimodua ikusiz ere asko ikasten duzu.

Nola animatuko zenituzkete herritarrak Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzera?

E. B. Nik esango nuke ez pentsatzeko bi aldiz. Konpromisoa hartu behar duzu, baina, ez da hainbesterainoko lana. Niretzat oso positiboa izan den esperientzia izan da. Asko jasotzen duzu, bizi poza ematen dizute. Guretzat Hussein familiako beste kide bat bezala da orain, eta bere familiarekin ere oso harreman ona egin dugu. Maiz hitz egiten dugu berarekin eta familiarekin. Husseinek berriz etortzeko gogotsu dagoela esaten digu.

L. E. Dedikazio pixka bat suposatzen du. Baina, oso atsegina da, oso ondo pasatzen duzu. Sekulako asebetetzea da. Zure bizitzari zentzu handia ematen dio horrelako ekimen batean parte hartzeak. Oso gustura geratzen zara zure buruarekin, asetuta. Eta ondoren sortzen diren harremanekin are eta aseago. Nik esango nuke, ziur nagoela ez direla damutuko ekimenean parte hartu eta gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!