Ehiztariak berriro ere manifestaziora deitu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 18a, 09:00

Gipuzkoako Ehiztari Federazioak egin du deialdia maiatzaren 5erako. Eskualdeko ehiztariak apirilaren 15eko manifestazioan izan ziren.

Ehizaren inguruan bizi den egoera "jasanezina" dela azaldu dute manifestazioaren deitzaileek. Horregatik, maiatzaren 5ean, "berriro Donostiako kaleak hartzeko erabakia hartu dugu". Hala eta guztiz ere, deialdia martxoaren 30ean berretsi beharko du batzarrak. 

Maiatzaren 5eko manifestazioa martxoaren 1ean hasi zuten grebaren jarraipena izango dela azaldu dute deitzaileek: "Ehiztarien aurrean erakunde foralek adierazten duten utzikeria eta pasibitatea ikusirik, Gipuzkoako Ehiza Federakuntzak bere 110 ehiza elkarte eta ehiza larriko 70 kuadrila baina gehiagoren laguntzarekin, martxoaren 1ean hasi zen greba historikoarekin hasi zen mobilizazio honetan parte hartzera deitzen zaituzte".

Federaziotik azaldu dutenez, estatu mailan, ehiza "atzera-pausu larriak" ari da jasaten."Administrazio publiko desberdinek baserri-munduarekiko eta ehizarekiko erabateko axolagabetasuna adierazi dute, eta astero iristen zaizkigu berri txarrak:
Batetik, animalista erradikalek ehiza postuetan egiten dituzten sabotajeak ditugu. Europa osoko legedirik zorrotzena duen armen araudiaren zirriborroa ere hor daukagu. Hori nahikoa ez, eta animalien babeserako legea dela eta hainbat ehiza modalitate debekatu nahi dituzte: pitxoia, oilagor ehiza, ehiza xehea..."

Hauek arazoen zerrendan batzuk besterik ez direla azaldu dute Gipuzkoako federaziotik. "Guztietan arriskutsuena Auzitegi Gorenaren sententziaren ondoren sorturiko egoera da", argitu dute. "PACMA eta talde ekologista desberdinen mehatxuak betetzen badira, "orden de vedas" guztiei ipiniko dizkiete errekurtsoak auzitegietan. Honen ondorioz, orain artean bezala ehiza egitea ezinezkoa suertatuko litzaiguke, egun Gaztela Leonen gertatzen ari den bezala", gaineratu dute.

Ehiztariak, arrantzaleak, plater jaurtiketan ibiltzen direnak eta beste hainbat kolektibo deitu dituzte manifestaziora: "Gure aldarriekin ehizaren alde egingo den martxa honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Bada garaia lortu nahi dutena egiteko biolentziaren bidea erabiltzen duten ultra ekologista eta animalista erradikal hauek bere tokian jartzeko. Baita 'etiketa berdea' ipintzeko diru laguntzak ematen dizkieten alderdi politikoak ere. Maiatzaren 5ean, denok Donostiara! Gora ehiza!"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!