Lehen arreta indartsu, eraginkor eta iraunkor baten alde borrokan

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mar. 14a, 17:59

Tolosaldeko Osasuneko Lehen Arretakoek greba egingo dute, bihar, eta hileko azken ostiraletan elkarretaratzeak egiten jarraituko dute; Lehen Arreta arriskuan dagoela diote, eta baita herritarren osasuna ere.

Eskualdeko Osasuneko Lehen Arreta (LA) oinarrizko osasun arreta dela diote Arnasberritzen taldekoek. Bitarteko egokiak erabilita, «komunitateko pertsona eta familia guztien eskura dagoena». Azken urte hauetan, ordea, Lehen Arreta eta, berarekin, Osasun Publiko Sistema osoa, «etengabeko hondatzea jasaten» ari direla azaldu dute langileek. Egoera salatzeko, bihar, greba egingo dute, eta mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute. Hileko azken ostiraletako elkarretaratzeekin jarraituko dutela ere azpimarratu dute.

Ospitale bitarteko arretarako inbertsioak gora egin duela esan dute, «baina, bien bitartean, gero eta txikiagoak dira Lehen Arretan egiten direnak». Azpimarra jarri dute: «Kontuan eduki behar da Lehen Arretako taldeak irtenbidea ematen diela osasun arazo gehienei».

«Urte batzuk dira, langileen oporraldiengatik, gaixotasunengatik edo lanaldiaren murrizketengatik sortutako huts egiteak ordezkapenik gabe uzten direla», nabarmendu dute. Eta, galdetutakoan, beti erantzun bera jasotzen dutela salatu dute, hau da: «Ez dago medikurik».

Era berean, gogora ekarri dute, «kontratu duinak eskaintzen ez dizkigutenez», lankideak «atzerrira joatea bultzatzen» dituztela. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2011 eta 2016 urteen artean, mila mediku baino gehiagok eskatu zuten atzerrian lan egiteko gaitasuna aitortuko zien Egokitasun Ziurtagiria.

Hori guztia dela eta, urte sasoi batzuetan, eguneko lanaldian 40-50 paziente artatu behar izatera iritsi dira. «Horrek arrisku larriak dakartza pazientearentzako, izan ere, akats probabilitateak eta balizko kaltearenak gora egiten du nabarmen», aitortu dute: «Eta kalitatezko arreta bermatzea ezinezkoa da», gaineratu dute. Era berean, «lan gainkarga hori egiturazkoa bilakatzeko arriskua ikusten dugu». Gainera, «datozen urteetan erretirodun kopurua asko haziko da EAEn: 2026 urterako 4.000 bat medikuk beteko dituzte 65 urte», kalkulatu dute.

Egingarriak diren agendak eskatzen dituzte, «30 hitzorduetako muga gaindituko ez dutenak». Zuzeneko arreta ez diren lan orduak ere aintzat hartzea nahi dute, funtsezkoak direlako. «Erizain bat, mediku bakoitzeko» eskatzen dute, eta administraziorako ere dagokion langile kopurua nahi dute.

Giza baliabideen plana hobetzea nahi dute eta, besteak beste, behin-behineko langileen kontratuak hobetzea, atzerrira joan beharrik ez izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!