Pilatzen ari den zorra kitatu nahian

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 14a, 19:52

Tolosaldean, Gipuzkoan osasungintzak duen arreta eta kudeaketa bera izateko helburua du TOPAk. Larunbatean hasita, kalera irtengo dira aldarrikapenekin, udal gobernuko kideek entzun diezaieten.

8 urtek askorako eman dezakete, are gehiago osasungintzan. 2011tik aurrera, eskualdean kudeaketa publikoko ospitale baten aldeko aldarrikapenekin dihardu TOPAk. «Gainerako eskualdeekin alderatuz gero, jasotzen ari garen kalitate ezak kezkatzen gaitu», dio Javi Arana TOPAko kideak.

«Datuak ikuskatzen eta aurkezten ari gara, gainerako eskualdeetako egoera aztertzearekin batera. Kudeaketa publikoko zentro batek, pribatizatutako batek baino arreta hobea eskaintzen duela ondorioztatu dugu». Tolosaldea, Gipuzkoa osoan ospitale publikorik ez duen 63.000 biztanle baino gehiagoko eskualde bakarra dela dio. «Zergatik izan behar dugu desberdinak?».

Asuncion klinikaren kudeaketa enpresa pribatu batek darama. Osasun Sailak banatzen duen diru kantitate osoa, ordea, klinikak ez duela bere eginkizunetarako erabiltzen salatzen du Aranak. «Beti diote ez dela GKE bat, eta etekinak atera behar dituela. Hori ulerkorra zaigu, baina argi izan behar dugu jasotzen ez den dirua, pertsonalaren, azpiegituren eta baldintzen kalitatean inbertitzeko galtzen dela. Guzti hau ez da kontu ideologiko bat, ekitate kontu bat baizik». Ulertu ahal izateko, logika edo sen ona behar dela dio, adibide batekin azalduz: «Edonork etxean diru gutxiago jasoz gero, bizi kalitatea okerragoa litzateke».

Eskualdeko osasun sistemari dagokionez, bi galtzaile aurkitzen dituzte TOPAko kideek. «Erabiltzaileak eta langileak. Azkenak, diru gehiago irabazi ahal izateko, ahalik eta gutxien erabiltzen du, ordu gehiago sartuz». Bestalde, bi irabazle topatu dituzte: klinika bideratzen duen enpresa pribatua eta Osakidetza.

GIPUZKOA OSOAN BAKARRAK

1984an sortu zen, EAEko osasungintza publikoaren sistemaz arduratzen den erakundea. Orduan, Donostian zegoen probintzia osoko ospitale publiko bakarra. «Urte hauetan guztietan ondo antolatutako kudeaketa bat egin dute herrialde osoan, eskualde bakoitzean zentro publikoak sortuz, hemen izan ezik». Jakitun da ospitale publiko batek diru asko balio duela. «Gainerako eskualdeetako zentroen gastuak begiratuz, 60 milioi euroko kostua izango lukeela kalkulatzen dugu. Zein da arazoa? Kantitate hori beste eskualdeetan sartu dela, baina hemen ez. Batzuetan, gainera, larrialdi zerbitzua hobetzeko edota aparkalekuetarako ere inbertitu dute».

Azken 35 urte hauetan banatu gabeko diru kopurua pilatuta, Osasun Sailak Tolosaldeari 125 milioi euro zor dizkiola kalkulatu dute. «Asuncion klinika kudeatzen duen enpresak porrot ekonomiko garrantzitsu bat izan zuen urte batean, baina, udalen eta herrien laguntzaz, aurrera atera zen. Baina, orain, honakoa galdetzen dugu: zergatik ez zuten publiko egin, gainerako eskualdeetan bezala? Beti esan izan digute ez dutela horretarako dirurik eduki, zentro berriak ireki dituzten bitartean. Hori ekitate falta eta injustizia da».

Hala ere, jakitun dira herritarrak alde guztietatik informazio eta datu gehiegi jasotzen ari direla. «Aspalditik, Lan Mahai bat osatzeko eskaera egin genuen udalean, ondorioak atera eta Gasteizen aurkezteko. Udal gobernua osatzen duten alderdiengandik, ordea, ezezkoa jaso genuen, bestelako informazio bat dutela, eta hori sinesten dutela esanez». TOPAko kideek beharrezkoa ikusten dute instituzio publikoek babesa ematea, helburua lortzeko.

ETA PUBLIKOA BALITZ, ZER?

Duela aste batzuk, TOPAk batzar orokorra egin zuen Tolosan, gai horren inguruan. «Udaleko ordezkari politikoak gonbidatu genituen, baina EH Bilduko zinegotzi bat soilik etorri zen. Bertaratu zen herritar batek botatakoak harrapatu gintuen, ordea. Hemen dugun osasun zentroa publikoa izan balitz, zenbat kostatuko litzaioke Osakidetzari?, galdetu zuen». Orduan ez zuten daturik eskuartean, baina Lan Mahaiak kalkuluak egin ditu, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako 2017ko aurrekontuen datuekin.

Datuak oso desberdinak direla ikusi dute. «2017an, Tolosaldeak, 554 euro jaso zituen, biztanleko, Osakidetzaren aldetik. Guztira, 35,5 milioi euro jaso zituzten». Datu horiek gainontzeko eskualdeenekin alderatu dituzte: «Gainontzeko eskualdeetan, gutxi gorabehera, 715 euro jaso zituzten biztanleko. Beraz, 161 euroko aldea egon zen eta, batezbestekoa aterata, Tolosaldera, orotara, 10 milioi euro gutxiago iritsi zirela kalkulatu dugu». Hori, baina, azken hitzarmena egin zenetik, hau da, duela 7 urtez geroztik gertatzen dela ondorioztatu dute. «Hori baino lehen, 60 milioi euro ingurukoa zen zorra. Horregatik diogu 125 milioi euro baino gehiago zor dizkigutela. Besteei baino gutxiago ematen digute eta, gainera, enpresa pribatua zati batekin geratzen da».

ITXURA, ALDE GUZTIETATIK

Etenik gabeko eztabaida gai bihurtu da Asuncion klinikan, eta obretan ari dira azken asteetan, zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoz. Gainera, duela gutxi, fundazio berri bat sortu zuten. «Hori, kanpora begirako itxura apaintzeko besterik ez da. 50 urte baino gehiago daramatza, jarduerarako baimenik gabe; berez, ezingo luke funtzionatu. Gainera, lan horiek duela zenbait urte egin behar ziren, eta orain behartuta ari dira. Horretarako dirua, gainera, ez du Osakidetzak bideratu, klinika kudeatzen duen enpresak baizik».

Eskualdeko osasungintza kudeaketa, Tolosako Udaleko osoko bilkuretan pil-pilean egon den gaietako bat izan da. «Olatz Peon alkateak behin eta berriz defendatzen du hemen eskaintzen den arreta kalitate onekoa dela, beste eskualdeetan bezala. Nola ziurtatzen du hori?» Bestetik, kexak adieraztera udaletxera joatea beharrezkoa dela dio. «Peonek jendea oso gustura dagoela dio. Ondorioz, gurekiko duten jakin-nahi eza izugarria da».

Arana urte luzez aritu da mediku bezala lanean, eta 30 urte baino gehiago dira, Asuncion klinikan lan egiten ez duela. Beste zentroekin alderatuta, Asuncioneko langileen baldintzak okerragoak direla nabarmendu du. «Aldarrikatzeko, kalera ateratzea beharrezkoa da. Hori dela eta, larunbat honetan hasita, bi astez behin elkartuko gara Tolosako Trianguloa plazan, ea behingoz, udal gobernuko ordezkariek entzuten diguten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!