[BABESTUTAKO EDUKIA] "Eskola komunitateak ahalduntzen lagundu du Euskal Eskola Publikoaren jaiak"

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 14a, 10:45

Lurdez Imaz, EHIGEko koordinatzailea.

Zein da Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburua?
Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburua aldarrikatzailea da, jai giroan eskola publikoak hezkuntza sistemaren ardatz izan behar duela aldarrikatzeak hain zuzen ere.


Nork antolatzen du?
EHIGE konfederazioak tokiko eskola-komunitateekin elkarlanean antolatzen du Euskal Eskola Publikoaren Jaia, oraingo honetan, Errenteriarekin.


Nolakoa izan da Errenteriaren harrera?
Txalotzekoa. Errenterian lan-talde oso dinamikoa sortu da, jaiaren jarduerak ikasturte osora zabaldu dituena, hainbat ekitaldiren bidez: Oarsoaldeako ikastetxe publikoen topaketa, Euskal Eskola Publikoko kideen tertulia, jai interkulturala eta denda ibiltaria, besteak beste. Udalari ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiot, ateak parez pare ireki dizkigulako, eta horrelako ekitaldi batek duen konplexutasunari aurre egiteko erraztasun guztiak ematen ari delako.


1994an ospatu zenuten aurreneko jaia eta, ondorioz, Errenterian ospatuko dena hogeitazortzigarrena izango da. Zertan aldatu da jaia?
Aurreneko jai hura Gipuzkoan ospatu zen, aurtengoa bezala, Lasarteko hipodromoan, zehazki. Ordutik gaur arte, asko hazi da jaia. Garai hartan ikastetxeen ikuskizunekin osatzen genuen egitaraua. Gaur egun, eskolen jarduerez gain, denetariko profesionalak izaten ditugu gure jaietan. Oro har, esango nuke, 1994tik hona, eskola-komunitateak ahaldundu egin direla, gaur egun eskola publikoaz harro egotera arte.


Zergatik Makina bat taupada leloa?
Errenteriako ezaugarri propioak jaiaren lelora ekartzeko gonbitea egin genion Errenteriako lan taldeari, eta oso lelo egokia proposatu ziguten. Makina hitzak Errenteriak duen historia industriala irudikatzen du (Manchester txikiadeitzen zioten) eta, hitzekin jolastuz, baita Euskal Eskola Publikoan ari garen milaka pertsonak ere. Industriaren ideia engranajeen bidez islatzen dugu, era berean, gure hezkuntza ereduaren zeinu identifikagarriak irudikatuz: elkartasuna, bizikidetza eta inklusioa.


Nola dago eskola publikoaren osasuna?
Esango nuke eskola publikoa ahaldunduta dagoela, gizartean betetzen duen paperaz harro, herritar guztiei kalitatezko hezkuntza berritzailea eta momentuan momentuari lotua eskaintzen dielako. Eta hori elkarlanaren ondorio da, familia, ikasle, irakasle, langile eta gainontzeko eragileen ekarpenen baturarena, hain zuzen ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!