Ama tabernarena, 2019ko Gipuzkoako pintxo barra onena

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 13a, 11:43

Gorka Rico asteasuarrak eta Javi Rivero billabonatarrak atzo jaso zuten saria, 'Talento Gastro 2019' sariketan. Bestetik, Casa Nicolas erretegiko Xabier Ruizek parrillero onenaren saria jaso du.

Basque Culinary Center fundazioak, Gipuzkoako Ostalari Elkartearen laguntzaz, 40 urtez azpiko gastronomiako profesionalen lanak aitortu zituen, iaz, lehen aldiz. Aurtengoan, eskualdeko hiru kidek lortu dituzte sariak, lehiaketaren bigarren edizioan. Gipuzkoa mailan sektore garrantzitsua da gastronomia, eta bertan erreleboa hartzen duen belaunaldi berrien indarra balioan jartzea da sari hauen helburua.

Sariak atzo banatu ziren, Donostiako Maria Cristina hotelean. Kategoria desberdinetako sariak banatu zituzten. Epaimahaia, gastronomiako profesionalek, sarien babesleek, kritikariek eta kazetariek osatu dute. Besteak beste, Elena Arzak, Martin Berasategi eta David de Jorge sukaldariek, eta Basque Culinary Center fundazioko zuzendaritzako kide den Idoia Calleja zeuden tartean.

Sukaldari onenaren saria, sommelier onenarena, jangelako atentzio onenarena, gozogile onenarena, koktel egile onenarena, produktuari emandako tratamendu onenarena, parrillero onenarena eta pintxo barra onenarena. Horiek guztiak izan ziren atzo banatutako sariak.

Azken bietan, eskualdeko ordezkariak zeuden finalisten artean, eta bai parrillero onenaren saria, baita pintxo barra onenarena ere eskuratu zuten. Lehena, Tolosako Casa Nicolas erretegiko Xabier Ruizek lortu zuen. Bigarrena, berriz, Tolosako Ama tabernako Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek.

Pintxo barra onenaren saria lortzeko gainerako finalistak, Donostiako Iturrioz eta Cuchara tabernetako Ander Breton eta Alex Montiel sukaldariak izan ziren. Parrillero onenaren saria lortzeko hautagaien artean, berriz, Irungo Ana Mari erretegiko Unai Paulis eta Aiako Izeta erretegiko Gotzon Iruretagoiena aurkitzen ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!