Tolosa CF-ko atletek bi asteburu borobil izan berri dituzte

Imanol Garcia Landa 2019ko mar. 13a, 16:15

Ander Urangak urrezko domina lortu du Espainiako 20 urte azpiko txapelketan, 200 metrotan.

Espainiako txapelketetan murgilduta egon dira Tolosa CF-ko atletak pasa den bi asteburuetan eta emaitza nabarmenak lortu dituzte. Horietan aipagarriena Ander Uranga anoetarrak lortutako urrezko domina izan da, 20 urte azpiko txapelketan, pista estalian eta 200 metroko proban. 21,93ko marka pertsonala egin zuen finalean eta Tolosa CF-ko marka ezarriz.

Finalean sartzea zuen helburu Urangak, eta ondoren dominen lehian aritzea. Sailkatze proban «nahiko lasai» aritu zela dio Urangak, eta finalerdietan «dena emanda» joan zen, finalean kalerik onena lortzeko asmoz. «Finalerdietan ez nuen espero marka onena egitea, eta oso gustura geratu nintzen 21,94 eginez», esan du Urangak. Txapelketara 22,02ko markarekin joan zen.

Seigarren kaletik lehiatu zen Uranga finalean, guztietatik bigarren kale onena. «Txarrena da ez duzula erreferentziarik, baina ondo joan zen. Nire atzetik bosgarren kalean zihoanak nire marka baina hobea du, baina 150 metrotara iristean ikusi nuen lehenengo nindoala eta nire buruari esan nion eutsi egin behar niola eta azkenean irabaztea lortu nuen», azaldu du Urangak. Bigarren eta hirugarren egin zutenek 21,96ko denborarekin bukatu zuten, beraz, hiru ehunenekotan egon ziren hiru dominak. Aurreko urtean, 18 urte azpiko mailan, 200 metrotan Espainiako txapelduna izan zen pista estalian zein aire librean. Azken txapelketa honekin bukatu du pista estaliko aurtengo denboraldia Urangak, eta laster aire libreko denboraldia prestatzen hasiko da.

20 urte azpiko txapelketan ere, John Cabangek 60 metro hesietan 8,35eko marka egin zuen. Finaleko postu bat irabazia zuen berez, baina espainiar nazionalitatea lortu arte ezingo du finalean parte hartu. Izaro Perurenak 800 metrotan lasterketa motel batean oso indartsu amaitu zuen, baina 2.22ko denborarekin ez zuen finalerako txartela eskuratu. Eneko Omeñakak 23,60 denbora egin zuen 200 metrotan, eta bere lehenengo urtean kanporaketetan gelditu zen. Ainhoa Gibelaldek 60 metro hesietan lasterketa ona egin zuen eta 8,63rekin bere markatik ehuneko bakarrera gelditu zen. Jone Agirrezabalak 60 metro hesietan 9,89ko denbora egin zuen, bere markatik bi hamarrekora.

LAU DOMINA MASTER TXAPELKETAN

Espainiako Master Txapelketan, pista estalian ere, hainbat atletek parte hartu dute eta lau domina lortu dituzte. Armando Rocak urrezkoa lortu zuen M-80 mailan, 60 metrotan, 10,38 markarekin. Andu Martinez de Rituertok bi zilarrezko domina lortu zituen M-50 mailan, 60 hesietan eta gorako jauzian, 9,81 segundoko eta 1,69 metroko markekin, hurrenez hurren. Ignacio Amonarrizek brontzea lortu zuen M-60 mailan, pisu jaurtiketan 10,62 metroko marka eginez.

Sergio Roman M-40 mailan lehiatu zen, eta bosgarren izan zen 3.000 metrotan 9.08rekin eta zazpigarren 1.500 metrotan 4.15rekin. Juan Carlos Etxebeste M-60 mailan lehiatu zen, 60 eta 400 metrotan zazpigarren postuak lortu zituen, 8,86 eta 1.06 markak eginez, eta 200 metrotan zortzigarrena izan zen 29,20 markarekin.

HIRU FINALISTA 18 URTE AZPIKOETAN

Espainiako 18 urte azpiko txapelketan, pista estalian, Tolosa CF-ko hiru atleta finaletan izan ziren. Lizeta Nneguek laugarren postu bikaina lortu zuen pisu jaurtiketan 14,22 metroko jaurtiketarekin, Euskadiko markatik 5 zentimetrora geratuz. Joseba Larraurik ere laugarren postua lortu zuen, 200 metrotan, 22,31rekin. Nora Ituarte seigarren geratu zen 60 metrotan, 7,82rekin marka pertsonala eginez.

Bestalde, Mikel Ezkerro finalerdietara iritsi zen 60 metro hesietan, bere marka pertsonalera gerturatuz 8,59rekin. Markel Acostak ere txapelketa ona egin zuen 60 metro hesietan, 8,80rekin bere markatik hurbil.

KROS TXAPELKETA

Espainiako Kros Txapelketan, 16 urte azpikoetan Ane Martinek debut izugarria egin zuen 19. postua lortuz. Emaitza bikaina, oraindik lehen urteko kadetea dela kontutan izanik. Manex Civicok maila berean bere debutean 76. postua lortu zuen. 18 urte azpiko mailan Paula Del Pozok 22. postu oso ona lortu zuen, egin duen kros denboraldi ederrari amaiera ezin hobea emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!