Afizionatu mailako txirrindulari onenak, igandean, Aiztondon

Imanol Garcia Landa 2019ko mar. 13a, 11:59

XVI. Aiztondo Klasikoa izango da jokoan, eta Villabonan hasi eta Adunan izango du amaiera. Gizonezkoen proba garrantzitsuenetakoa da bere mailan.

Afizionatu mailako gizonezkoen txirrindularitza onena ikusteko aukera izango da beste behin Aiztondo bailaran. Igandean egingo dute XVI. Aiztondo Klasikoa, eta aurtengoan Villabonan izango du hasiera, 10:00etan, eta Adunan bukaera, 13:30ak aldera. «Dagoeneko esan daiteke sendotasun bat hartu dugula proba honekin, eskarmentu pixka bat hartzen ari gara, eta gure asmoa da zaleei txirrindularitza proba polit bat eskaintzea», azaldu du Joxe Ramon Aiertza probako zuzendariak.

Guztira 131 kilometro egingo dituzte txirrindulariek. Villabonatik Ordiziaraino joan eta handik itzultzean, Alkizako gaina igoko dute. Ondoren, Aiztondo bailaran ibilbide bati sei itzuli emango dizkiote. «Helmuga eta irteera urtero aldatzen dira herriz, hitzarmen bat baitugu bailarako sei udalekin», azaldu du Aiertzak. «Bailaran egiten dugun zirkuituaren bidez herri guztietatik igarotzen gara».

Probako lehen puntu erabakigarria Alkizako gaina izan ohi da. Irabazi nahi dutenek hor hasten dira lehen mugimenduak egiten. Gero, bailarako ibilbidean Zizurkilera eta Adunara igo behar dira sei aldiz, eta helmuga azken honetan dagoenez, azken igoera erabakigarria izatea espero da. «Zirkuituak gora eta behera asko ditu, lasterketa gogor samarra da, eta azken urteotan ez dira helmugara tropelean iritsi. Talde txikian edo banaka iritsi ohi izan dira lehenengoak», esan du Aiertzak.

ESPAINIAKO KOPAREN PARTE

Afizionatuen mailan egiten den proba garrantzitsuenetako bat da Aiztondo Klasikoa. Espainiako Koparako baliagarria da, eta horrelako zortzi proba besterik ez daude. Afizionatu mailan, beraz, ez dago maila handiagoko lasterketarik. Eta horrek, noski, txirrindulari afizionatu onenek bertan parte hartzea ekartzen du. «Espainiako Kopako parte izanik, bermatuta izaten dugu talde garrantzitsuenak bertan izango direla, federazioarekin hitzartuta baitago, eta txirrindulariei beraiei ere interesatzen zaie parte hartzea proba hauetan», esan du Aiertzak. «Aiztondo Klasikoan parte hartu izan duten hainbat txirrindularik gero profesionaletan aritu izan dira». Guztira 25 talde inguru ariko dira igandean eta bakoitzetik zazpi txirrindulari lehiatuko dira.

Espainiako Koparen hirugarren proba izango da Aiztondo Klasikoa. Gipuzkoan beste bi izaten dira, Santa Kruz Klasikoa, Legazpin egiten dena, eta Eibarko Balentziaga Memoriala. Horrek erakusten du Gipuzkoan eta Euskal Herrian txirrindularitzarekiko zaletasun handia dagoela eta baita antolakuntzarako ahalmena ere. «Euskaldunoi txirrindularitza ikaragarri gustatzen zaigu, eta gustatzen zaigu maila oneko txirrindularitza ikustea, eta horregatik gure aldetik saiatzen gara lasterketa eta ikuskizun onak antolatzen», nabarmendu du Aiertzak.

Hain justu, Aiztondo Klasikoaren zuzendariak azaldu du sei udalerriren laguntza dutela proba antolatzeko, eta lau elkarte aritzen direla zeregin horretan: Villabonako Irrintzi, Zizurkilgo Urkamendi, Adunako Txulobi eta Asteasuko Aitzondo. Elkarte bakoitzak bere boluntarioak biltzen ditu eta guztira ehun inguru aritzen dira. «Guztien beharra izaten dugu lasterketa ondo antolatzeko», esan du Aiertzak. «Lan handia da, eta aurretik eskerrak eman nahi dizkiogu lanean ariko diren boluntario guztiei. Eta, noski, baita proba ekonomikoki babesten duten guztiei ere».

Jende ugari izaten da proba ikusten eta Aduna izan ohi da jende gehien pilatzen den lekuetako bat. Aurten, gainera, helmuga izanik, zale asko bertara joango dela espero da. Antolakuntzatik azaldu dutenez, «zenbat eta lehenago joan, orduan eta egokiagoa izango da guztiontzat, bai antolatzaileentzat eta baita zaletuentzat ere». Bestalde, aurten, berritasun moduan, streamingean jarraitu ahal izango da proba. Eta horrez gain, Adunan bertan pantaila bat jarrita izango da helmuga ondoan, lasterketa bertatik jarraitu ahal izateko.

Aiztondo Klasikoak Patxi Alkorta Memoriala izena du ere. «Txirrindularitza munduarekin beti lotura izan zuen Patxi Alkortak», azaldu du Aiertzak. «Bere garaian profesional talde baten sorreran izan zen. Lehenengo urteetan gure lasterketa antolatzen laguntza ikaragarria eman zigun, eta bere heriotzaren ondoren, txirrindularitzan egin zuen lana eskertu nahian probari bere oroimenez bere izena jartzea erabaki genuen antolatzaileok».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!